Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua dibulgatzeko lan ugari egin da azken urteetan. Emandako azken urratsa, panel informatiboak jartzea izan da aztarnategian bertan, aztarnategiaren eta bertan garatzen ari den ikerketa arkeologikoaren informazioa zabaltzeko helburuarekin.Horrela, aztarnategiaren puntu interesgarrienetan 5 panel jarri dira Munoaundi ezagutarazteko eta Euskal Herriko Burdin Aroaren testuinguruan kokatzeko. Halaber, 2006tik aurrera egiten ari diren lan arkeologikoen behin-behineko emaitzak azaltzen dira, bai egiturak –harresia, sarbidea, aterrazamenduak–, bai berreskuratutako material arkeologikoak. Panel horien informazioa lau hizkuntzatan idatzi da: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa; baina, testuei baino, irudiei eman zaie garrantzia, eta argazkiez gain, Enrike Lekuonaren marrazkien bidez, duela 2.500 urteko herria nolakoa izango zen berreraikitzen saiatu da.

Baztartxo antzokiko zine emanaldiek etena izango dute uda dela eta. Bihar emango dute denboraldiko azken filma, Matadeixe Zinetogramek antolatzen dituen zine klub saioen baitan. Alfonso Ruiz Palacios zuzendari mexikarraren "Güeros" (2014) ikusgai izango da, 22:00etan. 

Udako oporraldiaren ondoren, Udalak  irailaren 18an ekingo dio 2015-2016 zine denboraldiari.

Udalak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean sustatzen duten Altamirako Baratza Parkearen aurkezpena egin zen, atzo. Baratze ekologiko bakoitzaren kokapena eta parkeko azpiegiturak ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek. Hurrengo hitzordua ikastaro teoriko-praktikoan izango dute, ekainaren 29tik uztailaren 4a bitartean.

Iraurgi Saskibaloi Taldeko "Zurt taberna ISB" nesken taldeak piztuko du Balda Plazako San Joan gaueko sua, gaur 22:00etan.  
Hain zuzen ere, taldean jokatzen duten hiru azkoitiarrek, Intza Lizarazuk, Maite Lizarazuk eta Aitziber Besgak hasiko dute ekitaldia, Udal ordezkariek lagunduta. Taldeak lorpen handiak eskuratu ditu aurtengo denboraldian, eta LF-2 mailara igo zen joan den maiatzean.


Gaueko suak piztu aurretik, baino, izango da festa girorik herrian. Xabier Munibe Ikastola eta Floreaga Ikastetxeko Kandiola dantza taldeak eta Bizkargi Dantza Taldeak emanaldia egingo dute, 19:30ean hasita. Horrez gain, Musika Bandak kalejiran aterako da. Balda Plazako ikuskizunean, berriz,  22:00etan piztuko dute sua, Sahatsa Dantza Taldea, Iraurgi Abesbatza, Parrokiko Abesbatza eta Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin. Ondoren, Musika Eskolako Dantza Taldeak "VII. Zatoz Dantzara Balda Plazara" emanaldia eskainiko du.

Pasa den larunbatean jokatu ziren teniseko 2015eko Grand Slam txapelketako finalak, Txerloian. 6 eta 9 urte bitarteko haurrek jokatu zuten goizean, eta arratsaldean, 10-18 urteko gazteek. Eguraldi aparta izan zen egun guztian eta ikusle ugari bildu zen tenis pistetan.

Argazki eta bideo gehiago ikusteko moduan daude Anaitasuna Tenis Klubaren www.txtenis.com webgunean. 

Udalbatza berriaren lehendabiziko plenoa izango da bihar, 18:00etan, eta bertan  Udalaren funtzionamenduaren eta hainbat organoetarako izendapenen inguruan bozkatuko dute, besteak beste. Hemen duzue biharko udalbatzarrerako gai ordena.

Elkarrekin Eraikitzen 2014-15 proiektuaren itxiera ekitaldia ospatu zen atzo, osteguna, Azpeitiko udaletxean. Aurtengo ekitaldian, iaz bezala, eskualdeko 5 ikastetxeek (Floreaga Salestar Ikastetxea, Iraurgi Ikastetxea, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Xabier Munibe Azkoitiko Ikastola eta Urola Ikastola) hartu dute parte. Proiektuaren koordinatzaile lanetan berriz, Iraurgi Berritzen -Urola Erdiko garapen eta berrikuntza erakundeak- eta Ie Team kanpo adituak aritu dira. 7 eragileek elkarlanean garatu duten edizio hau 2014ko udazkenean hasi eta atzoko jardunaldiarekin amaituko da, datorren ikasturtean edizio berri bati ekingo zaiolarik.

Altamirako baratze ekologikoetako bat eskuratzeko lehen deialdian izena eman zutenen arteko onartuen behin betiko zerrenda osatuta dago. Guztira, 45 herritarrek osatzen dute zerrenda, eta guztiek dute hitzordua datorren ekainaren 23an (asteartea) zein lursail egokitu zaien jakiteko egingo den zozketa publikoan parte hartzeko. Elkarguneko Oteiza gelan, 17:00etan egingo da zozketa. Ondoren, Udalak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean sustatzen duten Baratza Parkearen aurkezpena egingo da Altamiran bertan, eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko aukera izango dute erabiltzaileek.

Gogoratu, oraindik beste 20 bat baratze libre gelditu direla eta Udalak ortu hauek eskuratu ahal izateko bigarren deialdi bat zabalik duela. Bigarren deialdi honetan izena eman nahi dutenek, ekainaren 24a (asteazkena) arteko epea dute horretarako. Interesa dutenek udaletxeko harreran eman beharko dute izena.

Al Ar Az Og Or Lr Ig