Jubilatuen egoitzako igogailua matxuratuta dago astelehenaz geroztik. Motorra aberiatu zaio eta konpontzeko ohi baino denbora gehiago behar duela adierazi dio igogailua kudeatzen duen enpresak Udalari. Halere, larunbaterako konponduko dute. Udalak eragozpenak eskatu nahi dizkie erabiltzaileei, eta igogailua ahalik eta azkarren konpontzeko ahaleginetan ari dela adierazi.

Elkarlana eta parte hartzea helburu, Azkoitiko Udalak auzolana bultzatu nahi du eta horretarako araudi bat prestatzen ari da. Araudi horren zirriborroa eginda du jada, eta laster onartzekoa da. Hemen duzue eskuragarri zirriborroa. Araudia onartu bezain pronto lanean hasi nahi du, gainera, Udalak, eta dagoeneko ari da  auzolanean egin daitezkeen lanak aztertzen. Horretarako, herritarren proposamenak jaso nahi ditu: zure auzoan, inguruan edo herrian auzolanean egiteko proiektu eta ideiaren bat badaukazu, emaiozu bere berri Udalari, horretarako webgune honetan bertan prestatu dugun atalaren bidez.

2013ko Andramaixek baloratzeko bilera egingo da ostegunean (irailak 19). Aurten herritar ugarik hartu du parte festen antolaketan eta prozesu hori nahiz festak orokorrean nola joan diren baloratu nahi du Udalak azkoitiarrekin. Balorazio bilera horretan herritar guztiek hartu dezakete parte, eta hala egitera gonbidatzen ditu Udalak herritarrak. 19:00etan izango da bilera, Elkargunean.

 

Azkoitiako historia eta historiak Azkoitian izan duen garrantzia ezagutzeko udako azken hitzordua larunbatean izango da (hilak 21). Izan ere, orduan egingo da uda denboraldiko azken bisita gidatua, herritar zein turistentzat. Juan Bautista Mendizabal kronista ofizialak egingo ditu gidari lanak, eta 12:30ean abiatuko da parrokia aurretik; joan nahi dutenek, ostiral eguerdia baino lehen eman beharko du izena. Hemen informazio osoa

Gure inguruari Begirada bat argazki lehiaketa martxan da jada eta interesatuek azaroaren 8ra arte dut euren lanak aurkezteko epea. Gaia honakoa da: Naturaren ikuskizuna.  Hemen oinarriak

Iraila hastearekin batera Azkoitiko AEK euskaltegiak ere ateak ireki ditu. Beste urte batez, herritarrak euskalduntzeko ahaleginetan ariko da AEK eta horretara bideratuko ditu bere baliabide guztiak."Euskara praktikoa" lelopean jarri da martxan aurtengo matrikulazio kanpaina, izan ere, erabileran oinarritutako metodologia praktikoa eta eraginkorra darabilte, lehen egunetik hitz egiteko aukera ematen dizuna. Irailaren 19an amaituko da matrikulazio kanpaina. Iaz, berrikuntza gisa, aurre-matrikulazio kanpaina jarri zuten martxan eta oso gustura daude emaitzarekin; iazko ikasturtean aritutako ia %50a matrikulatu baitzen aurtengo ikasturterako. Beraz, giro jatorrean euskara ikasi edo hobetzeko gogoa baduzu, jo AEKra : Kultur Etxeko, 4. solairua, 4.gela. (10:00-13:00 / 17:00-20:00). Bestela, telefono hauetara dei dezakezu: 943 15 10 89 edo 607 612 697 edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi. Nahi izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuan ere informazioa eska dezakezu eta baita udal webgune bidez ere.

 

Iraurgi Berritzenek Team Academy Euskadi eta Tecnaliak antolatutako Leadership Adventure programan parte hartzeko aukera eskainiko du beka baten bidez. Bailarako gazteen artean ekintzailetasuna sustatzeko eta enpresa berritzaileen ideiak abian jartzeko asmoz prestatu du egitasmoa, lan jardueran hastera doazen eta Azkoitian eta Azpeitian erroldatuta dauden gazteei zuzenduta.

 

Irailaren 2az geroztik 24 autobus zerbitzu gehiago daude  Azkoitia eta Azpeitia artean. Horrez gain, Zestoatik Zumarragako ospitalera lau zerbitzu gehiago daude  eta Azkoitia eta Zumaia artean (Aizarnazabaletik igarota) beste bi. Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Aizarnazabaleko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lortutako akordio bati esker hobetu da garraio publiko zerbitzua, eta helburua eskualdearen irisgarritasuna hobetzen jarraitzea da. Hemen duzue autobus zerbitzu berrien ordutegia.

 

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra