Azkoitiak ondo merezia du “Pilotarien sehaska” deitura, eta erraldoien erreplikekin ere horixe ekarri nahi da gogora, herriko pilotari guztien omenez.
Edonola ere, historiari erreparatuta, erraldoien eta buruhandien presentzia aspaldikoa da gure kaleetan. Juan Bautista Mendizabal zinegotzi eta herriko kronistak bere artikuluetako batean jasota duenez, Aittitte eta Amamaren erraldoiak 1948an Valentziako Miguen Insa etxean erosi zituzten “eta Josefa Antonia Larrañaga andrea arduratu zen jantziak egiteaz. Erraldoi horiek jai asko girotu zituzten, hirurogeiko hamarkadaren amaieran "aittitte" izenez ezaguna zen erraldoiak Parrokiaren aurrean erorikoa izan zuen arte, zeharo puskatuta geratuz. Hurrengo urtean, erraldoi berriak ekarri zituzten, oraingoan Zaragozako Arafi lantegian eginak eta On Kixote Mantxakoa eta Dultzinea Tobosokoa irudikatzen zituztenak”. Hezetasunagatik azkar hondatu ziren eta orduan, “1977an, Epifanio Zubizarretak, Ospakizun Batzordeko Buru zenak, “indiarrak” erosi zituen Zaragozako lantegi berberan, konpartsari ukitu exotikoa emanez”.
Multzoa osatu nahian, 2002an, “Udalak beste bi erraldoi enkargatu zituen jatorrizkoen oroimenez, “aittitte”aren eta “amama”ren irudiak sinbolizatzen zituztenak. Bi urte geroago, 2004. urtean, pilotari bikotea batu zitzaien, Azkoitia “pilotari sorlekua” dela aditzera emateko asmoz; eta "neska indiarraren eta mutil indiarraren" jantzi berriak ere diseinatu zituzten”, dio Mendizabalek.
Iaz, Iñigo Borda artistak emakume pilotaria sortu zuen, konpartsan emakume-pilotariak ere presentzia izan zezan.

