'Herritarrekin herrira' ekimenaren barruan, azkoitiarren kezkak eta proiektuak gertutik ezagutzera etorriko da ostegunean Martin Garitano, zenbait foru ordezkariekin batera. Ahaldun nagusia 11:00etan iritsiko da udaletxera, eta hortik aurrera, herriko talde eta eragile ezberdinekin bilduko da egun osoan zehar: besteak beste, San Jose Egoitzan, Urrategi auzoan edo Matadeixen izango da bertako azkoitiarrekin hitz egin eta euren berri jakiten. Arratsaldean, berriz, herritarrekin bilera irekia egingo du, 19:00etan, Elkargunean. Azkoitiar guztiak gonbidatzen ditu Garitanok bilera horretara, euren kezka, galdera eta proiektuak entzun eta erantzuteko egongo baita bertan.

Udalaren euskara zerbitzuek ematen dituzten diru-laguntzak eskatu daitezke jada. Zehazki, honako diru-laguntzak eskaintzen ditu Udalak: ohiko euskara jarduerak bideratzeko; euskara ikasteko; ida ikastaroetarako; errotulua euskaraz jartzeko; irudi korporatiboa euskaratzeko; web orria euskaraz sortzeko; programa informatikoak euskaraz jartzeko eta euskara jarduera puntualetarako. Diru-laguntza horietako bakoitzak eskatzeko epe ezberdinak dituzte, eta hemen dituzue kontsultagai.

Maiatzaren 25eko Europako Batasunerako hauteskundeetan parte hartu dezaketen herritarren hautesle zerrenda jada kontsultagai dago udaletxean. Gaurtik apirilaren 14ra bitartean egongo da ikusgai, herritarren arreta zerbitzuan, eta herritarrek epe hori izango dute euren datuak behar bezala jasota daudela baieztatzeko.

Aizkibel udal liburutegiak eta Abarketatxo ludotekak antolatuta, liburu truke azoka egingo da bihar (apirilak 5) Kontzejupean. Hala, haurrek liburu bat jasoko dute marrazki baten truke eta heldu eta gazteek ere bai, liburutegiko bazkide egiten badira. Liburuak trukatzeko aukera ere egongo da. 09:00etan jarriko da martxan azoka, 14:00ak arte.

2013ko uztailean udalbatzak onartutako %70 edo gehiagoko gaikako bilketara iristeko helburua lortzeko sistema eraginkorrenak aztertzen aritua da Azkoitiko hondakinen lantaldea, eta hainbat aukera aztertu ostean, bilketa sistema mistoa bat jartzea erabaki du; Azkoitia Bai, EH Bildu, Zero Zabor eta hainbat herritarren babesarekin. Zehazki, honako sistema ezarriko da:
-Papera, ontzi arinak, beira eta organikoa orain arte bezala jasoko dira, edukiontzi finkoen bidez. Edukiontzi marroiari txipa jarriko zaio.
- Aldaketa bakarra errefusa edo edukiontzi grisean egongo da; edukiontzi grisa kendu egingo da eta birziklatu ezin diren hondakin horiek atez ate jasoko dira, astean behin, ordutegi zehatz batekin.
-Organikoaren bereizketan emaitza hobeak lortzeko, orain arte bezala, autokonposta eta auzokonposta indartzeko neurriak hartuko dira.
-Pardelentzat edukiontzi bereziak jarriko dira.
-Merkatari eta hondakin sortzaile handiekin ere lanketa berezia egingo da, egungo bilketa hobetu eta alor horietan bereizketa sistema eraginkorragoa lortzeko.
-Landa eremuetan gune berezituak jarriko dira, ekarpen guneak, hondakinak gaika biltzeko.

 

Bihar (apirilak 3) ez da umeen danborradako entsegurik izango, pilota partiduak direla-eta, eta ezta astelehenean ere (apirilak 7), idi probak direla medio. Hemen duzue hemendik aurrerako entseguen egutegia. Bestalde, kantinera eta karrozan aterako diren umeen zerrenda jada ikusgai dago Gurea Frontoian.

Urola Gustagarri ekimenaren baitan, Iraurgi Berritzen eta Urkomeren eskutik, eskualdeko ostalaritza sektoreari zuzendutako topaketa bat antolatu da. Sektoreko enpresei (jatetxeak, tabernak, hotelak, e.a.) bertako produktuak eta ekoizleen lana ezagutzera ematea du helburu topaketa honek. Txanda honetan, Urkaiko kooperatibak (Urola Kostako ganaduzaleen kooperatiba) eta Ardi gazta elkarteek beren produktu katalogoak aurkeztuko dituzte, eta parte hartzaileen artean egingo den produktu dastaketa batekin amaituko da.
Topaketa datorren apirilak 8, asteartean, arratsaldeko 18:00tan Larrañaga Hotel-jatetxean izango da, eta aurrez izena eman beharra dago honako telefono zenbaki hauetan:
Iraurgi Lantzen S.A. (Turismo), 943 851100
URKOME, 943 816500
Izen emateko azken eguna: apirilak 4 ostirala.

Urola Erdiko biztanleek eta udalek Partaidetzazko Aurrekontuen esperientzian parte hartu zuten 2013an. Horren arabera, Foru Aldundiak 500.000 euro utzi zituen herritarren esku. Prozesu parte hartzaile baten bidez, zazpi egitasmo lehenetsi zituzten eskualde horretan. Egitasmo horiek aurten gauzatuko dira eta, herritarrek hala eskatuta, prozesu horren jarraipenean ere parte hartu nahi dute. Horretarako, jarraipen batzordeak osatu dira eta egitasmo horietako batzuk nola gauzatuko diren erabakitzeko lehen bilerak lotuta daude. Eskualdeko historia berreskuratu eta balioan jartzeko plangintzari buruzko bilera, bihar, hilaren 2an, asteazkenean, egingo da, Azpeitiko udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan. Hilaren 3an, ostegunean, berriz, 18:00etan, Oroimen historikoa lantzeko egitasmoa gauzatzeari buruzko batzordea egingo da. Baserri bideak konpontzeko eta Burujabetza energetikorako plangintzari buruzko batzordeak hil honetan egingo dira, hilaren 9an eta hilaren 28an, hurrenez hurren.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25