Partiduen aurretik Irulitxa Fanfarrea txaranga ibiliko da kaleak girotzen.

Elordi eta Artola izango dira ostiral honetan Gurea pilotalekuan. Buruz Buruko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute, eta gaur Azkoitian izan dira bi pilotariak material aukeraketa egiteko. Partidu garrantzitsua izango da, eta pilotazaleentzat gozatzeko hitzordua, dudarik gabe. Frontoira joan aurretik kalean ere izango da entretenimendua. Arratsalde-gaua borobiltzeko, Udalak antolatuta, Irulitxa Fanfarrea txaranga ibiliko da kalez kale 18:30etik 20:30era, festa giroari bide emanez. Kirola eta festa uztartuko dira, beraz, ostiralean.

Tags:

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita egin du, UEMAk abiatu duen kanpainarekin bat eginez.
Iaz Azkoitiko bizilagunek egindako 6.282 errenta aitorpenetatik 2.193 euskaraz egin ziren. Hau da, %35. Helburua da urtez urte kopuruak gainditzen joatea, euskarari bide berriak zabalduz eta administrazioaren euskalduntzea sustatuz.

Tags:

Lanak tarteko, Herriko plazako ohiko sarbidea itxita egongo da trafikoarentzat gaurtik asteazkenera bitartean. Herriko plazara Inazio Iriarte Margolaria kaletik sartu ahalko da.

Idiakez Ederra Etxea, Nagusia 80, zaharberritzeko lanak azken txanpan sartu dira. Aste honetan bertan erretiratuko da Kale Nagusian, Parrokiaren eta Idiakez Ederra eraikinaren artean dagon babes-egitura. Gaurtik asteazkenera bitartean burutuko dituzte 2009tik dagoen babes-tunela kentzeko lanak. Lanek irauten duten bitartean, Herriko plazako ohiko sarbidea itxita egongo da ibilgailuentzat parrokiaren parean, eta beraz, autoek Inazio Iriarte Margolaria kaletik izango dute sarrera. Bestalde, Parrokia parean, trafikoa, kiroldegiko biribilgunerantz bideratuko da.

Aizkibel Liburutegiak Gorputz Titere Tailerra antolatu du. Apirilaren 25ean izango da, 18:30etik 20:00etara bitartean. Ekimena LH1, LH2, LH3 eta LH4 adin tartean dauden haurrei zuzenduta dago. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute liburutegian bertan edo 943 85 08 98 telefono zenbakira deituta. Izena emateko epea gaur zabaldu da eta apirilaren 25ean itxiko da.

GI-2634 errepidean, Azkarate gainean bide-segurtasuna hobetzeko margoketa eta seinaleztapen lanak egingo ditu asteburuan Bide Azpiegituretako departamenduak, eguraldiaren arabera garatuko direnak. Bide-segurtasuna hobetzeko helburuarekin, besteak beste, tuneleko errei motelak lehentasuna izango du aurrerantzean, azkarrak beharrean, eta beheranzko norabidean (Azkoitira), errei gehigarriaren itxiera aurreratu egingo da.

Tags:

Ana Azkoitia alkateak Pakita Ayerza Aranguren zoriondu du gaur, 100 urte bete dituelako. Marina eta Pilar alaben konpainia goxoan ospatuko du bere eguna. Errezilen jaioa, Jose Manuel Landa errezildarrarekin ezkondutakoan etorri zen Azkoitira bizitzera. Kamineroa zen Landa, eta “kaminerokoak” bezala ere ezagutzen ziren herrian. Ezkondu ondorengo urteak Azkoitian eman ditu Pakitak. Duela hamabi urte alargundu zen.
Gaurkoa egun handia eta ospatzekoa da Ayerzaren etxean, pasteltxo eta argazki-albumen artean, lanari eta etxekoei eskainitako bizitza oso bat baitute ospatzeko.
Lerro hauen bidez, azkoitiar guztien izenean, Pakita Ayerza zoriondu nahi dugu eta besarkada handi bat bidali. Zorionak Pakita!

Atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak Geure Gelatik Liburu Azokak, Udalak lagunduta, Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen eskutik. Aurtengo edizioak Jasone Osoro idazle elgoibarra omendu du, euskal literaturari egin dion ekarpenarengatik. Osorok Mariasun Landa idazlearen eskutik jaso zuen oroigarria, ibilbide luzeko bi emakume idazle elkartu zirelarik oholtzan. “Maite ditudan eta maitatzen nauten pertsonei” eskaini zien Osorok oroigarri, eurek ematen dietelako "idazten jarraitzeko indarra”.

Apirilaren 13an, larunbatean, 19:00etan, Baztartxo Antzokian

Luxuzko bikotea elkartu du Txalo Produkzioak etxeak “Almazenean” antzezlana taularatzeko. Zuhaitz Gurrutxagak eta Iker Galartzak partekatuko dute Baztartxo Antzokiko eszenatokia larunbatean, apirilaren 13an. 19:00etan izango da hitzordua.
Sarrerak aurrez eskura daitezke www.entradium.com atarian edota egunean bertan, leihatilan.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25