Udalak Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldi ofiziala egin du gaur udaletxean, adierazpen instituzionalaren irakurketa eginez. Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko ikasleek bertso bana abestu dute ekitaldian. Ospakizunak kalean jarraitu du trikitilariekin eta Kupela taldearen emanaldiekin.

Ikusi adierazpen instituzionala

Ondo merezitakoa eta hunkigarria izan da Udalak Txalkor Txistulari Taldeari gaur, San Andres egunean, egindako omenaldia 25. urteurrena betetzen duelako.

“Herri honek Txalkorren mailako txistulari taldea baldin badu, zuek txistulariok beti hor, jotzeko prest, zaudetelako da. Isilpean geratzen da zuekin dugun zorra, esku biak okupatuta, ez duzue txapelik ere pasatzen-eta. Gabriel Arestiren kantua datorkit burura: nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”, esan die Javier Zubizarreta alkateak.

 

“Lehenengo zatia hobetzea lortu dugu. Jauzi handia eman dugu. Aspektu guztietan gainditu dugu, oraingoa ikusgarriagoa da” diote taldekoek. “Rise and shine”ekin lortutako arrakasta ikusita, bigarren zatia eszenaratzeari ekin zioten iazko irailean eta ostiral honetan, abenduaren 2an, ikusi ahal izango da “Shine again” antzerki musikala Baztartxon. Hitzordua 22:00etan. Sarrerak udaletxeko kultura sailean eta Elkargunean daude salgai 4 eurotan.

Xabier Barquerok, Kari Alberdik, Jone Larrañagak, Iban Garciak eta Aiora Altunak aurkeztu dute emanaldia, Sonia Vázquez Kultura zinegotziarekin batera.

Gaur, 18:00etan Elkargunean, "Mikromatxismoak eta indarkeria sinbolikoa" hitzaldia, Sortzen aholkularitzako Jone Gurrearen eskutik. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu da saioa beste hainbat ekintzen artean.

 

Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak Soinuaren Liburutegia bildumaren 12. alea aurkeztu du gaur Azkoitiko Udaletxean, Iñaki Garmendia Laja-ren biografia, alegia. Joxemari Iriondok idatzi du “Laja, trikitixaren zubia” izenburupean. Javier Zubizarreta alkateak gogora ekarri duen moduan, aurretik elkarteak Zendoxe, Landakanda, Maltzeta eta Epelderen biografiak kaleratu ditu eta Lajarena, herritarren artean, publikatzen den bosgarren liburua da.

“Ahoa –esan du Zubizarretak- betetzen zaigu euskal kulturaz hitz egiterakoan eta zuen altxor hau da gure kulturaren, gure tradizioaren, sostengu. Egiten den hori ondo egitea, gustora egitea eta eskuzabaltasunez egitea bezalakorik ez dago. Eta Laja sekula ez du alferkeriak jo, soinua jotzeko orduan. Beraz, zorionik beroenak Txikitixa Elkarteari ondare hau gordetzen laguntzeagatik eta gure Lajari herri hau haundiago egiteagatik”. Hamaika erromeriatan ibili arren, San Andres egunean aurten ibiliko da kalejiran soinua jotzen lehendabiziko aldiz.

Gaur, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, Udala eta ikastetxeak kalera atera dira "Indarrak batuz, aurre egin indarkeriari" lelopean.

Hezkidetza Foroaren ekimenez, DBHko eta Batxilergoko ikasleak beltzez jantzita Balda Plazatik Herriko Enparantza arteko bidea oinez egin dute eta plazan hainbat bertso abesteaz gain, emakumeen kontrako indarkeria salatu dute testu bat irakurriz. Nekane Larrañaga zinegotziak hartu du parte,Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe HLHI, Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe DBH, Floreaga Ikastetxea eta Urola Ikastola zentroekin batera.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
22