Hain zuzen ere, Kontseilu ibiltarien helburua da Gipuzkoako udalerrien erronkak eta proiektuen gauzatzea hurbiletik ezagutzea, horiekiko lankidetza indartuz eta jarduera instituzionala herritarrengana hurbilduz. Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela, foru diputatuak Insausti jauregian elkartu dira, lurralde osoari eragiten dioten hainbat neurri eta erabaki onartuz. Bilkuraren aurretik, diputatu nagusiak eta herriko alkateak, Ana Azkoitiak, elkarrekin aztertu dituzte herriko nahiz lurraldeko egitasmoak. Herriko hainbat proiektu bertatik bertara ezagutzeko tartea ere hartu dute.
“Erakundeok elkarrekin lan egiten dugunean, gure komunitateari zuzenean mesede egiten dioten eta haren garapena indartzen duten neurriak eta proiektuak bultzatzeko gai gara. Azkoitia oso herri dinamikoa da ekonomia, gizarte eta kultura mailan eta, lankidetzaren bitartez, proiektu komunetan sakontzen jarraituko dugu”, adierazi du Mendozak.
Ana Azkoitia alkateak ere elkarlanean jarri du azpimarra. "Desafekzio politikoa -esan du- hain nabarmena den garai hauetan, garrantzitsua da gure instituzioak hurbiltzea eta balioestea, eta non hobeto, Euskal Herrian Ilustrazioaren sehaska den Intsausti jauregian baino! Duela ia 300 urte, hemen korronte berritzaileak bilatzen zituzten, aurrerapen ekonomiko eta soziala, gaur egun gure erakundeek egiten duten bezala. Erronka horren aurrean, erakundeok indarrak batu eta norabide berean lan egin behar dugu. Lankidetza instituzionala, lankidetza publiko-pribatua eta lankidetza komunitarioa. Gaur egungo erronkei ezin zaie banaka heldu. Horregatik, gaur aukera aprobetxatu nahi izan dugu herrian ditugun proiektu nagusiak diputatu nagusiarekin partekatzeko".
