Aplikazioak modu errazean toka eta noka praktikatzeko aukera ematen die euskaldun guztiei, baita hutsetik hasita ere. Tresna erabilterraza da, eta jolastuz ikasteko diseinatua dago.
1.000 galdera inguru sortu dira eta bakoitzak hiru erantzun posible ditu. Badihardugu Euskara Elkarteak landu ditu edukiak, Xabier Eizagirrek aurrez eginiko lanketa oinarri hartuta. Eizagirrek egindako lanari esker, Udalak “Azkoittiko Hike Poltsikun” liburuxka argitaratu zuen, eta esku-liburuan jasotako edukiak erabili dira aplikazioa elikatzeko.
Aplikazioaren helburua da erabiltzailea 35 eguneko epean, hau da, bost astean, hika egiten hasteko prest egotea. “Horretarako, egunero pilula batean informazio jakin bat ematen da, hikaren inguruko azalpenak: kasu batzuetan azalpen teorikoak, beste batzuetan aditz-taulak… egun bakoitzean tokatzen dena. Eta azalpen horiek bestelako edukiz laguntzen dira: marrazkiak, bideoak, audioak edo bestelakoak, adibideekin”. Horri lotuta, galdera sorta bat dator eta erabiltzaileek galdera guztiei zuzen erantzunez gero, beste pilula bat aktibatuko da. Oker erantzunez gero, galderak berriz erantzuteko aukera emango du aplikazioak. Astearen amaieran errepaso bat egongo da, eta astean zehar landutako galderak erantzun beharko dira mailaz igotzeko. Bost maila dira gainditu beharrekoak, astean bat. Noski, lasaiago egin nahi duenak ere badu aukera.
APPA HI! aplikazioa doakoa da, eta Android zein iPhone gailuetarako egokituta dago.
Hitanoaren egoera Azkoitian
Badihardugu Euskara Elkarteak Hikagin egitasmoaren baitan, Euskal Herri mailako inkesta egin du hitanoa bizirik dagoen herrietan egoera zein den aztertzeko, tartean, Azkoitian. Elkarteko Itziar Sapsootham arduratu da azterketa egiteaz.
305 lagunek erantzun dute inkesta Azkoitian, beste inon baino gehiagok, eta galdetegia bete dutenen %90ak erabiltzen du hitanoa.
Euskal Herriko udalerri euskaldunetan inkesta bete dutenen %64k uste du hitanoaren eogera ona edo erdipurdikoa dela. Datu orokorrak kontuan hartuta, ordea, pertzepzio hori dutenak %44 bakarrik dira. “Azkoitian -dio Agirrebeñak- egoera nahiko ezberdina da, %95en ustetan hitanoa egoera onean (%40) edo erdipurdikoan (%55) dagoelako, eta ez dagoelako desagertzeko zorian edo desagertuta dagoen sentipenik”. Hitanoaren egoera ondoen ikusten dutenak 20 urtetik beherakoak dira.
Nokaren kasuan ere, egoera onean edo erdipurdikoan dagoela uste dutenak %54 dira, udalerri euskaldunetakoen bikoitza (%27). Gainera, %1ek bakarrik uste du noka galduta dagoela eta udalerri euskaldunetan, berriz, %9k.
Dokumentu osoa ikusi HEMEN.
IV. Hika bertso saioa eta III. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa
Datorren ostegunean, ekainaren 27an, 19:00etan Elkargunean, IV. Hika bertso saioa eta III. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketa egingo dira.
Bertso saioan parte hartuko dute Andoni Egañak, Jesus Mari Irazuk, Nerea Elustondok eta Oihana Iguaranek. Imanol Artola “Felix” izango da gai-jartzailea. Eizagirrek azaldu duen moduan, bertsolariek erakutsi dute gaia emanda, oso oso ondo moldatzen direla hika, ohikoa izan ez arren oholtza gainean hika eta noka entzutea.
III. HIke eizan” bertsopaper lehiaketan 21 lan aurkeztu dira guztira. 11 haurren mailan, 4 gazteenean, eta 7 helduen kategorian.

