Bost talde eragile, 19 ekitaldi, 15 egun eta helburu bat: ingurumenaren inguruko kontzientzia landu eta naturarekin elkarbizitzen ikastea. Zenbaki eta hitz horiekin dator aurtengo Ingurumen Hamabostaldia. Ume, gazte eta helduak, denak ditu jomugan hamabostaldiak, eta guztiak kontzientziatzeko egitaraua antolatzen saiatu da: "Eguneroko ohitura batzuk aldatu eta naturarekin elkarbizitzen ikasi eta erakutsi nahi dugu eta horretarako egin dugu ahalegina", hala adierazi du Inaxio Gorosabel Ingurumen zinegotziak. Hitzaldiak, jolasak, bizikleta martxa... ohiko ekimenek ez dute hutsik egingo, baina badaude berrikuntzak ere: aurreneko aldiz, eta 0 Zabor taldeak antolatuta, bigarren eskuko azoka egingo da larunbatean. Horrez gain, Zuhaitzat Bizirik taldea ere aurkeztuko da, eta Deba eta Zumaia arteko Flyshak ezagutzeko txalupa bidaia gidatua ere egingo da. Horrez gain, Ipintza eta Bizkargi inguruetan auzokonposta egiteko guneak zabaltzeko kanpaina ere zabalduko du Udalak. Etxaniz Autoeskola, 0 Zabor taldea, Oreka bioelkarteak, Barantza Dantzan Kontsumo taldeak eta Zuhaitzak bizirik taldeek eta Udalak elkarlanean antolatu dute hamabostaldia. Hemen duzue egitarau osoa

Joan da Garapenean Bidelagun aste solidarioa eta agerian utzi du Azkoitia elkartasun herria dela. Herritar asko izan dira aste horren baitan egindako ekitaldietan parte hartu dutenak, bai Fiare banku etikoaren inguruko hitzaldian eta batez ere larunbat goizean egindako ekimenetan: Gobernuz Kanpoko Erakundeek hartu zuten herriko plaza eta azkoitiar ugari gerturatu zen euren lana ezagutu eta bakoitzak ahal duen neurriko ekarpena egitera. Eguneko unerik hunkigarriena eguerdian hasi zen: kolore, adin, jatorri eta izaera ezberdineko azkoitiarrek Iparra-Hegoa harremanean oinarritutako poema, kantu, testu, bertso eta esaldiak irakurri zituzten, ordu eta erdi inguruan, mundu justu eta solidarioago baten aldeko aldarria ozen zabalduz. Argazkiak, hemen.

 

Xabier Munibe haurreskolan bihar (urriak 1) hasiko da matrikulazio kanpaina: etxeko txikiak bertara eraman nahi dituztenek bihartik urriaren 31ra bitartean eman beharko dute izena. Eta haurreskola bertatik bertara eta egokiago ezagutzeko ate irekien saioa egingo dute larunbatean (urriak 5), 11:00etan hasita. Gerturatu eta bertatik bertara haurreskola ezagutzera animatzeb ditu herritarrak Xabier Munibe haurreskolak.

Bailarako enplegu planaren barruan, Iraurgi Berritzenek publikatu du abuztuko soziekonomia txostena. Azkoitian, %15,20koa izan da langabezia tasa hilabete horretan, 833 langabaturekin. Txosten honetan dituzue datu zehatzak: emakumezko eta gizonezkoen langabezia, langabetuen prestakuntza, kontratazio mota..

Bizenta Mogel euskarazko ipuin lehiaketa martxan da jada. 18 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte bertan, eta gutxienez lau eta gehienez hamar orriko lanak aurkeztu beharko dituzte. Lanak aurkezteko azken eguna urriaren 31 da, eta irabazlearen izena azaroaren 29an ezagutuko da. Hiru sari emango dira: irabazleak 500 euro eta oroigarria jasoko ditu, bigarrenak 330 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 200 euro eta oroigarria. Hemen lehiaketare oinarriak

 

Azkoitiko Udalak euskara ikasi nahi dutenei eskaintzen dizkien diru-laguntzak eskatu daitezke jada. 2012-2013 ikasturteko bekak eskatzeko epea irailaren 30ean amaitzen da eta aurtengo ikasturterako, berriz, urriaren 22ra bitarten eskatu daitezke. Eskaera udaletxean egin behar da eta oinarriak eta informazio osoa bertako harreran edo udal webgunean dago eskuragai.
Diru laguntzetan aldaketak izan dira aurtengo ikasturtean. Orain arte, bekak  ikasturtea amaitu ostean ematen zituen Udalak, baina hemendik aurrera, ikasturte hasieran emango ditu laguntzak, herritarrek ikasturtea ordaintzerakoan zailtasunik izan ez dezaten.

Irailaren 19an Donostiko Talent House-ko egoitzan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta eskualdeetako garapen agentziek lankidetza hitzarmena sinatu zuten, lurralde garapenerako estrategien diseinuan gobernu eredu berri bat eratzen laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta eskualde garapen agentzien arteko lankidetza arautzea da itunaren xedea eta gobernantza eredu berri baterako bidea irekitzea. Gobernantza eredu berri horretan eskualdeko eragileek modu ireki eta iraunkor batean parte hartuko dute garapen agentziek eskualderako planteatuko dituzten lurralde garapenerako estrategien diseinuan.

 

Larunbatean Alzheimerraren munduko eguna izan da, eta horren harira, gaixotasun horren inguruko jardunaldia antolatu dute Gizarte Zerbitzuek. AFAGI Gipuzkoako Alzheimerraren elkartearekin batera antolatuta, asteazkenean (hilak 25) 'Cuidadores' dokumentala emango dute, eta ondoren, hitzaldia emango du Naroa Diaz Criado, AFAGIko Gizarte Langileak. 18:00etan hasiko da emanaldia, Elkargunean, eta horren ondotik izango da hitzaldia.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra