Iraurgi Berritzenek kaleratu berri du maiatzeko sozioekonomia txostena, eta egindako neurketaren arabera, maiatzean %13ra jaitsi da langabezia tasa Azkoitian (apirilean %13,6koa zen). Azken datu horien arabera, maiatzean 773 lagun zeuden langabezia Azkoitian. Hemen duzue eskuragarri txosten osoa.

Azkoitiko Emakumeen Mahaiak, eta Udalak, bertako kide gisa, honakoa adierazi nahi du ekainaren 28an atarian:

1969ko ekainaren 28a oso garrantzitsua izan zen gay, lesbiana, transexual, bisexual, queer eta abarren askapen mugimenduarentzat. Izan ere, ekainaren 27tik 28rako gauean, New Yorkeko pub batean, transexual, lesbiana eta gay talde bat matxinatu egin zen poliziaren aldetik jasaten zuten jazarpena salatu, eta beren eskubideak aldarrikatzeko. Poliziari aurre egin zioten beraz, poliziaren irainei, jazarpenari eta indarkeriari, alegia. Zenbat egunez ordura arte beldurrez ezkutaturik bizi behar izan zutenak kalera atera ziren, beren izaeraz, itxuraz eta harremanez inolako lotsarik ez zutela aldarrikatzeko.
Ekainaren 28a da askatasun sexualaren eguna, eta "harrotasunaren eguna" ere esaten zaio batzuetan. Ez da ahaztu behar beren sexualitatea askatasunez bizi izan dutenek zigor gogorrak jasan izan dituztela, hau da hetero arauetatik atera den jokabide orok jazarpen gupidagabea pairatu duela betidanik.

 

Datorren astelehen eta asteartean (ekainak 30 eta uztailak 1) itxita egongo da Martirietarako bidea, errepidea asfaltatzeko lanak egingo dituztelako. Lan horiek egin bitartean, Rezolatik gorako bide alternatibotik egongo da pasoa, auzora joan-etorriak egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkio errepide hori konpontzeko lanak, eta handik zuzenduko dituzte asfaltatze lanak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Erdian iaz egin zuen partehartze prozesuan, eskualde horretako herritarrek zazpi proiektu aukeratu zituzten 500.000 euro inbertitzeko. Proiektu horiek aurten gauzatzen ari dira eta horien jarraipena egiteko batzordeak osatu dituzte herritarrek. Oroimen historikoa lantzea lehenetsitako proiektuetako bat da eta horien jarraipena egiteko bigarren bilera egingo dute bihar, (osteguna, ekainak 26). BIlera Azpeitian izango da, 18:00etan, Sindikatu Zaharrean.

 

Uztailaren 1eik abuzturaren 31ra udako ordutegia izango du Aizkibel udal liburutegiak:
Astelehenetik ostiralera 9:30etatik 13:30etara egongo da zabalik eta astearte eta ostegunetan arratsaldez ere irekita egongo da 18:00etatik 20:00etara
Andramai festetan, berriz, itxita egongo da, 14tik 19ra, biak barne.

Bai Euskarari ziurtagarien mailan pauso bat gehiago eman dute Serbitzu Elkarteak eta Biharko enpresak. Serbitzu Elkarteak Zerbitzua Euskaraz maila eskuratu du eta Biharkok Euskararen Bidean maila. Bidean ziurtagiria programa horretako lehen mailako ziurtagiria da: ondoren datoz Zerbitzua Euskaraz maila eta Zerbitzua eta Lana euskaraz maila.

David Martinez Lasa Ziurtagiriko ordezkaria eta Xabier Gantzarain euskara zinegotziak eman die ziurtagiria bi enpresetako kudeatzaileei.

Sanjoan bezpera da gaur eta urtero legez, herriko elkarteren bat omenduko du Udalak, egiten duen lana txalotu eta errekonozitzeko. Aurten Anaitasuna Kanku karate elkartea omenduko du, elkarte horrek 25 urte bete baititu aurten eta mende laurden honetan azkoitiarren artean kirola eta balio positiboak sustatzen egindako lana eskertu nahi baitu Udalak. Hona hemen gaur arratsalderako egitaraua

- Sua piztu aurretik (19:30ak inguruan), Xabier Munibe Ikastola eta Floreaga
Ikastetxeko KANDIOLA dantza taldea eta Bizkargi Dantza Taldearen emanaldia.
- Musika Bandaren Kalejira
- 22:00etan, Balda Plazan, suaren piztuera, Sahatsa Dantza Taldea, Iraurgi
Abesbatza, Parrokiko Abesbatza eta Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin.
- Ondoren, Musika Eskolako Dantza Taldeak "VI. Zatoz Dantzara Balda Plazara
emanaldia eskainiko du

Bailarako bost ikastetxeetako ikasleak Azkoitiko Udaleko Pleno aretoan izan dira ikasturte honetan garatu duten proiektu berri bat aurkezten eta izandako esperientzia kontatzen. Elkarrekin Eraikitzen da proiektu hori, eta bertako ikastetxe eta eragile publiko zein pribatuk hartu dute parte, Iraurgi Berritzenek koordinatuta. Ikastetxe bakoitzak kasu ezberdinak aztertu eta landu ditu, eta ikasleak enpresetan, elkarteetan, eta beste hainbat eragilerekin elkarlanean aritu dira euren proiektuak egiteko: eragile jakin batzuk diztuzten arazoak aztertu dituzte eta irtenbideak aztertu eta planteatu dituzte. Gaurko topaketan adierazi dutenez, hasieran zaila egin zaie gaiari heltzea "oso seguru ez baikenekien nondik jo, baina azkenean asmatu dugu eta egin ditugu gure proiektuak". Proiektu pilotua izan da, eta hobetzeko asko duela adierazi dute ikastetxeetako eta eragile ezberdinetako ordezkariek, baina guztiz aberasgarria eta jarraitzeko modukoa dela ere bai. Hemen duzue proiektuaren inguruko informazio osoa