Gaztien Herrixe, moiu ipurdixe! partaidetza ekimena martxan jarri berri du Azkoitiko Udalak, herriko gazteekin elkarlanean, gobernu irekiaren filosofiaren barruan: "Asmo horrekin jarri genuen martxan Danon Herrixe prozesua orain bi urte, eta bide hori sendotu nahi dugu orain, gazteekin. Konturatu gara gazteen egoera eta joerak aldatu egin direla, orain gehienak lokaletan biltzen direla, eta guk, erakundeok, gazteekiko politikak egiterakoan, egoera berrira egokitu behar dugula. Gazteek zer pentsatzen duten eta zer behar duten entzun eta eurei dagozkien kontuak nola kudeatu eurekin batera erabaki nahi dugu", hala laburbildu du Agurtzane Epelde Gazteria Saileko zinegotziak. Azkoitiko gazteen egungo egoeraren inguruko diagnostiko bat egitea da helburua, gero horren araberako politikak diseinatzeko, beti ere gazteekin elkarlanean. Horregatik, gazteen beharrak, kezkak, iritzia eta ekarpenak biltzeko afari topaketak antolatu dituzte martxoaren 14 eta 28rako.

 

Espainiako Gobernuak egin nahi duen abortuaren erreforma aho batez errefusatu dute Azkoitiko udalbatzako kide diren alderdi guztiek. Hemen zinegotzi guztiek aho batez onartutako mozioa.

Santa Ageda bezperan Xabier Munibe ikastetxeko BHI 2ko ikaslean udaletxean izan ziren atzo eskean, usadio zaharrari jarraituz. Bertan, ikasle zein irakasleek udal agintarientzat propio prestatutako koplak abestu zizkieten Esther Lizarralde alkate ordeari eta gainerako zinegoitziei, makillekin lurra gogor kolpatuz. Egun osoan aritu ziren eskean ikasleak, eta bildutako dirua Port Aventura parkera bidaia bat egiteko erabiliko dute. Hemen dituzu bixita hortako argazkiak.

Zurrumurruen aurkako dinamikak aurrera segitzen du eta gaur arratsaldean (otsailak 4, asteartea) beste tailer bat egingo da. 18:30ean izango da, Elkargunean, Aniztasun Sailak eta SOS Arrazakeriak elkarlanean antolatuta.

Urretxu-Zumarragarako bidegorria itxita egongo da datozen bi hilabetetan, Izuzkitza tunelean konponketa lanak egin behar dituztelako. Hala jakinarazio dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalari. Tunel horren inguruan harri askatze garrantzitsua somatu dute eta hori konpondu arte egongo da itxita bidea, larunbatetik (otsailak 1) aurrera. Esan bezala, lanek bi hilabate iraungo dutela kalkulatu dute Diputazioko arduradunek, beti ere eguraldi ona egiten badu.

Urola bailara hobeto ezagutu eta hobeto gozatzeko aukera hobea dute orain gurera etortzen diren turistek. Izan ere, Urolaturismo.net webgune berritua martxan da, eta bertan eguneratuta, hobeto antolatuta eta eskuragarriago jarri dituzte bailarako herri ezberdinetako eskaintza turistikoak. Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Aizarnazabal, Beizama eta Errezilgo udalek iaz abiatutako enplegu planaren barruan garatu da lan hori: Ekobailara proiektuaren barne, pertsona bat kontratatu zen eskualdean turismo jasangarria eta ingurune sozial, natural eta kulturalarekin errespetagarria den turismo jarduera sustatu eta bultzatzeko, eta pertsona horrek, Irene Elortzak hain justu, garatu du webgune hau, Elkarmedia Azkoitiko enpresarekin batera. Sakeleko telefono eta tabletetara egokitutako webgunea da, sare sozialetara ere egin du salto, eta hortik haratago ere egingo du proiektuak: telefono mugikorretan deskargatzeko app aplikazio bat ere garatzen ari dira, bisitariek herri bakoitzeko gida multimedia bat eskura edukitzeko.

 

Urola[b] mugimendua, gizarte mugimendu bat da, ekintzailetasuna nagusi duen mugimendua, hain zuzen ere. Horretarako abenduaren 9an, San Agustin kulturgunean (Azpeitia) batu ziren, hainbat kurioso eta ekintzaile. "Egia da edozeinek esan zezakeela, sortutako lan taldeak, itxuraz, ez zuela inolako lotura eta koherentziarik. Baina guztiok ezaugarri komun bat daukagu: ekintzaileak garela", hala diote mugimendu horretako kideek. Eta mugimendu hori aurrera emateko "12 hilabete, 12 ekintza" ekimena martxan jartzea erabaki dute. Eta bihar, ostirala (hilak 31), aurreneko pausoa emango dute:U31 "Proiektuen Azoka".

 

Hondakin organikoak bereizteko 5. edukiontzia edo edukiontzi marroia erabili nahi duten herritarrek astelehenean dute hitzordua: edukiontzi erabiltzen hasteko beharrezkoa da giltza jaso eta 15-20 minutuko ikastaroa egitea, eta astelehenean egingo ditu kontu horiek Mankomunitateak. Aurreneko ikastaroa 11:00etan, izango da, Elkargunean, eta bestea 18:00etan, hori ere Elkargunean.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25