Zerbitzuak

Euskal Herri osoan 2003tik martxan dagoen Ahotsak egitasmoko partaide da Azkoitia. Deba bailarako Badihardugu Euskara Elkartea da egitarauaren sustatzailea eta helburua da adineko euskaldunak elkarrizketatzea bideoz, herri hizkerak, ohiturak, lehengo bizimodua eta ahozko ondarea jaso eta interneten jartzeko.

Udalak aipatutako elkartearekin lan hori egiteko kontratua sinatu zuen 2008ko maiatzaren 7an. Ordu arte Azkoitiari buruz jasota zegoen bakarra zen Koldo Zuazoren ikasleek Euskal Filologian egindako grabazio dialektologikoak eta Azkoitiko euskerie liburua.

Hizkerari dagokionez, Azkoitiak mugako euskalkia du. Elosua eta Madariaga auzoetan, adibidez, bizkaierarekin batera bizi da. Horren ondorioz, hiztun asko eta onak ditu adinean aurrera doazenak. Altxor horiek gordetzeko grabazioak egiteari ekin zitzaion.

Horretarako, lehendik eginda zeuden grabazioak jaso, digitalizatu eta datu-basean txertatu ziren. Ondoren sexu, auzo, pentsaera, lanbide ... ezberdinetako lagunei elkarrizketak egin zitzaien bideoz. Jarraian zinta horiek minutuz minutu gaika laburtu ziren. Gero horietatik pasarterik interesgarrienak transkribatu ziren. Eta azkenik, bideo-pasarte horiek www.ahotsak.com/azkoitia helbidean zintzilikatu ziren.

Azkoitiko ahotsak zenbakitan:

  • Hizlariak: 53.
  • Zintak: 58.
  • Pasarteak: 913.
  • Transkribatutakoak: 206.
  • Audioak: 32.
  • Bideoak: 811.

Oharra: Norbaitek grabaziorik izango balu, edozein delarik euskarria (kasetea, bideoa,  sakelakoa ... ) eskertuko genuke kopiatzen uztea atalera igotzeko eta denon artean jarraitzeko  proiektua handitzen eta aberasten.


Mendiak, errekak, baserriak, iturriak, auzoak, plazak, herriak … identifikatzeko betidanik leku izenak erabili dira. Leku izenak lurrari lotuta daude. Normalean, leku bati izen bat dagokio. Leku izenak aztertzen dituen zientzia toponimia da. Horregatik, leku izen bakoitzari toponimoa deitzen zaio. 

Gure arbasoek toponimoak logika jarraituz asmatu zituzten. Lehenik tokiaren ezaugarriak biltzen zuen hitza edo hitz multzoa aukeratzen zuten, adibidez, aldapa, etxe beltza, gorostia, lixiba, gerra ... Ondoren leku hori definitzeko hitza zerabilten, esaterako, erreka, txabola, zabaldua, lekua, bidea ... Leku izen berria sortuta zegoen: aldapako erreka, etxebeltzeko txabola, gorostizabal, lixibalekua, gerrabidea … Baina, izen hori toponimoa izateko derrigorrezkoa da toki bera izendatzeko beste formetatik nagusitzea eta asmatzaileak ez ezik, besteek ere ezagutzea eta erabiltzea. Sarritan egoera aldatzen zenean, izenak irauten zuen eta Gorostizabalen gorostiak aspaldian desagertu arren, ez zen izena aldatzen ordurako toponimoa bihurtuta zegoelako.

Beraz, toponimoak jendeak eguneroko eginkizunetan lekuak izendatzeko beharretik sortutako izenak dira eta lehengo paisaia eta bizimoduaren berri ematen dute. Hortaz, garai bateko lekukoak dira.

Baina, toponimoak ez dira betirako. Erabilera duten bitartean osasuntsu daude. Tamalez, eguneko jardunetik baztertzen ditugunean, galdu egiten dira eta horrekin batera altxor handia desagertu egiten da. Leku izenak lur pusketa bati dagokion izena ez ezik, bertan bizi izan diren edo beraiekin harremanetan izan diren kultura, tradizio eta erlijio desberdinen emaitza ere badirelako.

Oraintsu arte mundu guztian horrelaxe funtzionatu dute leku izenak. Baina, industrializazioak eta gizarte modernoak pasaiak eta inguru fisikoak aldatu ditu. Horrek leku izenengan eragina izan du eta askotan desagertu ala oraintsu sortutako izen berriek ordezkatu dituzte ehundaka urte zituztenak.

Gurean toponimoen galera beste herri batzuetan bezain bestekoa ez da izan, Azkoitia euskaraz bizi den herria delako eta baserri ugari dagoelako jendea bizi dena oraindik. Baina, azken berrogei urtetik honako aldaketak handiak izan dira eta egun ez darabilguna betirako galtzeko arrisku bizian egonik, udalak 2016an herriko toponimia jasotzeari ekin zion. Euskararen Legearen arabera udalak dagokion eginbeharra bete du: Euskaltzaindia entzun eta gero, bere aginte eremuko leku izenak finkatu. Hortaz, Euskararen Akademiak leku izenak euskal grafiaz nola idatzi behar diren esan du, horixe baita bere egitekoa, eta plenoak onartu du. Bestalde, udalaren egitekoa bada bertako toponimia jasotzea, ezagutaraztea, zuzen erabiltzea, galdutakoa ahal dela berreskuratzea eta  ondorengoei eskaintzea ere bai.

Hortaz, Azkoitiko leku izenen idazkera zehaztu da. Ahoskera, berriz, ez. Udala eta Euskaltzaindiaren eginkizuna ez delako eta bertako euskalkiak, fonetikak eta hitzak edozein hizkuntzatan laburtzeko dugun joerak eragiten duelako. Horregatik, izenak betiko moduan esango dira, baina, idazterakoan euskara jasoan idatziko dira, azkoitiarrok ez ezik, beste euskal herritarrek ere jakiteko zeri buruz ari garen. Horixe da mundu osoan jarraitzen den legea: Ele esan arren, Los Angeles idaztea. Era berean, Zebiya diote ahoz Andaluziako hiri ospetsuko herritarrek. Baina, denek dakite Sevilla idatzi behar dela. Beraz, lehen adierazi den bezala izenek historia luzea dute ezin dena bat batean puskatu, zer pentsatuko lukete Agirre ala Madariaga deitura dutenek euren sorlekua diren etxeei Agarre ala Madarixa jarri zaiela ikusita?

Azkoitiko toponimia 2010eko uztailaren 29ko plenoan ohartu zen aho batez. Udalbatzak Euskaltzaindiak egindako proposamena bere horretan eta osotasunean onetsi zuen.

Plenoko erabaki horren ondorioz, zenbait leku izen zuzendu ziren. Horien artean erabilera handia duten kaleak, auzoak, industrialdeak eta baserriak. Atxikirik izendegi horiek alfabetikoki zerrendatuta. Zuzendutako izenak morez daude eta orain arte erabilitako forma akasduna identifikatzeko katxotxa artean jasota.

*Oharra: Euskaltzaindiak dio etxe izenak lotuta idatzi behar direla eta tartean marra jartzea gerra aurreko ohitura dela egun zaharkituta dagoena. Desagertu ala eroritako baserriak zerrendatik kanpo utzi dira. Horiei buruzko informazio eskuratzeko udal artxibategian 3799 espedientea kontsultatu.

Grekoek oikos hitza zerabilten etxea eta bertako ondasunak eta pertsonen multzoa izendatzeko. Hortaz, oikonimoak etxe izenak dira. Azkoitian herri askotan ez bezala gaurdaino iraun dute oikonimoak.

Azkoitia izenaren sorrera /Azkoitia versus Azpeitia

Imanol Goikoetxea, Toponimia lana zuzendu zuen ikerlaria, eta Juan Bautista Mendizabal, kronista ofiziala, Azkoitia izenaren sorrerari buruz bat datoz.

Iturri dokumentalen arabera egungo San Jose egoitzan dagoen lekuan San Juan de Ays elementu geografiakoa zegoen. Hau da, haitza zegoen. Haitz horretatik gora zegoenari goitia gehitu zioten eta behetik zegoenari, berriz, kontrako bereizgarria: beitia. Haitz hori eta Urola ibaia dira Azpeitiarekin ordutik gaurdaino dirauten muga naturalak.

Jarraian 1464.12.11ko Testamentum Zanciae Ibañez de Loyola Sancti Ignatii proaviae dokumentuan jasotako aipua: “Item mando a la yglesia de San Juan de Ays, de la jurediçion de Ayscoytia un florin corriente”.

2019ko abenduko Azkoitiko leku izenak eskuorria

2011ko otsaileko Azkoitiko leku izenak onartuta eskuorria

Euskara ikasten hasterako argi izan beharrekoa:

  1. Helburua zehaztu: ulertzea, hitz egitea, idaztea, perfila ateratzea,…
  1. Helduen euskalduntze-alfabetatzean lanean dabilen profesionalari zeure helburua esan da, honakoa informazioa eskatu:
  •  Helburua lortzeko beharko duzun DENBORA.
  • KOSTUA.
  • Zuretzako duen ESKAINTZA.

Udalak ez ditu euskarazko eskolak antolatzen, ezta kudeatzen ere. Diru-laguntzak, bekak, ematen ditu herritarrek euskara ikasteko edota duten maila hobetzeko, honako baldintzak betetzearen truke:

  • Azkoitian erroldatuta egotea, gutxienez, ikastaroak irauten duen bitartean.
  • 16 urte beteta izatea.
  • Gutxienez %85eko asistentzia izatea ohiko, autoikaskuntza, internet bidezko ikastaroetan, ikastaro trinkoetan eta barnetegian.
  • Ikastaroa gainditzea.
  • Ikastaroa utzi ala gainditu ezean, beka 2 ordainketetan jasotzea eskatu bada eta  1. ordainketa eginda badago, herritarrak itzuli beharko dio udalari 1. ordainketaren bidez jasotako dirua.

Beken zenbatekoa:

  •  Euskaltegian neguan eta udan ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikularen %75a. Nolanahi ere diru-laguntza ez da 350,00 eurotik gorakoa izango.
  • Ikastaro trinko, autoikaskuntza eta internet bidez ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikularen %70a, betiere 350,00 euroko mugarekin.
  • Barnetegian ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, matrikula, jatordu eta egoitza gastuen %70a, betiere 1.050,00 euroko mugarekin.
  • Urtero eskatzaileko gehienezko laguntza 1.400,00 eurokoa izango da.

Bekak eskatzeko epeak: Euskara zerbitzura deitu ala idatzi. 943 85 71 75 - Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Azkoitiko eskaintza:

  • Hizkuntza Eskola ofiziala (gela desplazatuak). Gaztanenea. C1. Tel.: 943 541 650.
  • AEK. Kultur etxea. 4. solairua. Tel.: 943 151 089. Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
  • Helduen Hezkuntza Iraunkorra. Bizenta Mogel, 4. Tel.: 943 850 399.

Barnetegiak:

Helburua da merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzea. Hizkuntza paisaian euskara lehenestea ere bai. Horretarako, diru-laguntzak eta baliabideak eskainiz.

Ziurtagiriaren Elkartearekin elkarlanean Bai Euskarari Ziurtagiria (aurrerantzean, ziurtagiria) da 2006tik 2015era erabilitako baliabideetariko bat. Helburua  zen ziurtagiri horren goreneko maila lortzea: Zerbitzua eta lana euskaraz. Nahia ez zen establezimenduek ziurtagiria atxikimenduz hartzea, normalizazio prozesuan urratsak ematea baino. Horregatik, udalak ziurtagiri horren jarraipena eta sustapena ez ezik, 2010etik arlokako lanketak eginez, normalizazio zerbitzuak eremu ezberdinetara hedatzeko gidaliburuak banatu ditu. Gidaliburuarekin batera beharren arabera moldatzeko ereduak PDF eta WORD formatuetan jasotzen dituen CD-ak ere bai.  Jarraian kaleratuko gidaliburuak:

- Ostalarientzat hiztegia

- Harategiak

- Arraindegiak

- Okindegiak

- Frutategiak

- Edergintza (ile-apaindegi eta estetika zentroak)

- Janari dendak

- Taberna eta jatetxeak

- Etxetresnak eta sukaldeak

- Optikak

- Hortz klinikak

- Masajistak

- Umeen arropa eta produktuen dendak

- Kirol dendak

- Bitxi-dendak

- Etxeko dekorazio dendak

Ziurtagiriaren sustapena 2012ko neguan amaitutzat eman zen. Azkoitia herri txikia izanik, bizpahiru urtetik behin establezimenduei egitasmo bera eskaintzeak zentzurik ez zuelako. Hortaz, 2013tik aurrera ziurtagiria zuten herriko eragileei jarraipena eta promozioa eskaini zitzaien. Hori dela eta, Kontzejupetik udal aldizkarian 46. zenbakitik 58.era herriko ziurtagiridunen izenekin iragarkia txertatu zen horiek ezagutzera emateko. Helburu bera zuten lehen aldiz 2007an sustapena laguntzeko asmoz ziurtagiridun establezimenduetan gastatzeko udaberrian eta udazkenean egindako 600,00 euroko bi zozketak ere bai. Zozketa horiek 2009ko udazkenean eta 2013an, 2014an eta 2015ean ere egin ziren.

Establezimenduei ziurtagiria eskaintzeko bisitetan udala konturatu zen horiek euskara zerbitzuak eskaintzen zien laguntza ekonomikoak eta teknikoak ez zituztela ezagutzen. Horregatik, 2014an horien berri emateko eskuorria banatzen hasi zen establezimendu guztietan. 

2015eko udazkenean, berriz, udalak abiarazi zuen parte hartze proiektua baloratzeko ziurtagiria eta eskaintzen zien zerbitzuak. 2016ko martxoaren 17an merkatariekin egindako bileratik honako ondorioak atera zituen:

  • Bai Euskarari ziurtagiria ez zen beharrezkoa bezero eta merkatari euskaldunen artean euskaraz jarduteko, ezta euskararen erabilera handitzeko ere, merkataritza eta ostalaritza Azkoitian euskaraz funtzionatzen duelako.
  • Azken bi urteotan establezimenduz establezimendu banatutako eskuorriei esker, merkatariek ezagutzen zituzten euskara zerbitzuak eskaintzen zizkien diru-laguntzak eta zerbitzuak.
  • Merkatarientzat publizitatea euskaraz egiteak gain-kostua zekarren, hornitzaileek kartelak, liburuxkak,... gazteleraz zituztelako eta euskaraz nahi zituenak, kostua bere gain hartu behar zuelako.
  • Merkatariek laguntza behar zuten publizitatea euskaraz egiteko, leloak gazteleraz eta ez euskaraz sortzeko erraztasuna zutelako.
  • Merkatarien ustez, Facebook-en eta Twitter-ren egon beharra zegoen, produktuak eta zerbitzuak ezagutzera emateko, baina, formazioa behar zuten.

Aurrekoa kontuan hartuta, honako erabakiak hartu zituen euskara zerbitzuak:

  • Euskaraz publizitatea egiteagatik, diru-laguntza lerro berria txertatzea Azkoitiko Udalerrian Euskara Sustatzeko Jarduerei diru-laguntzak emateko oinarrietan.
  • Aurrerantzean ere establezimendu guztietan banatzea zerbitzuen eta diru-laguntzen esku-orria.

Arlo sozioekonomikoan eragitea ezinbestekoa da beste esparruetan eta batez ere, hezkuntzan egindako ahalegina eta inbertsioa alperrik ez izateko. Horregatik, 2009tik abian da Azkoitian lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko proiektua.

2009an lan eremua eta udal laguntzak zehaztu ziren: 10 langiletik gorako enpresek jasoko lukete euskara plana egiteko proposamena eta udalak gehienez urteko 2.000,00 euroko laguntza eskainiko lieke enpresa horiei.

Baldintza horiekin ekin zen 2010ean bisitak egiteari. Baina, krisia bere garai gordinean zegoenez, kostata 4 enpresa baino ez ziren bisitatu eta gastuak murrizteari eta soldatak ordaintzeari lehentasuna emanik, ez zen lortu euskara planik abiatzerik.

2011n, berriz, egoera bestelakoa izan zen. Datu basea eguneratu, lehen 10 gutunak banatu eta 8 bisita lotzea bata bestearen atzetik joan zen. Are gehiago, enpresa horietako batek, Serbitzu Elkartea, S.L., hain zuzen, eurekin lau aldiz bildu eta gero, 2012ko martxoaren 5ean erabaki zuen euskara planaren diagnostikoa eta diseinua egitea. Enpresa horri agindutako diru-laguntza emateko 2012ko apirilaren 27an sinatu zen pleno aretoan laguntza hori arautuko zuen hitzarmena. Enpresa horrek diagnostikoa egin eta gero, pentsatu zuen euskara plana egitea. Hortaz, Serbitzu Elkartea, S.L. enpresan egun martxan dagoen plana 2013an hasi zen garatzen.

Bestalde, 2012ko abenduaren 12an Azkoitiko udalaren eta Biharko Gipuzkoa, S.L. enpresaren arteko hitzarmena sinatu zen aipatutako enpresan euskara planaren diagnostikoa eta diseinua egiteko. Enpresa horrek ere diagnostikoa egin eta gero, erabaki zuen egun indarrean duen euskara planari ekitea. 

Aipatutako enpresa biak hiru urteetarako euskara planak garatzea pentsatu zuten. Une horretan udala konturatu zen lan munduan euskara sustatzeak bertan egotea eskatzen zuela eta Azkoitiko enpresetan euskara planak sustatzeko diru-laguntzak onartu zituen (GAO, 114 zk., 2013ko ekainaren 17a). 

Ondorengo urteetan 2009ko zerrendako enpresa gehienak bisitatu arren, ez zen lortu  planik martxan jartzerik. Gainera, udala konturatu zen egindako eskaintza lantegi askorentzat bideraezina zela, gehienetan ahoz euskara nagusia izanik, euskara plana egiteko beharrik ez zutelako sumatzen eta enpresak txikiak ala ertainak izanik,   gehienek ez zutela baliabiderik planak zekarren gastuari aurre egiteko. Horregatik, 2017an pentsatu zen euskara zerbitzuak eskaintzen dituen diru-laguntzen eta zerbitzuen berri ematea lantegiei merkatariei egiten zitzaien moduan. Ordutik lantegiz lantegi Zure enpresan euskararen erabilera handitzeko laguntza ekonomikoak eta teknikoak eskuorria banatzen da.

Eskuorriaren helburua da enpresek jakitea udalean euskara zerbitzua dagoela euskararen inguruan izan ditzaketen beharretan laguntzeko eta bide batez, enpresariak animatzea euskara idatziari lekua ematera lantegian.

Udala urteotako emaitzekin gustura dago urtetik urtera gero eta enpresa gehiago jartzen delako euskara zerbitzuarekin harremanetan laneko testuak euskaratzeko eta  irudi korporatiboko elementuak, kanpoko  errotulua  eta webguneak  euskaraz jartzeko diru-laguntzen berri eskatzeko.

EAEtik kanpo datozen Lehen Hezkuntzako (aurrerantzean, LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (aurrerantzean, DBH) ikasleek D eredu bakarra den herrian euskara lehenbailehen ikasteko eskola orduz kanpo euskarazko errefortzu eskolak jasotzen dituzte, betiere euren jatorrizko kultura baloratuz eta errespetatuz. Zerbitzua ikastetxeek eskatuta 2005-2006 ikasturteko apirilean proba piloto modura abiarazi zen Zarauzko Berritzeguneko gomendioak entzun eta gero. Proiektua Hezkuntzak ikasle etorri berrientzako eskaintzen dituen baliabideen osagarria da eta joatea  borondatezkoa.

Mintzamena eta ulermena dira bereziki lantzen diren trebetasunak. Horretarako jolasaren bidez oinarrizko hiztegia lantzen da errutinak eta errepikapenak eginez, ikasle horiek bi urtetan azkoitiar hiztunak egiteko. Horrela komunikatzeko gaitasuna lortu eta eskolan ez ezik, Azkoitian ere errazago moldatuko eta gizarteratuko batira.

Zerbitzua urritik maiatza arte eskaintzen da eskola egutegiaren arabera. Ikasleek duten euskara gaitasuna kontuan hartuta egiten dira taldeak. Asistentzia egunero jasotzen da eta asistentzia edota jarrera arazoak daudenean, familiari horren berri ematen zaio neurriak har ditzan. Jarraipen batzordea ikastetxeek, udalak eta Azkoitiko AEK euskaltegiak osatzen dute. Zerbitzu jasotzaileak ikastetxeek zehazten dituzte eta parte hartzaile bakoitzak bi urte egiten ditu egitasmoan.

2017-2018 ikasturtean lehen aldiz kurtso hasieran egitasmoaren funtzionamendua azaltzeko eta bukaeran balorazioa egiteko eta ekarpenak jasotzeko guraso bilerak egin ziren. Bilera horien helburua da denon artean proiektua hobetzen jarraitzea. Ikasturte horretan ere lehen aldiz haurren eta gaztetxoen motibazioan eragiteko asmoz, Euskaraz bizitzeko BIDEAN zoaz eta Euskaraz bizitzeko GAI zara diplomak banatu ziren. Diploma bidez ikasleei aitortzen zaie komunikatzeko gai direla, baina, guraso bileran familiei argi azaltzen zaie seme-alabek ikasketak euskaraz jarraitzeko gehienek gaitasun handiagoa behar dutela. 2018-2019an, berriz, hilean behin ostiraletan DBHkoek lagunduta eta gidatuta LHkoek ikaskideak gonbidatuz, kanpo ekintzak egin dituzte. Bestalde, txandaka egunero batek egutegian asteko eguna, hilabetea, urtea, urtaroa eta eguraldia idazten du eta beste batek emozioen horma-irudian nola dagoen galderari erantzuten dio. Sarritan bazkaldu dutena ere elkarri azaltzen diote. Eguneroko errutina horiek errepikatuz eta jolasaren bidez modu ludikoan egitasmoan hasi berriak direnei aurrerapena nabari zaie. DBHn, aldiz, proiektuan 2. urtea daraman taldean helduen alfabetatzen AEK euskaltegiak darabiltzan atazak landu dituzte. Hasi berrien taldean, ostera, LHkoen taldeetan landutako antzeko dinamikak egin dira.

Udalak deituta 1. bilera egin zenetik, 2013ko ekainaren 4an Euskara mahaia dago Azkoitian. Kideak honakoak dira: Xabier Munibe Ikastola (Udaberri Guraso elkartea barne), Floreaga Salestar Ikastetxea (Elkarrekin Guraso elkartea barne), Izarraitz Lanbide Heziketa, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Azkoitiko AEK Euskaltegia, Urola Kostako Hitza, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea eta Azkoitiko Udala.

Bere egitekoa da euskararen alde herrian egiten diren ekintzen berri izatea eta komunean ekintzak egitea oihartzuna, hedapena eta eragina handitzeko eta euskara ahal denik eta herriko txoko gehienetan izateko. 2018an Euskaraldiaren amaiera Herriko plazan 18:30ean egin zen arte, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, eguerdian LHko eta DBHko ikastetxeekin bertan egiten zen agerraldia zen parte hartzaile gehien biltzen zuen ekimena. Azkoitian euskarak 365 egun geu izateko euskararen herrian! da ekitaldi horren leloa 2013tik  eta leloa 5 pusketatan dago zatituta eta ikastetxe bakoitzak pusketa bat dakar plazara oholtza gainean leloa osatzeko. Lelo hori ekitaldian zehar udaletxeko balkoira igo eta ikusgai dago bertan egun osoan. Arratsaldean, berriz, ekimena egin izan da leku berean. 2018an mahaiak Euskaraldiarekin bat egiteaz gain, Euskararen eguna ere egin zuen.

euskara mahaia

Mahaiaren helburuak aurrerantzean dira, besteak beste, Euskararen eguna ospatzea abenduaren 3an, Euskaraldia arrakastatsua izan dadin oinarriak finkatzea eta lantzeari ekitea eta denok bat egitea Korrika denean, Azkoitian ahal denik eta zabalkunde eta parte hartze handiena izateko. Mahaiaren ustez, Azkoitia bezalako herri euskaldunean sentsibilizazioa landu beharra dago euskararen erabilera handitu eta herritarrak eta bertako erakundeak, elkarteak eta taldeak aktibatzeko egun ditugun erabilera datuak hobetzeko.

Euskara mahaiak 2018 otsailaren 2ko bileran onartu zuen azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan 11 egun euskaraz ariketa sozialean herri moduan izena ematea eta talde eragilea izatea. Horrela, mahaiaren 2018ko helburu nagusia izan zen Euskaraldia arrakastatsua izatea Azkoitian, mahaiaren egitekoa badelako euskararen erabilera handitzea eta herritarrak eta bertako erakunde, elkarte eta taldeak aktibatzea egungo erabilera datuak hobetzeko. 2013tik mahaiak antolatzen duen Euskara eguna egitea eta Euskaraldiarekin lotzea ere pentsatu zen.

euskaraldiaEuskaraldian 2116 lagunek parte hartu zuten. Horietatik 1918 ahobiziak izan ziren eta 198 belarriprestak. Eskatutako ahobizi txapak motz gelditu ziren herrian zegoen eskaerarako eta 2018ko azaroaren 8an beste 1000 eskatu ziren. Belarriprest txapak, berriz, beste herri askotan bezalaxe soberan izan ziren, ariketara belarripretak erakartzea oso zaila izan baitzen. Bestalde, kontuan izan behar da herriaren errealitate soziolinguistikoa. Ezaguera datuak honakoak dira (EUSTAT, 2016): euskaldunak %76,90a, ia euskaldunak %9,20 eta erdaldunak %13,90. Erabilerakoak (Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa. Azkoitia 2018. Soziolinguistika Klusterra): %68,90 euskaraz, %26,50 gaztelaniaz eta %4,60 beste hizkuntza batzuetan. Hori horrela, herritar asko ahobizi rolarekin identifikatu zen. Halaber, izena ematerakoan, sekulako eragina izan zuen hedabide ezberdinetan ariketari eskainitako tarteak lortu zuen oihartzunak, lagundu zuelako egitasmoa sozializatzen eta txapa banaketa egunetan eta ariketa hasi eta gero, euskara zerbitzuan esku-orriaren bidez izena emateko aukera eskaintzeak ere bai.

txapak

Gainera, abenduaren 3an 2013tik egin izan den bezalaxe Euskararen Nazioarteko eguna ere egin zen. Herriko plazan 11:30etatik aurrera LHko eta DBHko ikasleek hartu zuten. Horiek udalak botatako suziria entzun eta gero, bost ibilbide ezberdinetatik abiatu ziren plazara bakoitzari zegokion Azkoitian euskarak 365 egun geu izateko euskararen herrian! leloaren pusketa eramanez musika doinu artean. Alkateak udal balkoitik harrera eta euskararen aldeko aldarria egindakoan, lehen aldiz testu motzen irakurraldia egin zen oholtza gainetik non eskola, adin, maila eta sexu ezberdinetako 36 ikaslek parte hartu zuten. Ikastetxe guztien erronka irakurtzaletasuna sustatzea denez, irakasle batek proposatuta eta landuta irakurraldia egin zen. Halaber, Euskaraldiaren amaiera eguna izanik, 16 urtetik beherakoek ekimenarekin bat egiteko mahaian erabaki zen ahobizi pegatina handiak soinean eramateko egitea denentzat eta bakoitzak nahi zuen moduan apaintzea. Leku berean, Herriko plazan, 18:30etatik aurrera herri ekimena egin zen. Kasu horretan oholtza Azkoitiko hamaikakoak hartu zuen eta horietako bik ekitaldirako bereziki Aitor Arrutik idatzitako manifestua irakurri zuten. Aurretik ariketari atxikimendua adierazi zioten talde eta erakunde ezberdinetako ordezkariek ateratako argazkiak bilduz, Maxixatzen herriko komunikabidearen kazetariek egindako muntaia jarri zen ikusgai plazan. Manifestua irakurritakoan, berriz, goizeko irakurraldia ikusi zen, jarraian Goikolosan talde argazkia atera zen eta amaitzeko, mahaiak gerturatu ziren guztiei txokolate beroa eta bizkotxoak banatu zizkien. Plazan orain arte Euskara eguneko ekitaldietan bildutako jende gehiena batzea lortu zen Euskaraldiari bukaera emateko.

2018ko irailetik aurrera mahaia hilean behin elkartu beharrean, hamabostean behin biltzeari ekin zion eta Maxixatzenek antolatuta Kike Amonarrizek Euskaraldiari buruz urriaren 10eko hitzaldiak eta udalak herri osoan banatzeak zekarren gain-kostua bere gain hartu zuen 32 orriko Maxixatzen hilabetekariaren urriko zenbaki bereziak balio izan zuten ekimena herrian ezagutarazteko. Herriko gune ezberdinetan izena-emate kutxak jarri ziren eta mahaiko kideak arduratzen ziren bertan jasotako izen-emateak www.euskaraldia.eus webgunean sartzeaz. Txapa banaketa egunak eta ordutegiak ere mahai kideen artean adostu eta osatu ziren.

Euskaraldia 2

Mahaiaren ustez, Azkoitian ekimenak balio izan zuen barne hausnarketa egiteko, norbere buruari galdetzeko norekin hitz egiten duen euskaraz eta norekin gazteleraz. Horregatik, herritarren kontzientziazioan eragin zuelakoan, Euskaraldia positibotzat baloratu zen. Gainera, ariketan parte hartuz herritarrei frogatu zitzaien uste dutena baino gehiagotan erabili dezaketela euskara eta egoera berriak kudeatzeko baliabideak eskaini zitzaizkien.

Azkoitian Euskara eguna Euskara mahaia sortu zenetik 2013an egin da eta balio du euskararen aldeko aldarri eta irudi bateratua kaleratzeko herrian euskararen alde lanean gabiltzan guztion artean.

Abenduaren 3an eguerdian LHko eta DBHko ikastetxeekin Herriko plazan egiten den agerraldia da parte hartzaile gehien biltzen duen ekimena. Azkoitian euskarak 365 egun geu izateko euskararen herrian! da ekitaldiaren leloa eta leloa 5 pusketatan dago zatituta eta ikastetxe bakoitzak pusketa bat dakar plazara oholtza gainean leloa osatzeko. Lelo hori ekitaldian zehar udaletxeko balkoira igo eta ikusgai dago bertan egun osoan. Arratsaldean, berriz, ekimena egin izan da plazan.

2017an mahaiak erabaki zuen ekintzak berritzea urtero gauza bera ez izateko. Horregatik, DBHko, DBHOko eta Lanbide Heziketako ikasleek egindako 75 proposamen jaso zituen Euskara egunerako ideia lehiaketa egin zen. Hiru ideia sarituak gauzatu ziren. Euskararen aldeko mezua zeukaten gutun trukaketako eskutitzak eta puxika hegalariak ikastetxeen eguerdiko ekitaldian egin ziren. Arratsaldeko herri ekimenean, berriz, hotz beldurgarri egin arren, inoiz baino jende gehiagok parte hartu zuen eta plaza bete samartu zen. Azkoitik euskaraz bizi nahi du! lelo pean murala egin aurretik, herriko 30 eragilek oholtzatik eurentzako euskara zer zen adieraziz, mezu bana irakurri zuten. Saritutako ideia horren kasuan mahaiak gehien baloratu zuena izan zen ekitaldira eragile guztiak parte hartzera gonbidatzea eta mezua eskatzea.

2018an, berriz, ez zen  egin gutun trukaketa, ezta puxika hegalariak ere. Lehena aurreko urtean eskutitzak idatzi zituztenei gauza bera berriro eskatzea zelako. Bigarrena, aldiz, Jasangarritasuna/Agenda 21 ekimenaren aurka zihoalako. Ekintza horien ordez irakurraldia egin zen  irakasle batek proposatuta eta landuta, ikastetxe guztien erronka delako irakurtzaletasuna handitzea. Hortaz, LHko eta DBHko ikasleek udalak botatako suziria entzun eta gero, bost ibilbide ezberdinetatik abiatu ziren plazara bakoitzari zegokion  leloaren pusketa eramanez musika doinu artean. Alkateak udal balkoitik harrera eta euskararen aldeko aldarria egindakoan, irakurraldia egin zen non eskola, adin, maila eta sexu ezberdinetako 36 ikaslek parte hartu zuten. Halaber, Euskaraldiaren amaiera eguna izanik, 16 urtetik beherakoek ekimenarekin bat egiteko mahaian erabaki zen ahobizi pegatina handiak soinean eramateko egitea denentzat eta bakoitzak nahi zuen moduan apaintzea. Leku berean, Herriko plazan, 18:30etatik aurrera herri ekimena egin zen. Kasu horretan oholtza Azkoitiko hamaikakoak hartu zuen eta horietako bik ekitaldirako bereziki Aitor Arrutik idatzitako manifestua irakurri zuten. Aurretik ariketari atxikimendua adierazi zioten talde eta erakunde ezberdinetako ordezkariek ateratako argazkiak bilduz, Maxixatzen herriko komunikabidearen kazetariek egindako muntaia jarri zen ikusgai plazan. Manifestua irakurritakoan, berriz, goizeko irakurraldia ikusi zen, jarraian Goikolosan talde argazkia atera zen eta amaitzeko, mahaiak gerturatu ziren guztiei txokolate beroa eta bizkotxoak banatu zizkien. Plazan orain arte Euskara eguneko ekitaldietan bildutako jende gehiena batzea lortu zen Euskaraldiari bukaera emateko.

Mahaiak Euskara egunaren balorazio positiboa egin du urtero. Horregatik, aurrerantzean ere egingo du, Azkoitia bezalako herri euskaldunean sentsibilizazioa landu beharra dagoelako.

2006-2007 ikasturtetik dago martxan proiektua eta helburuak dira gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna handitzea eta gazteei euskarazko produktuak ezagutaraztea eta kontsumitzera logo GAZTEZULObultzatzea. 2015-2016 ikasturte arte DBHko 4. mailako ikasleek urritik martxora (sei hilabetez) doan jaso izan zuten Gaztezulo hilabetekaria. 2016-2017tik Euskara mahaiak erabaki zuen hilabetekaria eskatzen zuteen artean zerrenda izendunaren arabera banatzea, konturatu zelako gehiengoak ez zuela irakurtzen. Hortaz, mahaiak ez zuen nahi izan gehiengoaren jarrerarengatik, irakurzaletasuna gogoko zuen gutxiengoa kaltetzea.

Gipuzkoa Bertsozale Elkartearekin hitzarmena sinatu zenetik 2008ko irailaren 29an Floreaga Salestar Ikastetxeko LHko 6. mailan eta Azkoitia BHIko DBHko 1. mailan Gu ere bertsotan proiektua martxan da. Herriko gaztetxo guztiek bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izateaz gain, bada helburua ahozko komunikazioa, sormena, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko gaitasuna lantzea ere bai. Proiektua 9-12 urte bitarteko haurrentzat prestatutakoa da eta hamabostean behin ordubetez bertsolari gaztea joaten da euskarazko klase orduan eskoletara bertsogintza lantzera. Hortaz, egitasmo horrek aukera aparta eskaintzen du eskola ordutan modu ludikoan eta informalean euskara lantzeko. Kurtso bukaerako jaialdian ikastetxe bietako ikasleek Baztartxo antzokiaren oholtzan batera aritzen dira gurasoen aurrean ikasitako maisutasunez erakusten. Jaialdi hori bideoz grabatzen da eta ikusgai izaten da udaleko webgunean eta ikastetxeetakoan ere bai. Gipuzkoa Bertsozale Elkarteari ere kopia ematen zaio Xenpelar dokumentazio zentrorako.

Bertsozaletasunaren harra pizten zaion gaztetxoak, badu bertsolaritzan sakontzea Azkoitiko bertso eskolara joanez, eskola orduz kanpo.

Azkoitiko elkarteentzat, taldeentzat, erakundeentzat, establezimenduentzat, enpresentzat eta herritarrentzat gaztelaniaz idatzitako testuak euskaratu edo euskarazkoak zuzendu egiten dira.

Zerbitzua doakoa da. Erantzuteko epea:  3-4 lanegun.

Testuak bete beharrekoak:

• Gehienez hiru orri izatea.
• Azkoitian zabalkundea izatea.
• Euskarri informatikoan edo posta elektroniko bidez bidaltzea.

Mintzapraktika programa da, hau da, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa. Hortaz, proiektuaren helburuak dira euskaraz berba egiteko joerarik ez duten parte hartzaileen jarioa hobetzea eta  horiek mintzatzeko ohitura hartzea eta euskaraz aritzeko lagun berriak egitea.

Programa 1993an sortu zuen Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak eta ordutik hona Euskal Herri osoan hedatu da.

Bi motatako euskaldunak biltzen dira mintzalagunen. Batetik, euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez daukatenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak… Programak euskaraz aritzeko trebakuntza eta aukera ematen die parte hartzaile horiei. Bestetik, euskaldun askok hizkuntzaren normalizazio prozesuari beren ekarpena egin nahi diote, zailtasunak dituzten euskaldunei elkarrizketaren bidez lagunduz. Eta badira lagun berriak egin nahi dituzten kideak ere, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak.

IMG 9520

Azkoitia bezalako arnasgunean ere beharrekoa da mintzalaguna, euskaraz dakiten zenbait herritarrek arrazoi ezberdinengatik euskara erabiltzera ausartzen ez direlako. Pausu hori emateko baliabideak eskaintzea, babestea eta laguntzea badagokio udalari, bere zeregin nagusia euskaldunen kopurua herrian handitzea delako. Horregatik, 2010-2011 ikasturtetik udalak herritarrei mintzapraktika zerbitzua doan eskaintzen die. Zerbitzua osatu eta parte hartzaileak elkar ezagutzeko eta eragiteko  herriko taldeekin elkarlanean ekintza osagarriak egiten dira. Taldeen arteko koordinazioa hobetu eta azkartzeko, berriz, WhatsApp taldea sortu zen 2013-2014 ikasturtean. Horren ondorioz, egitasmoko partaideen harreman sarea handitu da eta komunikazioa eraginkortu da.

 

 

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, ESEP, 2015-2018 plan estrategikoa parte hartze bidez zehazterakoan, herritarren euskararen aldeko motibazioa lantzea ezinbestekoa zela egungo egoerari eutsi eta aurrera egiteko ondorioztatu zen. Gabezi hori Euskara mahaian ere behin eta berriro adierazitakoa zenez, 2015ean gaiari heldu zitzaion.

Gaztetxoekin hastea erabaki zen, 2014an egindako lehen kale neurketaren arabera erabilera altuena izanik, uste sendoa dutelako euskaraz bizi direnez, euskararen normalizazioa ez doala eurekin. Udalarentzat, berriz, estrategikoa da adin tarte horretan kontzientziazioa lantzea, hemendik urte batzuetara horiek direlako arlo ezberdinetan erabaki organoetan egongo diren herritarrak eta erreferenteak. Beraz, lehentasunezkoa da euskaraz formatu diren herritar horiek jakitea euskararen egungo egoera herrian zein herritik at zein den, zergatik eta euren hizkuntza hautuak duen garrantzia.

Horregatik, eta ikastetxeetan gairi buruz lantzen denaren osagarri modura 2015-2016 ikasturtetik Floreaga Salestar ikastetxeko eta Azkoitia BHIko DBHko 3. mailan soziolinguistika ikastaroak ematen dira. Arnasgune tailerrak, berriz, batxilergoko 2. mailan eta 2018-2019 ikasturtetik Izarraitz Lanbide Heziketako 2. mailan ere bai. Kasu horretan helburua da gaztetxoek ohartzea euskararen normalizazioan eta iraupenean Azkoitia bezalako arnasguneak duten garrantziaz eta aldi berean gazteek aktibatzea.

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra

Andramaxekluze2020

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.