Udalak bilera batera deitu ditu Santa Klara auzoko bizilagunak bidegorriari buruzko xehetasunak emateko eta horrek eragingo lituzkeen trafiko aldaketak azaltzeko, euren iritzia ezagutu eta mahaigaineratu daitezkeen ekarpen edo iradokizunak jasotzeko asmoz.
Bilera asteazken honetan izango da, hilaren 15ean, Elkarguneako Oteiza aretoan arratsaldeko 19:00etan.
Santa Klara kalea eta Ugarte-Igarako igerilekuak lotuko dituen bidegorria eraikitzeak esan nahi du errepide hori norabide bakarrekoa bihurtuko litzatekeela estuegia delako. Azpeititik datorren trafikoa Santa Kutz parean ezkerrerantz desbideratu eta Azkotiko erdigunera Julio Urkixotik sartuko litzateke.
Udaleko arduradunek duten planteamendua azalduko diete auzokideei guztien artean gaia jorratu eta beste aukerarik egon daitekeen ikusteko.

Bai Euskarari ziurtagiridun dendetako zozketako sari bakarra gelditzen da banatzeko: 1.839 zenbakidun txartelarena. Koxka kafetegian banatu zen aipatu txartela. Saridunak Euskara Zerbitzuekin jarri behar du harremanetan (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. edo 943 85 71 75 telefonoan) uztailaren 17a (ostirala) baino lehen 200 euroko saria eskuratzeko.

Gazteria Saila elkartruke programa garatzekoa da, bihar hasi eta uztailaren 17a bitartera. Iruñeako, Gasteizko eta Azkoitiko  15-17 urteko 17 gaztek hartuko dute parte ekimenean, eta haientzat egitarau zabala prestatu dute. Elkartrukea garatzeko, “Azkoitti gazteen ikuspegittik”  lan ildoa aukeratu dute. Azkoitiko taldeak gonbidatzaile lanak egingo ditu Euskal Herriko beste gazteak hartuz eta herria eta bere historia erakutsiz.

 

Elkartrukean garatuko duten lanari dagokionez, herriari buruzko bideo bat sortu eta muntatuko dute. Bertakoak zer eta nola ikusten dugun eta baita beste herrikoek zer eta nola ikusten gaituzten ere erakutsiko duen bideoa, hain zuzen. Gazteria Sailekoek argitu dutenez, "proiektuak fase ezberdinak izango ditu, hasera orain emango zaio, ikasturtean zehar beste topaketa batzuk garatzekotan gara, eta hurrengo udan azkoitiar gazteei aukera emango diegu beste herrietara joateko".

Hebentik elkarteak pilota, dantza, musika eta hitza uztartzen dituen ikuskizuna ekarriko du, bihar, Oteiza Pilotalekuetara. 22:00etan hasita, 'Pilotarhitza' emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek, doan. Hasteko, Nestor Basterretxeeak eta Fernando Larrukertek 1964. urtean elkarlanean zuzendu zuten Pelotari film laburra ikusteko aukera izango da. Bermeon grabatutako lan honetan Atano III, Atano X, Kortabitarte, Akarregi, Ogeta eta Gallastegi pilotari handiak azaltzen dira.
Ondoren, pilota jokoaren inguruan egindako 'Pilotarhitza' ikuskizunaren txanda etorriko da. Dantzarien eta pilotarien mugimenduen arteko parekotasunetatik abiatutako emanaldi hau Mizel Theret biarriztar koreografoak sortua da. Bertsolaritza da emanaldiaren oinarrietako bat, eta bihar Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra izango da ikuskizuna hitzez jantziko duena.

Urbanue herri barruko autobus zerbitzuak hainbat aldaketa izango du uztailaren 13an hasi eta irailaren 4a bitartera. Ugarteigaran igerilekuetarako zerbitzuak handitzeko helburuarekin jarriko dira indarrean aldaketa hauek. Hemen duzue informazio osoa.

 Ordutegiari dagokionez, goizeko 07:30etik 08:30era ez da zerbitzurik izango. Urbanue goizeko 08:30ean hasiko da martxan Ipintzatik, ohiko ibilbidearekin. Arratsaldean, berriz, 15:30ean hasiko da zerbitzua, Ipintzan, eta 15:45ean iritsiko da igerilekuetara. Bestalde, liburutegiko geltokitik 16:00etan abiatuko da Urbanue, Ugarteigaranera 16:20an iristeko. 16:30 etik bukatu arte, ohiko ordutegia mantenduko da.

Ibilbideari dagokionez, hauek dira aldaketak:

- 2. Biran, Klara Doneako geltokia kenduko da.

- 3. Biran, Insausti parkeko geltokia kenduko da, eta San Martin kaletik -Altzibartxo aldera luzatuko da zerbitzua..  

2015eko Andramaixek diseinatzeko prozesua abiatu duen lehendabiziko parte-hartze bilera egin zen atzo, Elkargunean. Bertan bidlu ziren herritarrek, hainbat elkarteko kideek eta Udal ordezkariek aurtengo festen egitarauari buruzko proposamenak eta ideiak partekatu zituzten.

Aurreko urteko festen balorazioarekin hasi zen bilera irekia, hutsuneak identifikatuz eta hobetu beharrekoak aztertuz. Ondoren, aurtengo egitarauan aldaketak egiteko proposamenak jaso zituzten denen artean. Besteak beste, San Roke eguneko rock kontzertua egun bat aurreratzea edo sokamuturra berreskuratzea izan ziren mahaigaineratutako proposamenetako batzuk. 

Ideia hauek guztiak aztertu eta bideragarriak diren erabakiko du Udalak datozen egunetan. Bien bitartean, azkoitiarrek eta herriko elkateek proposamen eta iradokizun gehiago helarazteko aukera zabalik izango dute honako bideak erabilita: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatzita, Kultura teknikariekin edo zinegotziekin harremanetan jarrita,  eta 943 857170 telefonora deituta.

Azkoitiko Udalak herriko enpresetan euskara planak bultzatzeko diru-laguntzak eskainiko ditu aurten ere, lan munduan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Euskara plana martxan jartzea erabakitzen duten herriko enpresek 2.000 eurora arteko laguntza jasotzeko aukera izango dute.

Iragarkia hemen. 

Diru-laguntzen inguruko informazio gehiago nahi dutenek, udaletxeko euskara zerbitzuetara jo edo 943-85 71 75 telefonora deitu dezakete horretarako. Diru-laguntzen informazio osoa, berriz, hemen lortu daiteke: Oinarriak eta eskaera orria.

 Eskariak egiteko epea: 2015eko uztailaren 15era arte.

Al Ar Az Og Or Lr Ig