Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Partaidetzazko Aurrekontuak 2014 ekimenaren azken txanpan sartu da. Urola Erdiko herritarrek martxoan eta apirilean proposatu eta lehenetsitako proiektuak juridikoki bideragarriak diren eta zenbat kostu izango duten aztertzen ari dira, eta txosten horien emaitzak kontuan hartuta, orain da behin betiko proiektuak aukeratzeko garaia, eskualde bakoitzari dagozkion 500.000 euroak zertan gastatuko diren erabakitzeko garaia. Horretarako, bi batzar ireki egingo dira eta parte hartzera animatzen dituzte herritarrak Diputazioak eta Udalak. Honako egunetan eta tokietan izango dira batzarrak:

Irailak 23, 19:00etan, Azkoitiko Elkargunean.

Irailak 30, 19:00etan, Azpeitiko udaletxean.

Iraurgi Berritzen eta Banco Sabadellek lankidetza hitzarmena sinatu dute eskualdeko ekintzaileek mailegu aukerak eta banketxeak eskaintzen dituen hainbat produktu eta zerbitzuetara sarbidea izan dezaten. Hitzarmen honen bidez, Iraurgi Berritzenetik pasatzen diren ekintzaileei beste aukera bat zabaltzen zaie finantziazioa baldintza hobeagoetan lortzeko. Edozein kasutan, maileguez aparte produktu eta zerbitzu ugari eskaintzen ditu Banco Sabadellek.
Ekintzaileez aparte, nazioartekotze prozesuak finantzatzeko edo eta e-commerce aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dira hitzarmenaren barne. Beraz kontuan izan, negozio aukera baduzu esku artean, edo nazioartekotze prozesu bat abian jartzekotan bazabiltza, orain duzu aukera.

'Zilarrezko arraintxoak' irakurle taldea sortzeko ekimena martxan jarri dute Azkoitiko Udalak eta Aizkibel Liburutegiak elkarlanean. Irene Elortzak bideratuta, literaturaz solasean aritzeko eta eztabaidarako gunea izango da (euskal literatura, itzulpenak, garai eta genero desberdinetakoak... ). Hileko azken asteazkenero izango da hitzordua, 19:00etatik 20:30era, Aizkibel Udal liburutegian. Lehendabiziko saioa (irailaren 23an,  asteartean) baina, berezia izango da. Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak bere azken nobelaz, 'Apirila: nobela baten zainak izenburuko hitzaldia emango baitu liburutegian'. Izan ere, Irakurle Taldeari proposatuko zaion aurreneko liburua horixe bera izango da, Apirila (Susa, 2014).

Honako programazioa prestatu dute datorren urtarrilera bitartean:

 

Uztailean agindu bezala, Andramaixeko app-aren erabiltzaileen artean zinemarako bono bikoitz bat eta tablet bat zozketa ditu Udalak eta Elkarmedia enpresak, eta zozketa horren irabazleek jaso dituzte euren sariak. Udalak emandako zinemarako bonoa Ioritz Badiolari tokatu zaio, eta Elkarmediak emandako tableta, Maria Ostolazari. Asteazkenean jaso zituzten sariak. Guztira 839 pertsonak jaitsi dute appa eta horietatik 66 pertsonek egin dituzte ekarpenak. Udala gustura dago aplikazio horrek izandako harrerarekin eta aurrerantzean ere partaidetza eta herritarren iritziak biltzen jarraitzeko bide berriak lantzen segitzeko asmoa erakutsi du.

EH Bilduk eta EAJk Azkoitiko Udalean dituzten ordezkariek honako adierazpena adostu dute irailaren 18ko Eskoziako erreferendumaren atarian:

ESKOZIAR HERRIARI AGURRIK BEROENA

Urteetako ibilbidearen ondoren, Eskoziar herriak bere etorkizuna libreki erabakiko du datorren irailaren 18an. Eskozian, bertako herritarrek hartuko dute hitza; eta herritarrak izango dira, Eskoziak zer nolako antolaketa politikoa izan behar duen erabakiko dutenak.

Irailaren 18an Eskozian egingo den erreferendum-a, herrien askapen prozesuen ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat izango da. Eskoziarrak, dagoeneko beren herriaren etorkizunaren jabe dira, eta laister batean, Katalunia, Euskal Herria eta munduko hainbat naziok ere eskubide hori egikarituko dugu. Herrien askatasunaren aldeko atzeraezineko prozesu bat abian dagoelako mundu mailan.

Egun historiko honen aurrean, honako adierazpen hau egin nahi dugu instituzio honetatik:


1.- Eskoziar herria zoriondu nahi dugu,
libreki etorkizuna erabakitzeko burutzen ari diren ariketagatik. Herri orok duen eskubidea praktikara eraman da.


2.- Munduko herri askeen historiarako geratuko den data izanik, eta eskoziar herritarrak beraien etorkizuna libreki erabakitzen ariko diren egunean bertan, gure babesa adierazteko, Eskoziako bandera jarriko dugu instituzioaren fatxada nagusian, ikusgarri eta lehentasunekoa izango den tokian batean.

 

Larunbatean (hillak 20) ibaia garbituko dute azkoitiarrek. Auzolanean egingo dute, Azkoitiko Udalak eta Zubiola enpresak sustatuta, azken urteotan ibaiaren kutsadura maila eta honen ondorio kaltegarriak era nabarmenean gutxitu badira ere, oraindik ibaiaren ibarretan pilatzen den zaborra eta zikinkeria areagotzen ari baita. Hala azaldu zuen Inaxio Gorosabel ingurumen zinegotziak. Ekimenean herriko honako taldeek hartuko dute parte: Zero zabor taldeak, Munibe ikastolako guraso elkarteak, Anaitasuna futbol taldeak, Baratzan dantzan kontsumo taldeak, Atletismoko taldeak, Matadeixek, Ehiza eta Arrantza taldeak, Zubiola empresak, Fracking ez taldeak, Piztu taldeak, Urola Institutoak eta Artxamendi topalekuak. Horrez gain, norbanakoak ere gerturatzea espero du Udalak, eta hala egitera animatzen ditu.

 

Azkoitiko Kirol Eskola Kontseiluak hitzaldi bat antolatu du, guraso, entrenadore eta kirol elkarte guztientzat. Hitzaldi honek bi zati izango ditu:
- Lehengo zatia, Kirol aniztasunaren zergatia (benjamin mailan)
- Bigarren zatia, Luis Mari Zulaika Isastiren eskutik Kirol Hezitzaileren bila.
Hitzaldia ostegunan izango da (irailak 18), 18:30ean, Elkargunean. Bertaratu eta parte hartzera animatzen ditu udalak herritar guztiak.
ORDUA: Arratsaldeko 6:30ean.

Edukiontzi marroiek (materia organikoa) sarraila elektronikoa jarrita izango dute, eta ondorioz, horiek irekitzeko bere garaian banatutako txartela erabili beharko da. Txartel hori jada aktibatuta dago eta, beraz, herritarrek ez dute ezer egin beharrik izango erabiltzen hasteko. Bestalde, bilketa sistema hobetzeko beste hainbat neurri ere hartuko ditu udalak:  edukiontzi marroien inguruan garbitasun arazoei aurre egiteko, hauek garbitzeko maiztasuna handitu egin du eta 15 egunetik behin garbituko dira hemendik aurrera. Horrez gain, fardelentzako beste bi edukiontzi jarri ditu Aretxabaletan eta San Martin auzoan. Eta zenbait edukiontzi puntuetan sorturiko arazoei aurre egiteko (poltsak lurrean, poltsak zintzilikariotean ez dagokion egunetan...) Urola Erdiko Mankomunitateko hezitzaileak puntu horien jarraipena egiten hasiko dira eta Udaltzaingoa ere inspekzio lanetan hasiko da.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25