Azkoitiko Udal Gobernuak 2015eko aurrekontuetarako dituen asmoak jakinarazi berri ditu. 13.010.000 eurorekin osatu dute aurrekontu orokorra eta  maileguak ordaintzeko iaz baino 443.554 euro gutxiago erabiliko dituenez  (eta 2013an baino 1.132.500 euro gutxiago), inbertsioetarako aukera zabalagoa izango du. Inbertsiorik handiena Floreaga auzoan igogailua jarri nahi du Udal gobernuak. 500.000 euroko partida aurreikusi dute proiektu hori egiteko. Hango bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko asmoz jartzekoak dira igogailua, Aldalur autobus enpresaren ondotik auzoaren goialderaino, bi pisurekin.

Orokorrean, partida guztiak mantendu egingo ditu, eta alor batzuk bereziki indartu. Hala,  alokairua sustatzeko, 148.000 euroko partida sortu dute: batetik, alokairu sozialera bideratzeko etxeetan egin behar dituzten obretan lagunduko dute. Bestetik, gazteak gurasoen etxebizitzetatik emantzipatu daitezen, etxebizitza bat alokatzeko haiei zuzendutako diru laguntzak eskainiko dituzte. Azkenik, saltokia martxan jarri nahi dutenek laguntzak jasoko dituzte alokairurako.

Azkoitiko Udalak sei proiektu egiteko 205.450 euroko kreditu aldaketak egin ditu. Besteak beste, Elkarguneko saskibaloi kantxa egoera txarrean dagoela eta, hango lurra berrituko dute, eta horretarako 84.000 euro bideratuko dituzte.  Horrez gain, Azkoitiko San Joango futbol zelaian harmailak ere estaliko dituzte, eta hango posteak babestuko dituzte, 26.750 euroko partidarekin. Nagusia Kaleko hiru eta bost zenbaki artera sartzeko dauden eskailerak ere berritzeko obrak egingo dituzte, hango irisgarritasun arazoei aurre egiteko asmoz. Horrek 23.000 euroko aurrekontua izango du. Txiki Golf tabernan, bestetik, hesi bat jarriko dute, eta horrek 15.700 euroko gastua eragingo du. Baina azpiegituretan ez ezik, babes soziala sendotzeko ahaleginetara ere bideratuko du dirua kreditu aldaketa horren bidez: etxez etxeko zerbitzua indartzeko 50.000 euro jarriko dituzte, eta «babesik gabeko egoeran» aurkitzen diren familiei zerbitzua 6.000 eurorekin indartuko dute. 

Bai euskarari ziurtagiridun dendetako zozketako bi zenbaki oraindik agertzeke daude: FK kopistegian banatutako  0602 zenbakia eta Aranbarri drogerian bandatutako 0114 zenbakia dira agertzeko falta direnak. Txartel jebeek gaur dute azken eguna txartel saridunarekin Udaleko euskara zerbitzuetan agertzeko, larunbatetik aurrera zenbaki horiek ordezkoei emango baitzaie saria. Ordezko zenbakiak honakoak dira: 2246 txartela, PSOE tabernan banatutakoa, eta 1397 txartela,  Kinttela estankoan banatutako. Txartel irabazleek 200 euro izango dituzte zirtagiridun dendetan gastatzeko.

Elkargunearen etxabean azken lanak egiten ari dira langileak. Azken ukituak amaitzen ari dira, Gabonetako oporraldia bukatzerako guztia prest egoteko. Izan ere, orduan aurreikusten da musika eskola, banda eta herriko musika taldeak bertara lekualdatzea.  Eta guztia ondo bidean, oporren bueltan martxan izango da Musikagune berria.

Mila metro koadroko eremua hartuko du gune berriak, eta hiru gune izango ditu: bata musika eskolarentzat, bestea bandarentzat eta hirugarrena musika taldeentzat. Gune hauetako bakoitzak bere sarrera eta irteera izango du, baina aldi berean, barrutik elkarrekin lotura egongo dira hirurak, eta, esaterako, bandaren gunea Musika Eskolako orkestrak ere erabiliko du. Izan ere, Musikagunea azpiegituretatik haratago doan proiektu bat da: musika alorrean ari diren azkoitiarren arteko elkarlana eta sinergiak lortzeko helburua ere badu.

 

Aldarria eta festa nagusi izan ziren atzo Azkoitian, Euskeraren Nazioarteko egunean. Goizean egindako ekitaldian plaza gaztetxoz bete zen eta egindako olatuak sekulako giroa sortu zuten herrian. Ekitaldian Urko Aristik egunerako idatzitako manifestua irakurri zuten Floreaga eta Xabier Munibe ikastolako gaztetxoek eta Gu Ere Bertsotan egitasmoan aritzen direnek bertsoak ere kantatu zituzten. Bost taldetan etorri ziren ikasleak plazara, bakoitza bere lelo pusketa batekin, eta guztien artean honako mezua zabaldu zuten: 'Azkoitian euskaraz 365 egun geu izateko euskararen herrian'. Lelo hori gero udal balkoian zintzilikatu zuten udal ordezkariekin batera.

Euskararen Nazioarteko eguna da gaur, abenduak 3, eta egun hori aukeratu du Azkoitiko Udalak bere Interneteko domeinua .eus bihurtzeko. Hala, gaurtik aurrera, Udalaren web helbidea azkoitia,eus izango da. Horrekin batera, gaur herrian Euskara Mahaiak antolatuta egingo diren ekimenetan parte hartzera ere deitu nahi ditu azkoitiarrak Udalak, eta euskararen eguna urteko 365 egunetan dela gogora arazi.

Bi asteburu luzeren ondoren, bukatu dira Sanandres festak. Euriak euri, umorez eta giro onean joan zen Sanandres eguna igandean, eta jendez lepo egon ziren kaleak eguerdi bueltan. Bereziki hunkigarria izan zen Tomas Zubizarreta 'Zendoixe' trikitilariari egindako omenaldia. Igande eguerdian, udal pleno aretoan, 'Zendoia, pozaren mezularia liburua eta diskoa (32 piezarekin)' aurkeztu zuen Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak, trikitilariak 84 urte bete zituen egun berean, eta aurkezpenarekin batera, herriko eta bailarako trikitilari gazte zein heldu bildu ziren bertan. Ondorengo herrikirol erakustaldian ere ez zen emoziorik falta izan, eta plazara gerturatututakoek gozatu ederra hartu zuten Olasagasti, Idoia eta gainerako kirolariekin. Festetako argazki eta bideoak Azkoitiko Udalaren Facebook atalean dituzue ikusgai.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25