• Zer nahiago duzu, komun publikoak egitea ala haur parkeak berritzea?• Andramaixek laburtuko al ditugu? Eta... zine eskaintza zabalduko dugu?
• Udal brigadak zer egin beharko du aurrena, plazako baldosak berritu ala herritarrentzat baratzeak prestatu?
• Txakurrentzako gune berezia sortuko al ditugu?

Lagundu iezaiguzu azkoitiarron dirua zertan erabili erabakitzen. 2014ko aurrekontuak lotzeko zure iritzia jakin nahi dugu, zure beharren araberako herria egiten jarraitzeko. Danon Herrixe prozesuaren bigarren ekinaldia ostegunean bertan abiatuko dugu (azaroak 14), eta bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. 
Aurten pausu bat gehiago emango dugu: eremu orokorretik kontu zehatzetara egingo dugu salto. Hemen duzue egitarau osoa.

Asko duzu esateko, asko aportatzeko. Zure iritzia beharrezkoa dugu, danon Herrixe danon artean erabaki eta egiteko. Etorri eta parte hartu, guztiok irabaziko dugu.

 

Gaur hasi eta ostegunero pintxo poteoa izango da Azkoitiko Tabernarien elkarteko kide diren tabernetan. Hala, 18:30etan hasi eta 21:00ak arte, trago bakoitzeko pintxo bat aterako dute tabernariek, honako establezimenduetan: Atraskuan, Deanen, Etxe-Aitzen, Koxkan, Latzen, Olaberrin, Ttakunen, Txalintxon, Zakelan eta Zurten. Ekimen horren helburua da Azkoitiko kale giroa bizitu eta bertako tabernariei bultzada ematea, eta horregatik babestu du Udalak ekimena. Giro hori sortzen hasteko, gainera, trikitilariak ibiliko dira gaur pintxo poteo orduan kalean. Bertaratu eta parte hartzera animatu nahi dituzte azkoitiar guztiak tabernarien elkarteko kideek eta baita udalak ere.

Orain urtebete, iazko udazkenean, Danon Herrixe parte hartze prozesua jarri zuen martxan Udalak. Orduko hartan esan zuen Udalak gobernu irekiaren aldeko apustua egiten zuela, udalaren politika herritarrei zabaldu nahi ziela, nolako Azkoitia nahi zuten elkarrekin hausnartu eta hori lortzeko proiektuak zehazteko. Azkoitia eta azkoitiarren beharrak aztertu ziren; premia horien artean lehentasunezkoak zein izango ziren zehaztu, eta horietatik 2013ko aurrekontuetan zein sartu eta urte honetan zein egingo ziren ere erabaki zen. Urte hasieran, aurrekontuetan, herritarrek aukeratutako proiektu horiek egiteko konpromisoa hartu zuen, eta konpromiso hori betetzen ari dela adierazi dute Pello Bastarrika alkateak eta udal gobernuko gainerako kideek. Haur parkeak konpondu dira, baserri bideak garbitu, San Martinerako espaloia eta Aizpurutxoko zubia konpontzeko lanak esleitzear daude, Ipintzako saneamendua egiteko akordioa lortu da,  autobus urbanoaren ibilbidea, tarifak eta bestelakoak zehazteko bileretan hasi dira herritarrekin, Elkargunean musika gunea sortzeko proiektua esleitu da... Jarraian dituzue 2013rako Danon Herrixen prozesuan lehenetsi ziren proiektuak eta egun nola dauden inguruko informazio zehatza:

 

Ikasturte berriari bihar (asteartea) ekingo dio Aniztasun Kontseiluak. Horretarako, bilera egingo du 18:30ean, Elkargunean. Honako gaiak jorratuko dituzte, besteak beste:

• Aurrekontuak 2014

• Kontseiluaren dinamikaren hausnarketa

• Zurrumurruen aurkako 4. tailerra

• Aniztasuneko udal-programak

Bilera irekia izango dela gogora arazi nahi du Udalak eta bertaratu eta parte hartzera deitu nahi ditu azkoitiarrak.

 

 

Mintzalagun modu naturalean, lasaian eta lagun artean euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen duen doako zerbitzua da eta dagoeneko urteetako eskarmentua du Azkoitian. Zerbitzua emateko euskaldunak eta euskaldun berriak ala euskara ikasleak behar dira, ordea, talde txikiak sortu eta astean behin gutxienez ordubete nahi den lekuan aukeratuko den ekintza euskaraz egiteko, eta horretan parte hartzera animatu nahi ditu Xabier Gantzarain Euskara zinegotziak, "Azkoitian euskaraz bizi garenok egunetik egunera gehiago izateko". Izena emateko azken eguna asteazkena da, (azaroak 6) eta honako telefono zenbakietara deituta edo udal webgune bidez egin daiteke: Azkoitiko AEK euskaltegia / 943 15 10 89 eta Udaleko euskara zerbitzua / 943 85 71 75

 

Iruzur fiskalari aurre egiteko neurriak iragarri zituen iaz Azkoitiko Udalak, eta neurri horiek eman dituzte lehen emaitzak: Jarduera Ekonomikoen Gainerko zergan 320.200 euro gehiago jasoko ditu aurten eta hemendik aurrera ere bide horretan jarraituko du, iruzur fiskalari aurre egitea lehentasunezkoa delako berarentzat, aberastasunaren banaketa justu baten aldeko politikak garatzeko.

Eta hain justu, helburu hori buruan onartu ditu 2014ko zerga eta tasak. Hala, udal tasa eta zergak orokorrean %1,9 igoko ditu datorren urtean, KPIaren adina, altxortegiaren oreka mantentzeko ezinbestekoa delako. "Zerga eta tasena oso gai delikatua da, politikariok bereizten gaituena. Guk gure lana txukun egin nahi dugu, justuak izan eta babesik gutxiena duten herritarren eskubideak bermatzea izango da gure lehentasuna, eta sarrera gutxien dituztenei karga fiskala gutxitzen saiatu gara.", hala azaldu du Urrategi Alberdi Ogasun zinegotziak.

San Andresetako danborrada azaroaren 23an izango da, eta ekitaldi hori prestatzeko entseguak datorren astelehenean bertan (azaroak 4) hasiko dira. Entseguak Gurea pilotalekuan izango dira astelehen eta asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 12:00etara.

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urteko aurrekontu orokorraren zati bat eskualdeko herritarren esku jartzeko asmoz, prozesua hasi zuen duela hilabete inguru. 500.000 euro zertan inbertitu proposatzeko aukera izan dute ordutik Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako bizilagunek, bileren, postontzien eta Internet bidez eta guztira 124 proposamen egin dituzte. Atzo egin zituzten publiko proposamen horiek Diputazioak, eta datorren asteazkenean herri batzarra egingo dute Azkoitian, horietatik zein egin erabakitzeko. Horregatik, Azkoitiko Udalak herritarrak animatu nahi ditu proposamenen zerrenda aztertu (hemen duzue zerrenda) eta eurentzat egokienak direnei botoa ematera. Horretarako asteazkenean (azaroak 6) egingo den herri batzarrera azaldu beharko da, 18:30ean, Elkargunean.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
18
19
20
21
24
25
26
27
28
29
30
31
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra