Azkoitiko "Xabier Munibe" haurreskolak bihar egingo du ikasturte honetako aurreneko hitzaldia. "Lau hanketan eta oinez ibiltzen, erakutsi edo ikasi?" izenburupean, Nerea Mendizabal psikopedagogian lizentziatua arituko da hizlari, eta besteak beste honako galderei erantzuten saiatuko dira:  haur bakoitzaren psikomotrizitate madurazio erritmoa errespetatzearen garrantziaz ohartuz, nola lagundu dezakegu haur batek lau hanketan egin dezan? Eta bere momentua iristen denean, oinez nola ikasten du ( erakutsi gabe )? Hitzaldian hausnarketa eta eztabaida bultzatuko dira, eta gaia interesatzen zaion ororentzat da, bai haurreskolako guraso direnentzat eta baita ez direnentzat ere.  Haurreskolan bertan izango da, 18:00etan.

 

Herritarrek dagoeneko eman dezakete botoa 2015eko aurrekontuetan sartzeko proiektuak aukeratzeko. Gaurtik ostiralera (ostirala barne) bitartean, 16 urtetik gora eduki eta Azkoitian erroldatuta dauden orok eman ahalko dute botoa, udal webgune honen bidez edo udaletxera bertara joanda. 11 proiekturen artean hiru aukeratu beharko dituzte herritarrek: eurentzat garrantzitsuena denari 5 puntu eman beharko dizkiote, bigarren garrantzitsuenari 3 puntu, eta hirugarren garrantzitsuenari, puntu 1. Botoa emateko epea amaitu ostean, datorren astean jakinaraziko dira emaitzak eta proiektu horietatik zein sartuko dituen Udal gobernuak bere proposamenean.

Atzo egin zen herrritarrekin batzarra. Bertan, udal gobernuak orain arte egindako lanak eta datorren urterako asmoak azaldu zituzten aurrena, eta aurten herritarren partaidetza sustatzeko egindako prozesua azaldu ere bai. Horren ondoren, bertaratutako herritarrek euren aukeraketa egin zuten, botoa emanez.

 

Urrategi Alberdi Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailean izan berri da Azkoitiko alokairu sozialeko etxebizitzen proiektuen inguruan hango arduradunekin hitz egiten; Covadonga Solaguren Etxebizitza sailburuordearekin bildu zen iragan astean Alberdi, Floreagako edo 'Tekla'ko etxeen ingurukoak argitzeko. Izan ere, 2007an gune horretan alokairu sozialeko 33 etxebizitzak egiteko proiektua onartu zuen Jaurlaritzak; 2009an, berriz, obrak hasteko baimena eman zion Udalak Jaurlaritzari 2009an, baina proiektua geldirik dago oraindik.
Azkoitiko proiektuak aurrera segitzen duela esan dio Solaguenek Azkoitiko alkateari, eta proiektuaren ejekuzioa 2015ean hasiko den plangintzan sartzeko asmoa duela agindu dio
. Hori horrela izanda, baliteke obren lizitazioa datorren urtean egin eta obrak 2016ean hastea, baina datarik ematen ez da ausartu Etxebizitza sailburuordea.

 

Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak, Uroka Kosta Gozatu! mugikorretarako eta tabletetarako aplikazioa sortu du landa eremuko aktibitateak ezagutarazteko eta sustatzeko nahiz bertako produktuei balioa emateko helburuarekin, eta tartean daude Azkoitiko hainbat eragile. "Eskualdera gerturatzen diren edo gerturatu daitezkeen pertsonei zuzenduta egoteaz gain, eskualdeko bizilagunei ere baliogarri izan dakiokeen aktibitate eta zerbitzuz osatua dago. Aplikazio honek, berezitasun edo zerbitzu berritzaile bat du. Aplikazioaren bidez salerosketa egiteko aukera izango da. Aplikazioetan nahiko berria den arren, joera edo garapen hori aurreikusten da aplikazioetan. Salerosketa egiteko ordainketa, transferentzi, edo txartel. Salerosketa egiteko Paypal sistema erabiltzen da, bereziki interneteko salerosketa fidagarriak egiteko sistema berezia da", agertu du Urkomeko teknikari den Aritz Arzallusek.

 

Orain hilabete  aurrekontuen partida bat herritarren esku utziko zuela iragarri zuen Udalak, Denon Herrixen prozesuaren barruan, eta partida hori zenbatekoa izango den erabaki du jada: 250.000 eurokoa. Diru hori zertan gastatu proposamenak eskatu zizkien Udalak herritarrei, eta guztira 113 herritarrek egin dituzte proposamenak: 42 on line eta 73 esku-orri bidez. Horiek guztiak aztertu egin ditugu Udalak, aurreko urteetatik jasota zituen beste proposamen batzurekin batera, aukeraketa egin du bozketara ateratzeko. Bi irizpide erabili dira aukeraketa egiterakoan: 2015ean egiteko moduko proiektuak izatea, eta 250.000 euroko partida horren herena baino gehiagoko gastua ez izatea. Hori kontuan izanda, 12 proiektu aukeratu ditu zozketara eramateko. Hemen duzue zerrenda

12 horiez gain, beste 26 udalaren aurrekontu propioan inkorporatu ditu, eta, beraz, egin egingo dira datorren urtean. Kanpoan 26 proposamen utzi ditu, aipatutako irizpideak ez betetzeagatik.
Orain herritarrei dagokie 12ko zerrenda horretatik zein egin erabakitzea. Boto bidez egin ahalko dute, eta hiru modu izango dituzte botoa emateko:

  • Azaroaren 17an (astelehena) herritarrekin batzar irekia egingo dugu eta bertan botoa emateko aukera egongo da.
  • On-line bidez ere eman ahalko da botoa, udal webgunean, 18tik 21era bitartean.
  • Eta udaletxeko harrera bulegoan ere bai, 18tik 21era, ohiko ordutegian.

Urola Erdiko Mankomunitateak emandako azkeneko datuen arabera, hondakinen %80,64 gaika bildu da Azkoitian urrian. Uztailaren amaieran sistema mistoa martxan jarri zenetik, gaikako bilketa tasa etengabe gora doa. Abuztuan %74,41ekoa izan zen, irailean %77,47koa eta urrian %80,64. Aipatzekoa da 2014 urteko lehen hiruhilekoan, honako gaikako bilketa tasak lortu zirela: urtarrilean %43,08, otsailean %38,32 eta martxoan %38,47. Beraz, hilabete gutxian bilketa tasak bikoiztu egin dira azkoitian.

Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkie Udalak azkoitiarroi, birziklatzearen alde egindako apustuagatik. Oraindik hobetzeko aukera badugula sinesten dugu, gainera, eta seguru gaude guztion ahaleginarekin lortuko dugula. Aldaketa txiki baten ordain handia ekarrik digu, eta segi dezagun bide honetan.

Indarkeria matxistaren aurkako eguna da Azaroaren 25a, eta egun horren harira, Berdintasun sailak hainbat ekimen antolatu ditu, indarkeria horri aurre egin eta gizartea sentsibilizatzeko. Besteak beste, txapa tailer bat, autodefentsa ikastaroa, zinea eta tertulia lila antolatu ditu, Horrez gain, Azkoitiako eta Azpeitiako ikastetxeek (bi herrien arteko hezkidetza foroaren barruan) adierazpen bateratuta egingo dute, eta gazteak eta indarkeria matxistaren inguruko mahai inguru bat ere antolatu dute. Azaroaren 25ean bertan, berriz, elkarretaratzea egingo da, Emakumeen Mahaiak antolatuta. Izan ere, egitarau hau eragile ezberdinekin elkarlanean antolatu du Udalak: Emakumeen Mahaiarekin, Zinetogramekin eta aipatu Hezkidetza Foroarekin.

Ekintzetan parte hartzera deitu nahi ditu herritarrak Udalak, indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa delako guztion inplikazioa. Hemen duzue ekimen guztien egitaraua.

Euskara plana herritarrekin elkarlanean egiteko prozesuan, bigarren bilera egingo da bihar, osteguna, Elkargunean. Bertan, dagoeneko herritarrek egindako propoposamenak aztertuko dira eta plan berriaren nondik norakoak diseinatuko. Zehazki, 19 proposamen egin dituzte herritarrek, besteak beste:
- Udalarekin harremanak erderaz nahi dituzten herritarren zerrenda osatzea,
- Euskazko funtzionamendua bermatzea herriko kirol, kultur eta aisialdi taldeetan.
- Soziolinguistikoki herritarrak janztea.
- -Herri komunikabidea, herritik eta herritarrek sortua, egitea Udalaren babesakin: atari digitala eta paperezko euskarria.
- Hitanoaren erabilera bultzatzeko ikastaroak eskaini.

Proposamen guztiak eta planaren zirriborroa lantzera gonbidatu nahi dituzte Euskara Zerbitzuek herritar guztiak. Bilera 18:30ean izango da, Elkargunean.