Bihar arratsaldean, azaroak 10, ura moztuko da Tolosa kaleko 1, 2 eta 3 zenbakietan horniketa sarean hobekuntzak egiteko. Mozketak 15:00etatik 18:00etara iraungo du aurreikusitakoaren arabera. Luzatzen bada, Uraren Telefonora deituta informazioa eskuratu ahal izango da. Tel. 902 30 22 22

Aurreko ostegunean eman zitzaion hasiera ofiziala 2015-2016ko mintzalagun egitasmoari. Talde berriari ongi-etorria eman eta funtzionamendua azaldu ondoren, denek elkarrekin pintxo-poteaz gozatzeko aukera izan zuten. Egun, mintzalagunen 12 talde daude eta 43 lagunek hartzen dute parte. Bost kide dira berriak. Gutxienez astean behin elkartzen dira ordubeteko mintzapraktika egiteko. Programan izena emateko aukera urte osoan zabalik dago, eskatzen den bakarra euskaraz hitz egiteko gogoa eta gutxieneko ulermen eta mintzamen maila dira. Lagun giroa da nagusi. Oraindik gogoz bazaude, izan mintzalagun!

San Jose Egoitzan Adinduen Astea ospatuko dute azaroaren 10etik 15era bitartean. Hainbat ekintza antolatu dituzte egun horietarako errutina hautsi eta entretenimenduari bide emateko. Besteak beste, gaztetxoen bisita izango dute bertan, Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleak San Jose egoitzara hurbilduko baitira bertako erabiltzaileekin tartetxo bat partekatzera.

San Jose Egoitza finalista suertatu da "Pasión por asistir" lehiaketaren bigarren edizioan abian duen baratza ekologikoaren proiektuarengatik. Tena produktu higienikoen enpresaren ekimenez gauzatzen da lehiaketa "Mundua aldatzen duten keinuak" lelopean eta helburua da zaintza lanaren inguruan sentsibilizatzea.

San Josek "Etorkizun jasangarri baten alde Proiektu Hoberena" kategoriara aurkeztu zuen baratzen ekimena eta finalista suertatu da aurtengo edizioan. Egoitzako zuzendariak, Nekane Plazaolak, eta Biharko enpresako zuzendari teknikoa den Larraitz Olaizolak, berriki jaso dute saria Madrilen.

"Nazioarteko operazioetan aduana kudeaketa" ikastaroa antolatu du Iraurgi Berritzenek azaroaren 11rako. Azkoitiko Intsausti Jauregian emango da, goizeko 09:00etatik 13:00era eta eskualdeko enpresei zuzendutako ekimena da. Gipuzkoako Foru Aldundiak osorik lagundutako ikastaroa da eta plaza kopuru mugatuak izango ditu.
Ondasunen esportazio eta inportazioen aduana kudeaketa oinarrizkoa da EBeko kide ez diren herrialdeetan jatorria duten ondasunak euren ekoizpen prozesuan barneratzen dituzten jarduera ekonomikoentzat. Enpresen nazioartekotzearen hazkundeak eta zenbait lehiakortasun abantaila eskaintzen dituzten lurraldeetan ekoizpenaren fase zehatz batzuen kokapenak, era honetako ondasun fluxuen garrantzia areagotu dute.

Bihar, azaroak 3, ura moztuko da Txalon Erreka auzoan goizeko 10:00etatik 12:30era bitartean ur horniketa sarean hobekuntza lanak egiteko. Aurreikusita baino lehenago bukatzen badira lanak, abisatu gabe berriro zerbitzua martxan jarriko da. Aitzitik, esandakoa baino gehiago irauten badute, auzokideek informazioa eskuratu ahal izango dute Uraren Telefonora deituta: 902 30 22 22.

Ibai-Ondo kaleko gasolindegia asteazken honetatik aurrera itxita egongo da hiru hilabetez. Obrak egin behar dituzte industria eta ingurumen legedira egokitzeko. Asmoa da azaroaren 4an ixtea baina erregaia aurretik amaitzen bazaie litekeena da itxiera aurreratu behar izatea.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
22