2015ean hartu nuen alkate makila, buruan helburu batekin: herriaren alde lana egitea, herritar guztion eguneroko bizimodua hobetzeko. Ohoretzat hartu nuen ardura eta esker onez jendeak bere konfiantza eman izana. Niri eta nire taldeari. Baina gogoan dudana da konpromisoaren eta betebeharraren kontzientziaren zama. Gogoko nindutenei eta ez nindutenei erantzuteko, laguntzeko, eskaintzeko, emateko beharra. Edo guztiz kontrakoa. Ezetza esan beharraren erantzukizuna. Azken hitzaren zailtasuna. Erabaki konplexuak hartzea ez baita ia sekula erraza. Horiek ziren neure buruari esaten nizkionak.

Baina hasierako zama hura arintzen joan zitzaidan gauzak aurrera ateratzeko gai ginela ikustearekin batera.
Gaur, orduko zama hura indar-iturri bihurtu zait. Bidean ditugun proiektuetan sinesten dut eta etorriko direnetan ahalegin guztiak egingo ditugu gure esku dauden bitartean.

Herriko azpiegiturak, instalazioak eta zerbitzuak hobetzearekin batera, herritarrei bizimodua erraztea da gure eguneroko erronka, baliabideak eta lehentasunak uztartuz. Kanpotik, kalean, zoriona ikusten da, baina egunero etortzen dira udaletxera arrazoi bategatik edo besteagatik sufritzen bizi diren emakumezkoak eta gizonezkoak.

Esandakoa, bizitza erraztea, hobetzea.
Besarkada bat.

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra