Albisteak
Urzelaitarren pilotakadarekin eman zaio Pelotai Eunei hasiera ofiziala
Jai giroa da nagusi Kontzejupean eta kalean. Txulue Pilota Elkarteak urzelaitarren dinastia omendu nahi izan du gaur, egunari hasiera ofiziala eman dion pilotakada urzelaitarren esku utziz. Gogoan izan dute halaber otsailean zendu zen Carlos Arrizabalaga "Xapatero".
Jendetza batu da Pilotai Eunean. Txalkor taldeko txistulariek lagunduta, erraldoiak eta buruhandiak ere kalera atera dira, Kontzejupean punta-puntako pilota partidak jokatu dituzten bitartean. Ikuskizunak egun osoan zehar jarraituko du.
Pilotaren sehaskan, pilota eta pilotariak dira gaur protagonista.
Anaitasuna Espainiako Hirugarren Mailara igotzen bada, Udalak igande arratsaldean harrera egingo die gorrixei
Anaitasunak bihar, larunbata, Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko aukera izango du Soduperen aurkako partidan. Sodupeko Hurtado Saratxo futbol zelaian jokatuko den norgehiagokan Anaitasunarentzat nahikoa izango da berdintzea mailaz igotzeko. 19:30ean izango da partida. Horrela bada, alegia, Anaitasunak igotzea lortzen badu, igandea arratsaldean, 19:30ean, Udalak harrera egingo die gorrixei udaletxean.
Ana Azkoitia alkateak Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldea zoriondu ostean, futbolariak udaletxeko balkoira aterako dira herritarrak agurtzera eta igoera ospatzera.
Bihar igoera lortuko balu, zazpigarren aldia litzateke.
8. Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia Azoka egin dute bailarako ikastetxeek
Iraurgi Berritzenen eskutik, 8. Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia azoka egin dute gaur bailarako bost ikastetxek. Azkoitiko BHIk eta Floreaga Ikastetxeak hartu dute parte, eta Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeak, Izarraizpek eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik. Bertan izan dira Ana Azkoitia alkatea eta Marijose Arregi Hezkuntza zinegotzia, Azpeitiko udal ordezkariekin batera.
Zortzi proiektu izan dira ikusgai: “Bizi Garbiak”, “Iodozko Erlojua”, “Gure Baratzeko Hazitik Margora”, “Itsas Lerroa Arriskuan!”, “Itzalkin Automatikoa”, “ADP Kristalak”, “Automatizazioa eta Robotika”, eta “Teknologia eta Digitalizazio Proiektuak”.
Udalak erraldoi-pilotarien erreplika txikiak egin ditu eta Pelotai Eunean jarriko ditu salgai
Azkoitiko herriak sei erraldoi ditu, haietatik bik pilotariak irudikatzen dituzte, batak gizonezkoa, besteak emakumezkoa. Bikote pilotariaren erreplika txikiak egin ditu Udalak, eta Pelotai Eunean, larunbat honetan hain zuzen, jarriko ditu salgai.
Herriko plazan jarriko da erraldoi txikien postua eta irudi bakoitza 20 eurotan eskuratu ahalko da, goizeko 11:30etik 13:00era bitartean.
Guztira 500 erreplika jarriko dira saltzen, erdiak gizonezko-pilotariaren irudi txikiak, eta beste erdiak, emakumezkoarenak.
Larunbat goizetik igande gauera ezingo da Donostia aldera Azpeititik joan
Azpeitian Gi-631 errepideko 12,350 k.p.an Urola ibaiaren gaineko zubia osorik birgaitzeko obrak direla eta, ekainaren 13an, larunbatean, 06:00etatik ekainaren 14an, igandean, gaueko 22:00ak arte, errepidea erabat moztuko da.
Larunbatean 06:00etatik 14:00etara Madalena kalea itxita egongo da, baita garraio publikoarentzat ere. Tarte horretan, AP-8tik ibiliko dira UK01 (Azkoitia-Donostia), UK03 (Azkoitia-Zarautz) eta UK06 (Zumaia-Zumarraga) lineetako autobusak.
14:00etatik aurrera, Madalena kalerako sarbidea irekiko da autobusentzat.
Kostaldera joateko GI-2634 errepidea, Azkarateko bidea, erabiltzea gomendatzen da.
Azkoitiko Intsausti jauregian elkartu da gaur Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua
Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak bilkura ibiltaria egin du gaur goizean Azkoitiko Intsausti jauregian, erakundearen egitekoa lurralde osora eta herritarrengana gerturatzeko jardunean urrats berria emanez. “Gipuzkoa sustrai sakonak dituen lurraldea da. Arrazoimenaren, aurrerabidearen eta zientziaren aldeko balioak oso errotuak daude gurean, baita gure hizkuntzaren eta kulturaren aldeko jarrera proaktiboa ere. Insausti jauregiak badu sinbolismo berezi bat eta gaur, egungo mundu ziurgabe honen erdian, Diputatuen Kontseilua hemen egitean balio horiek elkarlanaren bitartez sendotzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu”, adierazi du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak.
