Azkoitiko Udalak euskararekiko duen konpromisoa berretsi du tokiko komunikabideak diruz lagunduz. "Euskarazko hedabideen aldeko apustua estrategikoa" dela esan du Nekane Larrañaga zinegotziak "euskararen erabilera indartzeko eta euskararen normalizazio bidean aurrera egin ahal izateko. Horregatik, ahal dugun neurrian, informazioaren eta komunikazioaren esparruan egiten duten lana babestu nahi dugu ahalik eta baldintza hoberenetan aritu daitezen. Tamalez, baliabideak mugatuak dira eta erakundeen laguntzez gain, autofinantziazioaren ibilibidea egitea beharrezkoa dute. Bide horretan lanean ari dira eta beraz, Udalak ere bere aldetik bidezkoa ikusi du ekarpen bat egitea".

Abiatzear da UROLA GUSTAGARRI egitasmo turistiko-gastronomikoaren edizio berri bat. Udako Zaporeak izenburupean, larunbat honetan, uztailaren 16an, abiatuko da eta hilabetez luzatuko dira antolaturiko gastroekimenak.

Edizioa aurkezteko Loiolan bildu dira arduradunak bi erakunde sustatzaileen ordezkariak buru direla, Iraurgi Berritzenen lehendakari Javier Zubizarreta eta Urkomeko gerente Yurre Peñagarikano. Mahaikide izan dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari Matie Cruzado eta Beizamako alkate Nekane Otaño. Ekoizleen izenean Inazio Egaña bertaratu da.

Javier Zubizarretak gogora ekarri duen moduan, Urola Gustagarri "eskualdeko ekoizle eta jatetxeen elkarlanari esker, bertako produktuak balorean jarri eta sustatzeko sortu den aisialdi eta turismoko ekimen berezia da" eta Udako Zaporeak "Gipuzkoako eskaintza turistiko anitz eta aberatsa osatzera datorren Urola Erdiko Produktu Turistiko Gastronomikoa".

Zestoako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Iraurgi Berritzenekin, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalekin batera, eskualdeak dituen erronkak aurrera eramateko indarrak batuz.
Javier Zubizarreta alkate eta Iraurgi Berritzeneko presidentearen hitzetan, erakundearen helburua sustapen ekonomikoa eta berrikuntzaren arloan lan egitea da, "eskualde mailako promozio politika eta estrategia publikoak bateratu, sinergiak bilatu eta indartzeko xedez". Azken helburua, gizartea kohesionatu eta herritarren ongizatea hobetzea da, eta bide horretan udalen arteko lankidetza onuragarria da.
Zestoako Udalak parte hartu izen du Iraurgi Berritzenen hainbat ekimenetan baina legealdi honen hasieran beste arlo batzuetan ere parte hartzeko interesa agertu zuen. Eskaera formala egin ostean, Iraurgi Lantzeneko Administrazio Kontseiluak eskaerari baizkoa ematea erabaki zuen ekainaren 7ko bilkuran.

Kutxa Ekoguneak eta Udalak elkarlanean kudeatzen duten Baratze Parkean sekulako landaketa egin dute gaur baratzezain lanetan aritu diren udalekuetako umeek. Uztaila Jolasean programan parte hartzen ari diren 47 haurrek sendabelarrak eta landare lurrintsuak landatu dituzte Altamiran.
Elikadura eta ohitura osasuntsuen garrantziaz jabetzeko balio izan die esperientziak, eta nola ez, dibertitzeko. Landaketez gain, txorimaloak egiten ere ikasi dute. Taldeka banatuta aritu dira eta amaieran, estatuen antzera, lau txorimalo dotore ipini dituzte.

Inazio Iriarte kalea, Errexil taberna aldetik, itxita egongo da obrengatik pare bat astez gutxi gora behera. Lanen lehenengo fasea exekutatzeko kalea itxita dago beste aldetik, baina orain bigarren faseari ekiteko Errexil taberna atzeko partea ere itxi beharra izan dute langileek, Txakur Zulo deritzan bidea alegia. Ondorioz, kalea bi aldeetatik dago moztuta.

Uztailak 18ko astean, berriz, Kale Nagusiko trafikoa moztuko da hiru egunez. Egun horietan, Parrokia aurreko irteera zabalik izango da bizilagunentzat eta zama lanetarako.

Udalarekin adostutako hitzarmena tarteko, Gipuzkoako Urak ari da saneamendu eta horniketa sareak berritzeko lanak zuzentzen. 

Iruñan festak atzo egin zuen eztanda eta gaur Azkoitiko umeek bat egin dute festarekin San Fermin Txiki ospatuz. Zuri gorriz jantzita, Alai Batza aisialdi taldeko Josu Irazuk bota du txupinazoa haurrak lasterka hasi aurretik.

Bidelagun izan ditu udaletxeko balkoian Kira Bengoa eta Lander Zendoia, Sonia Vazquez zinegotziarekin batera. Haurrek hitz batzuk egin dituzte eta entzierro aurreko abesti ezaguna kantatu ere bai. Gora San Fermin!

Udalak irmoki gaitzetsi du larunbat goizaldera emakumezko batek eta bere bikotekide den gizonezkoak Azkoitiko kaleetan jasandako erasoa festan zebiltzan bitartean. Ustezko gazte talde batek bikotea bortizki jo zuen eta emakumeak irain matxistak jasan behar izan zituen.
Polizia iturrien arabera, pasa den larunbat goizaldera gertatu zen erasoa. Dirudienez, ustezko egileek emakumezkoa eta gizonezkoa kolpatu zituzten taberna baten barruan eta erasoarekin jarraitu zuten beranduago kalean.
Javier Zubizarreta alkateak gertaturikoa gogor arbuiatu du eta "lasaitzeko eta elkarbizitza baketsurako" deia luzatu du. "Guztiz onartezina da horrelako tratu txarrak ematea. Horrelako abusuen aurrean tolerantziarik ez duen gizartea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu, guztiz desagerrarazi arte".
Alkateak azaldu du biktimek jarri dutela jada salaketa eta Ertzaintza kasua ikertzen ari dela momentu honetan. Zubizarretak izan du aukera bikotearekin egoteko eta babesa emateko, eta arreta psikologikoa ere eskaini zaie Udaleko Ongizate sailetik.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
4
5
6