Udalak erabilera anitzeko makina berri bat erosi du, eta dagoeneko hasi da baserri bideak garbitzen. Brigada astelehenean hasi zen landa eremuko bideetan lanean, eta orduz geroztik, goiz eta arratsalde ari da bide bazterrak txukuntzen. Egunotan Madariaga aldean ari dira, eta pixkanaka pixkanaka auzo eta eremu guztiak pasatzea da helburua, ahalik eta azkarren. Udalak eskuratu duen makina erabilera anitzekoa da, eta bide bazterretako belarrak garbitzeko ez ezik, bestelako lanak egiteko balio du. Horregatik, baserri bideak garbitu ostean, landa eremuko zein herri guneko lanak egiteko erabiliko da.

 

Izarraitz. Goietara ibilaldia gida publikatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen, Iraurgi Lantzenen eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren laguntzariekin. Mendizaletasuna eta turismoa uztartu nahi izan dituzte proiektu horrekin, Izarraitz eta bereziki Xoxote hemendik kanpo ezagutarazi, eta horregatik 10.000 ale argitaratu dituzte, inguruko turismo guneetan banatzeko. Hemen duzue gida eskuragai.

 

Ipuin kontalari bila ibili da Aizkibel Udal liburutegia, eta bilaketa horrek eman ditu bere emaitzak: bost herritar apuntatu dira uda honetan herriko ume zein helduei ipuinak kontatzeko. Eta bihar bertan (asteartea) hasiko dituzte emanaldiak: 18:00etan, Gurutz Garmendia arituko da eta ostegunean, ordu berean, Yamelli Prieto. Hortik aurrera, asteartero eta ostegunero izango dira emanaldiak udal liburutegian, eta herritarrak arituko dira ipuin kontalari. Horrez gain, aipatu beharra dago liburutegiko irisgarritasun arazoak konpontzeko, eraikineko atea aldatu duela Udalak.

Auzokonposta pixkanaka-pixkana zabaltzen ari da Azkoitian. Gero eta herritar gehiagok eskatu dute parte hartzea, eta horri erantzunez, egun liburutegi ondoan dagoen gunea handitu eta liburutegi atzean beste eremu bat martxan jartzea erabaki dute Udalak eta Urola Erdiko mankomunitateak. Horri esker, auzo konposta egiteko hirugarren talde bat jarriko da martxan. Datorren asteartean (uztailak 9) egingo da hori kudeatzeko bilera, 18:30ean, Elkargunean, eta bertan jasoko dituzte azalpenak eta beharrezko materiala herritarrek. Bilera horretan autokonposta egiteko ikastaroa ere emango zaie, interesatuei. Eta herritarren ahalegina ari da aurreneko emaitzak ematen: aste honetan bertan bildu da dagoeneko martxan dagoen auzokonpostaguneko konpostaren lehen uzta, eta oso kalitate onekoa dela esan du mankomunitateak.

Bihar botako dute txupina Iruñean, baina Azkoitian egun bat aurreratu eta gaur bertan egin dute festa. Uztaila Jolasean udaleku irekietan dabiltzan umeek 12:00etan puntuan bota dute suziria udaletxeko balkoitik, eta ordutik dantza eta jolas dabiltza plazan. Hemen dituzue festako argazki batzuk eta baita txupinazoaren uneko bideoa ere.

2013ko Andramaixetan herritarren parte hartzea indartzeko beste ahalegin bat egin nahi du Udalak. Horretarako, atal berezi bat jarri du udal webgunean, eta herriko leku esanguratsuenetan ere galdetegi bat jarri du, herritarren iritzia biltzeko. Horrez gain, datorren asteazkenean (uztailak 10), herriko talde, eragile eta norbanakoekin bilera ireki bat egingo du, gaia jorratzeko. Bilera Elkargunean izango da 18:30eam, eta bertaratu eta parte hartzera animatu nahi ditu herritar guztiak Udalak.

Aizkibel Udal liburutegiak zerbitzu berri bat jarri du martxan: e-book bat eta ordenagailu portatil bat jarri dut erabiltzaileen eskura. E-book-a etxera maileguan eramateko izango da eta portatila berriz bertan, liburutegian erabiltzeko. Bi aparailuak erabiltzeko arautegia ere onartu dute: e-bookaren arautegia eta portatilarena. Dagoeneko erabili daitezke bai e-book-a eta baita protatila ere. Bestalde, gogoratu jada udako ordutegia duela udal liburutegiak

 

Pello Bastarrika alkatea Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailean izan berri da Azkoitiko alokairu sozialeko etxebizitzen proiektuen inguruan hango arduradunekin hitz egitera; Covadonga Solaguren Etxebizitza sailburuordearekin eta Ignacio Basañez Etxebizitza zuendariarekin bildu da, besteak beste. Zehazki, Floreagako edo 'Tekla'ko etxeen ingurukoak argitzera joan da. Izan ere, 2007an gune horretan alokairu sozialeko 33 etxebizitzak egiteko proiektua onartu zuen Jaurlaritzak, baina ekainaren 20an gune horren eraikitze lizentziari uko egiten ziola jakinarazi zioten Lakuatik Azkoitiko Udalari eta hori argi argitzera joan da Bastarrika Gasteizera.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
3
4
5
29
30
31
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra