Gipuzkoako Foru Aldundiaren Partaidetzazko Aurrekontuetako 500.000 euroak non inbertitu erabaki dute Urola Erdiko herritarrek.

Hemen herritarrek zehazki aukeratutako proiektuak:

1. Ekintzailetza arloko eskualdeko estrategia garatzea: 122.000 euro.

2. Zestoa eta Zumaia arteko bide berdea osatzen joateko ibilbidean zehar dauden bi tunelen konponketa: 250.000 euro.

3. 2014an zehar lantzen ari den eskualdeko Energia Burujabetza Planak jasoko duen ekimen zehatz bat martxan jartzea: 65.000 euro.

4. Eskualdeko baserri bideen konponketarekin jarraitzea: 63.000 euro.

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoan abiatu zuen Partaidetzazko Aurrekontuen ekimena. Horren helburua da herritarren parte hartzea bultzatzea diru publikoaren kudeaketan, baita partaidetzaren kultura gure gizartean errotzea. Parte hartze prozesu horren berezitasuna da ez dela kontsultiboa, herritarrei azken hitza ematen baitzaio. Herritarrek erabakitzen dituzten proiektuak 2015eko aurrekontuetan txertatzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek berretsi dute.

XV. edizioa izango du jada organo erromantikoaren nazioaren zikloak. Orain hamabost urte hasi ziren Azkoitia, Azpeitia eta Bergarako Udalak ziklo hau antolatzen "Gipuzkoako organo erromantikoen ondare aberatsa aprobetxatu eta ezagutzera emateko", eta helburu horrekin jarraitzen dute. Hala azaldu du Esteban Elizondo zikloaren antolatzaile eta organujoleak. Guztira 10 emanaldi izango ditu aurtengo zikloak, eta horietatik lau izango dira Azkoitian, Parrokian. Larunbatean bertan (hilak 4) organo ikasleen kontzertua izango da 11:00etan, eta 20:00etan, Anabel Aldalur mezzoak, Gorka Zabaleta txistulariak eta Fernando Gonzalo organu joleak emango dute kontzertua. Urriaren 11an Esteban Elizondok berak emango du kontzertua, hau ere 20:00etan, eta hilaren 18an, Koruko Andre Maria musika kapera eta Alize Mendizabal organu jolea arituko dira. Aurtengo edizioan Euskalerriaren Adiskideen Elkartean leku berezia izango du, elkartearen 250. urtemuga dela eta. Azkoitiko emanaldiez aparte, Loiolan beste hiru egingo dira, eta Bergaran beste hiru. Hemen duzue zikloaren programa osoa eta emanaldien inguruko informazioa.

Bizenta Mogel XXXIII. ipuin lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago jada. Hemezortzi urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte lehiaketan, eta ipuinak urriaren 31ra bitartean aurkeztu daitezke, udaletxean bertan. Euskarazko lanak izango dira, lau eta hamar orri bitartekoak, eta irabazleak 500 euro eta oroigarria jasoko ditu. Bigarrenak, berriz, 330 euro eta oroigarria irabaziko ditu, eta hirugarrenak 200 euro eta oroigarria. Ipuinak gaitzizen batekin izenpetuta entregatu behar dira. eta gaitzizen berdina daraman kartazal itxi baten barruan idazlearen datu pertsonalak zehaztu beharko dira. Lanak, berriz, orrialde bakarrean idatzi beharko dira, tarte bikoitzarekin. Orijinalak eta inon argitarau eta saritu gabekoak izan beharko dute. Epaimahaiak azaroaren 29an hartuko du erabakia. Hemen dituzue lehiaketaren oinarriak.

Foru Aldundiaren aurrekontua nola erabili erabakitzeko bi bilera egingo dira aste honetan. Batetik, bihar (asteartea irailak 30), 2015ko aurrekontuekin zein proiektu egin aukeratzeko bilera egingo da. Urola Erdiko herritarrek martxoan eta apirilean proposatu eta lehenetsitako proiektuak juridikoki bideragarriak diren eta zenbat kostu izango duten aztertzen ari dira, eta txosten horien emaitzak kontuan hartuta, orain da behin betiko proiektuak aukeratzeko garaia, eskualde bakoitzari dagozkion 500.000 euroak zertan gastatuko diren erabakitzeko. 19:00etan egingo da bilera hori, Azpeitiko udaletxean.

 

Astelehenean (hilak 29) hasiko da aurtengo Ingurumen Hamabostaldia. Herriko eragile eta elkarte ezberdinek egitarau oparoa antolatu dute aurtengorako ere, ingurumenaren inguruan kontzientzia hartu eta ohiturak aldatzeko helburuarekin. Zazpi talde aritu dira Udalarekin elkarlanean aurtengoa antolatzen: Piztu, Baratza Dantzan, Fracking Ez, Oreka, Abarketatxo Ludoteka, Zuhaitzak Bizirik eta Zero Zabor, eta partaidetza hori nabarmendu izan nahi dute guztiek. Adin guztietako herritarrentzako ekimenak antolatu dituzte; hosto bilketa, txakurren gorotzen aurkako kanpaina, dokumentalak, baratze ekologikoetara bisitak, bizikleta martxa, Urbanue ezagutzeko birak... Baina bereziki burujabetza energetikoaren ingurukoek hartuko dute protagonismoa, Piztu elkartearen eskutik: hala eguzki energiarekin hamaiketakoa prestatuko dute, ingenio berriztagarrien erakusketa edo etxeko instalazio fotoboltaikoen tailerra. Elikadura burujabetzari dagokionez, berriz, Baratza Dantzan kontsumo taldeak dokumental bat eta baserri batera bisita antolatu ditu. Hemen duzue egitarau osoa. Udalak ekintzetan parte hartu eta ingurumenaren kontzientzia sendotzen segitzera animatu nahi ditu herritar guztiak.

 

Gaur, irailak 25, udal osoaren ohiko bilkura egingo da, 19:00etan, pleno aretoan. Hemen gai ordena

Xabier Munibe haurreskolan nahi duen orok ateak zabalik izango ditu urriaren 4an (larunbata) bere instalazioak eta funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko. Helburua da etorkizuneko gurasoei behar duten informazio osoa eman eta euren zalantzak argitzea. Izan ere, azkenaldian, guraso asko informazio eske bertaratu da, baina hezitzaileak haurrekin lanean direnez, ezin izan dituzte behar bezala hartu. Arazo hori konpontze aldera antolatu dute ate irekien jardunaldia. Haurreskolako matrikulazio epea urriaren 1etik 10era da, eta epe horren barruan egin nahi izan dute jardunaldia. 11:00etan hasiko da

Langabeziak gora egin du Azkoitian ekainetik. Uda hasieratik abuztura 57 langabetu gehiagok eman dute izena INEM-en, Iraurgi Berritzenen abuztuko sozioekonomia txostenaren arabera, eta ondorioz, langabezia tasa %12,9tik %13,9ra igo da. Hemen duzue abuztuko sozioekonomia txosten osoa.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
3
4
5
6
11
12
13
14