Asteleheneko (azaroak 26) goizeko 6:00etatik aurrera Trenbideraren Zumardia 1-9 zenbakien artean aparkalekuak libre uzteko eskatzen du Udaltzaingoak, toki horietan barrakak jarri behar dituztelako.

Igandea, azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko eguna da. Emakumeenganako indarkeria egun gizarteak duen arazo larrienetakoa dela argi du Udalak, emakumeen eta gizonezkoen arteko desorekaren arteko adierazpen latzena dela ere bai, eta horri aurre egiteko ardura eta konpromisoa berretsi ditu. Azaroaren 25a salaketa eta hausnarketa eguna dela adierazi du Esther Lizarralde Berdintasun zinegotziak, eta horretarako antolatutako ekimenetan parte hartzera deitu ditu herritarrak; baina horrez haratago, indarkeria horren kontrako erreminta eraginkor eta zehatzak beharrezkoak direla adierazi du, eta helburu horrekin dagoeneko indarkeria matxistaren kontrako protokoloa eratzen ari direla.

 

Iragan ostiralean '11 kantatzeko' ipuin kantaketa Aizkibel Udal liburutegian izan zen. Proiektua osatzen duten bideo eta liburuaren aurkezpen didaktikoa egin zuten aurrena, eta ondoren, ipuinak bertsotu ziren, flautarekin lagunduta. Horren ondotik, umeek karaokean abesteko eta dantzatzeko aukera izan zuten. Guztira 40 lagun inguru bertaratu ziren.

 

Joan den irailean Azkoitixen Bai Euskarari! egitasmoaren sustapen fasea martxan jarri zuen Udalak eta orduz geroztik, Azkoitiko establezimenduei egitasmoan parte hartzeko gonbita egiten ari zaie. Teknikari bat dagoeneko hasi da establezimendu horiek banan-bana bisitatzen eta egitasmoaren inguruko informazioa ematen.

Eta orain arte egindako bisitek eman dute aurreneko fruitua: Elkarmedia, S.L. enpresak egitasmora bat egitea erabaki du, eta lehenengo urtez jasoko du Ziurtagiria.

 

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Azkoitian? Galdera horri erantzuten saiatuko dira larunbatean Elkargunean egingo diren Kulturen arteko Topeketetan. Lema honakoa da: hizkuntza guztiak garrantzitsuak dira eta denek aberasten dute Azkoitia. Zein da zure hizkuntza? Arabiera? Gaztelania? Euskara? Txinara? Pulaar? Romano? Punjabi? Urdu?Edo beste bat? Emun kooperatibako kideek jorratuko dute gaia: bideo bat ikusiko da aurrena, eta gero bertaratzen diren jatorri ezberdineko azkoitiarrek euren esperientzia kontatu eta mahai ingurua egingo dute. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta bertaratu eta parte hartzera gonbidatzen ditu herritar guztiak Udalak.

 

 

Obra batzuk direla medio, Santa Klara kalea itxita egongo da astelehenetik aurrera, Gabonak ingurura arte. Konbentu paretik igerileku parera itxiko dute errepidea, autoentzat.

Iraurgi Saski Baloia taldea (Zilarrezko Adecco liga) babestuko du Azkoitiko Udalak, Azpeitikoarekin batera.Taldearen babesle berriak izango dira bi udalak, eta ondorioz, taldeak izena aldatuko du: Azpeitia-Azkoitia ISB.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra