Egitaraua:

AZAROAK 26, LARUNBATA

11:00etan, Izarre Jandalo zelaian, Orion elkarteak antolaturik, San Andres Plater tiraketa.

16:30ean: Herriko  plazatik  abiatuta,  XII. Herri Lasterketa  Azkoitia-Azpeitia Raka  Maraton  Elkarteak antolatuta.

22:00etan: Herriko kaleetan zehar Danborrada. 

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, udalbatzak ondorengo adierazpen instituzionala egin du:

Nazio Batuen Batzar Nagusiak arazoaren 25a izendatu zuen emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna, eta, egun hori kontuan hartuta, bat egiten dugu emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, ‘Istanbuleko Hitzarmena’ delakoarekin; izan ere, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere.

Udalak gaur goizean aurkeztu du Immigrazioaren Euskal Behatokiak – Ikuspegik herrian immigrazioari buruz egindako diagnostikoa eta 2016-2019 urteetarako Bizikidetza eta Aniztasun Plana. Erakundearen zuzendari Gorka Morenok eta ikertzaile eta kolaboratzailea den Maddalen Epeldek, Ongizate zinegotzi Nekane Larrañgarekin batera, lanaren ondorio eta proposamen nagusiak mahaigaineratu dituzte.

Gorka Morenoren hitzetan, diagnostikoak erakusten du Azkoitian egoera modu lasaian bizi dela duela urte batzuekin alderatuz eta “testuinguru aproposa” dela bizikidetza sendotuko duten ekintzak aurrera eramateko. “Ikusten da Azkoitira etorri den etorkina geratzeko etorri dela. Ez da joango. Gustatu ala ez, hori da daukagun errealitatea eta kudeatu beharreko egoera”. Bere iritziz, urte batzuk barru “ez dugu immigrazioaz hitz egingo, baizik eta aniztasunaz. Atzerritarren seme-alabak hemen jaiotakoak izango dira baina neskak beloa eramango dute ikastolara. Hori da aniztasuna, aniztasun erlijiosoa, hizkuntza aniztasuna…”. “Harrera ematetik integraziora pasa gara”.

Azkoitian atzerriko nazionalitatea dutenak biztanleriaren %7,7 dira, alegia, 889 lagun. Espainiar nazionalitatea duten baina atzerrian jaiotakoak direnak kontutan hartuz gero, portzentaia %8,3koa litzateke. “Kopuruak Gipuzkoako eta Euskadiko datuekin  oso parekatuta daude”, esan du Nekane Larrañaga zinegotziak.

“Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da; oraindik ere, aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumeei eta gizonezkoei, eta jaiotza-sexuaren arabera pertsonen aukerak mugatzen dira. Honen aurrean, saiatu behar degu pertsona guztiek, askatasunez eta berdintasunez bizitzeko aukera izango duten gizarte bat eraikitzen”, dio Ongizate zinegotzi Nekane Larrañagak.

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Udalak emakumeen aurkako edozein indarkeria mota salatzen du, fisikoa, psikologikoa, sexuala edo sinbolikoa. Aurre egiteko, Udalak hartutako neurrien artean, azkena indarkeria matxista jasaten dutenei arreta hobea eskaintzeko protokoloa indarrean jartzea izan da. 2015ean sinatu zen protokoloa eta erakunde arteko batzorde teknikoa osatu da koordinazioa sendotzeko. Batzordea osatzen dute herriko ikastetxe guztiek, Ertzantzak, Udaltzaingoak, Osasun Zentroak eta Udalak. “Protokoloari esker –dio Nekane Larrañagak- gure herrian gerta daitezkeen indarkeria matxista kasuetan, erakunde ezberdin bakoitzak zehaztuta ditu zein diren bere egitekoak elkarren artean ondo koordinatzeko”. Finean, esku-hartzen duten agenteen arteko komunikazioa hobetzea da helburua, biktimei arreta integrala emateko.

Javier Zubizarreta alkatea eta Visesaren zuzendari nagusia, Marcos Muro, udaletxean bildu dira gaur bi aldeek amankomunean dituzten proiektuez mintzatzeko. Marcos Murok herrira bisita egin nahi izan du zuzentzen duen sozietate publikoak babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dituen lursailak pertsonalki ikusteko eta aztertzeko. Muroren presentziak berretsi egiten du hartutako konpromisoak aurrera eramateko Visesak duen borondatea. Horrek esan nahi du Azkoitian urte batzuen buruan babes ofizialeko 45 etxebizitza berri eraikiko direla.

Kokalekuak ezagunak dira dagoeneko. Floreagan, 2010. urtera arte Helduen Eskola Publikoa egon zen tokian, bi etxe bloke eraikiko dira. Batean 16 BOE joango dira, eta bestean, beste 14. Azken hauek Alokabideren esku geratuko dira alokatu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak, Visesaren bidez, atera ditu jada lizitaziora exekuzio proiektuaren erredakzioa, obren zuzendaritza eta gunearen urbanizatzea. 

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean, azaroaren 25ean, Azkoitiko ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ikasleak kalera aterako dira, “tratu onak aldarrikatzera eta indarkeria ekintza tamalgarriak salatzera”.

Udalak eta Azkoitiko ikastetxe guztiek –Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe HLHI, Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe DBH, Floreaga Ikastetxea eta Urola Ikastola- emakumeen aurkako indarkeria salatzeko antolaturiko ekimenean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Azaroaren 25ewan, eguerdiko 12:30ean, ikasleak beltzez jantzita, Balda Plazatik Plaza Nagusira joango dira eta han “ekitaldi xume baina ikusgarri” bat egingo dute. Ez dute gehiago aurreratu ekitaldiaz baina eskolen konpromisoa argi utzi dute. Halaber, herriko LH eta HHko ikastetxeetan ekimen ezberdinak egingo dituzte egun berean.

Sekulako arrakasta izan du nekazaritza sektoreko profesionalek Produktu Fitosanitarioen Aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaroak. Zehazki 52 lagun dabiltza Hazi Fundazioak eta Azkoitiko Udalak elkarlean antolatu eta finantzatutako ikastaroan.

Legeak produktu fitosanitarioen erabiltzaile eta saltzaileak euren ezagutzak akreditatzera behartzen ditu txartel bat eskuratuz. Orain arte, txartela ateratzeko ikastaroa egin nahi zutenek, ordea, beste herri batera joan beharra zeukaten eta gainera, ordaindu. Horregatik, partaideek eskertu dute ekimena aurrera atera izana.

Interneta eta sare sozialak eguneroko bihurtu ditugu baina teknologia berriek onurekin batera dakartzate arriskuak ere. Horren aurrean eta interneta modu egokian erabiltzearen inguruan kontzientziazio beharra ikusita, Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, bailarako ikastetxeek eta herri bietako gazteria sailek bat egin dute eskoletan eta kalean gaia jorratzeko, ikastetxeetan formazio saioak eginez eta hitzaldi zikloa antolatuz.