Ikasturtean zehar, irakasle ezberdinen gidaritzapean, eskualdeko ikasleek zientzia nahiz teknologia arloko erronka ezberdinak landu dituzte. Era berean, hainbat proiekturen garapenean,, ikasleek arlo ezberdinetako ikerlari eta profesionalekin harremana izateko aukera izan dute.
Proiektuaren bidez, ZIMAT – Zientzia, Ingeniaritza, Matematika, Artea eta Teknologia- zaletasunak eta gaitasunak lantzen dituzte ikasleek.
“IB Sarea” deituraz ezagutzen den lankidetza sare honen baitan egituratzen den Hezkuntza Gunean du jatorria ekimenak.
Guneak, gaur egun eta etorkizunean gizarteak dituen erronkei aurre egiteko ingurune egokia sortzea du helburu. Oro har, guneak, ikastetxe ezberdinek amankomunean dituzten beharrak identifikatu eta hauek asetzeko lankidetza proiektuak sustatzea du jomuga lan talde ezberdinen bitartez. Honetarako, lankidetza espazio ezberdinak gidatu eta proiektu eraldatzaileen garapena sustatzen saiatzen da Hezkuntza Gunea.
Lankidetzan lantzen diren lan lerroak, 3 oinarri nagusitan egituratzen dira. Batetik, “IB Sareak” eskaintzen dituen aukerez baliatuz, ikasleei eskualdeko eragile sozioekonomiko ezberdinekin harremanak izan eta eskualdeko errealitatea ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie. Bestetik, ikasleengan zientzia, teknologia nahiz ikerketa gaitasuna eta zaletasunak landu nahi dira. Azkenik, garatzen diren proiektuen bitartez, metodologia berritzaileen aplikazioa sustatu nahi da ikastetxeetan.
