Gaurko ekitaldian ongietorria eman diete, eta opariak banatu dizkiete herri bietako alkateek. Ana Azkoitiak bere hitz-hartzean Aste Santuan Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan egindako egonaldia ekarri du gogora. “Sahararren eskuzabaltasunarekin txundituta geratu ginen, eta Saharar herriak gugan utzitako marka puska batean behintzat geurekin eramango dugu”, esan du.
Hala ere, “ezin dugu ahaztu herri zapaldua, isildua, umilatua dela”, salatu du. “Ikusten eta entzuten ez dena desagertu egiten da gure pentsamendu eta bihotzetatik. Gaurkoak balio dezala Sahararren ahotsa gurekin eramateko. Balio dezala Sahararren mezua zabaltzeko”.
Darahli elkartearen izenean, Irati Lizarraldek hartu du hitza saharar herriaren askatasuna aldarrikatzeko. "Haurrek ez lukete erbestean jaio behar. Haurrek ez lukete errefuxiatuen kanpamenduetan jaio behar". "Iritsi da Oporrak Bakean. Baina badakigu ez dela benetako bakea. Bakea, beren herrira itzultzeko eskubidea baita. Bakea, okupazioarekin amaitzea baita. Bakea, bananduta dauden familiak, beren herri askean, elkartzea baita". Uda honetan ere, "esperantzari leihoak irekitzen jarraituko dugu", gaineratu du.
