sliderra-bilatu.jpg

Azkoitian kontsumo taldea osatzeko lanean ari da hainbat lagun, BasHerri taldearen eskutik eta EHNE sindikatuaren laguntzarekin. Gaur  Elkargunean aurkeztuko dute kontsumo taldea, 18:30ean, eta bertan parte hartuko duten herritarren zerrenda osatzeaz gain, horren funtzionamenduaren nondik norakoak azalduko dituzte. Ekimenean parte hartzen dutenek astean behin «garaian garaiko» barazkiz osatutako otarra jasoko dute, ekoizlearen eskutik eta bitartekarik gabe.

Bularreko minbiziaren goiz detekzioari buruzko hitzaldia izango da bihar (asteartea) Elkargunean. Udaleko Gizarte Zerbitzuek antolatuta,  KATXALINek (Bularreko eta Ginekologiako Minbizia duten Emakumeen Elkarteak) emango du hitzaldia, zehazki Arrate Plazarola medikuak (Donostiako Onkologikoko Institutukoa). Hitzaldia 16:00etan izango da, Elkargunean, eta 50-59 urte arteko emakumeei zuzenduta dago.

Iragan ostegunean (hilak 18) bildu zen bigarrenez Urola Erdiko enplegu plana gauzatzeko foro sozio-ekonomikoa. Bilera Azpeitian, udaletxean, izan zen eta bertan eskualdeko eragileak planaren inguruko ekarpenak egin zituzten. Horrela, ikuspuntu diferenteak gehitzea lortu da diagnostikoan: emakumearena, nekazaritza, merkataritza, industria, hezkuntza, ezinduena.... Diagnostiko hau azaroak 5erako aurkeztuko da, eta foroan ondoren abiatuko diren ekintzen lerroak ere zehaztu ziren. Ondorengo asteotan proiektu konkretuak aurkezteko epeak irekiko dira. Azkenik, foroari eusteko eta iraunkortasuna mantentzeko aldeko iritzia egin zuten eragileek.

 

Trenbidearen Zumardiko, liburutegi inguruko, Ibaiondoko eta Bizkargiko herritarrek bildu ziren atzo "Danon Herrixe" parte hartze prozesuko hirugarren bileran. Auzo horien egoeraz eta Azkoitiko herriarenaz hitz egiten jardun zuten, eta proposamen ugari atera ziren. Besteak beste, zarataren arazoa aipatu zuten herritarrek, eta komun publiko gehiagoren beharra. Herriko gune berdeak hobeto aprobetxatzeko proposamen batzuk ere egin zituzten.

Datorren astean egingo dira 'Danon Herrixe' prozesuko hurrengo bi bilerak. Astelehenean San Martin, Floreaga, Altzibar eta Ipintzako herritarren bilera izango da, eta asteartean alor ezberdinateako talde eta elkarteena. Bi bilerak 18:30ean Elkargunean izango dira.

 

Danon Herrixe partaidatzea prozesuaren barruan, bigarren bilera egin zen atzo (asteazkena) Elkargunean. Alde zaharreko, Jausoroko eta Txalonerrekako herritarrak bildu ziren bertan, euren auzoaren inguruko diagnostikoa egiteko. Besteak beste, Alde Zaharrean asteburu ondorenetan kalea garbitzeko premia, txakur kakak kontrolatzeko araudi zorrotzagoaren premia edo obra txiki batzuren beharra nabarmendu zituzten herritarrek. Auzo horien alde positibo gisa, berriz, Alde Zaharrak taberna, plaza eta "leku biziak" gertu dituela aipatu zituzten, generazio ezberdinetako herritarren harreman onarekin batera.

 

Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorriko tunetako argiztapena hobetzeko lanean hasi da Gipuzkoako Diputazioa. Horretarako aluminiozko kablea jarriko du kobrezkoaren ordez. Izan ere, kobrearen balioa dela eta, tuneletan hainbat alditan lapurtu dituzte kableak, eta azken hilabeteetan argirik gabe egon dira. Baina aluminiozko kableak jartzeko denbora apur bat beharko da, kobrezkoak baino zabalagoak baitira eta ondorioz, hodiak aldatu egin beharko baitira.

Dagoeneko hasi dituzte lanak eta bi hilabete inguru iraungo dute. Epe horren bidearen zati batzuk moztu egingo dituzte, eta horiek behar bezala seinalizatuko dira. Hala ere, asteburuetan bidegorri osoa irekita egongo da.

'Danon herrixe' partaidetza prozesua martxan da. Atzo (asteartea) egin zen aurreneko bilera, baserri auzoetan bizi diren herritarrekin. Dozena pasatxo herritarrek hartu zuen parte eta Azkoitiko baserri auzo guztiak egon ziren ordezkatuta. Eurak bizi diren auzoak dituen alde onak eta hobetu beharrekoak aztertu zituzten aurrena, eta Azkoitiak herri bezala dituen alde onak eta hobetu beharrekoak ondoren. Auzoka banatu ziren eta taldeka egin zuten hausnarketa. Besteak beste, urteetan Azkoitiko baserri auzoak utzita egon direla nabarmendu zuten eta horri buelta emateko premia azpimarratu. Baserri auzoek auzolanerako duten eskarmentua eta hori berreskuratzeko beharra ere aipatu zituzten, alde positibo bezala. Auzo bakoitzean dituzten premia eta balio zehatzak ere agertu ziren. Gaur egingo da bigarren bilera: alde zaharra, Txalonerreka eta Jausoroko herritarrekin egingo da, Zuazola kalea, Nemesio Etxaniz, Bizenta Juaristi, Estrada, Auzmendi, Ubaiar eta Santa Klara barne.

 

Hamar langile baino gutxiagoko enpresek Implantaris programa ezartzeko aukera izango dute hemendik aurrera, Iraurgi Lantzen programa hori eskaintzen hasi baita. Ekimen honen helburua IKTen erabilera sustatzea da, lehiakortasunaren eta produktibitatearen hobekuntza aholkulari teknologiko baten eskutik. IMPLANTALARIA da, hain justu, aholkulari hori. Zerbitzua doan da eta interesatuek Iraurgi Lantzenen jaso dezakete informazioa (Alazne Larrañaga, 943-85-11-00)

 

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.