Azkoitiko Udalak Alai Batza omendu du bere 30. urteurrenean, urte guzti hauetan taldeari bizirik eutsi dioten guztiak zorionduz eta eskerrak emanez herriari eta herritarrei egiten dien ekarpenagatik.

Atzo urteurrena ospatzeko sekulako festa antolatu zuen Alai Batzak plazan. Puzgarri eta txokolatada artean, ume, gazte eta helduak ederki gozatu zuten. Amaieran puxikak bota zituzten zerura. Justu aurretik, Javier Zubizarreta alkateak eta Sonia Vázquez Kultura zinegotziak oroigarri bat entregatu zien taldeko ordezkari Koldo Calvori.

Datorren asteazkenean, otsailaren 1ean, egingo da XXXV. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketako sari banaketa. Ekitaldia Udaletxeko udalbatza aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Azkoitiko Udalak herritar guztiei gonbidapena luzatzen diete sari banaketa ekitaldian parte hartzeko.

Asteazkenean ezagutaraziko da epaimahaiaren erabakia eta ondorioz, zeintzuk diren aurtengo lan sarituak eta egileak.

Halaber, 1999tik 2006ra bitartean sarituak izan diren ipuinak biltzen dituen liburua labetik atera berria da eta liburuaren aurkezpena ere egingo da. Gainera, alea doan banatuko zaie bertaratzen diren guztiei. 

Udalaren ekimenez eta herriko eragile eta norbanakoen ekarpen eta parte hartzeari esker, Azkoitia Lagunkoia proiektua martxan jartzeko lehen urratsak ematen ari dira. Atzo egin zuen taldeak Elkargunean bigarren lan bilera aurrerabideak zehazteko.

Azkoitia Lagunkoiaren helburu nagusia da adineko pertsonentzat herri lagunkoi bat eratzea, zahartze aktiboa sustatuz. Horretarako, ordea, pertsona aktiboen parte hartzea beharrezkoa da lan talde bat osatuz. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Azkoitian bezala, beste hainbat herritan ari dira garatzen. Finean, proiektuaren asmoa da udalerriaren hobekuntzan herritarrek parte hartzea.

Madrilgo Fitur Nazioarteko Turismo Azokara bisita aprobetxatu dute udal ordezkariek Antonio Oteizarekin biltzeko. Estatu mailan arte sakratuak eman duen eskulturgilerik gorenenetarikoa dugu Oteizatarra eta Udalak bultzada bat eman nahi dio Fundazioari eta bere obrari, horixe izan da Javier Zubizarreta alkatea eta Ana Azkoitia zinegotzia artistarekin biltzearen arrazoia.

Ezaguna da Antonio Oteizak eta anaiak, Jorge zenak, Azkoitiko herriarekin izan duten lotura estua. Bai batarentzat eta bai bestearentzat herri kuttuna izan da gurea, besteak beste, aitona Francisco Kalparsoro baserrikoa zutelako. Ezkondutakoan Olabazeta baserrira joan zen bizitzera eta han jaioa da Antonio eta Jorgeren aita. Izarraitz inguruak ez zitzaizkien beraz, inondik inora arrotzak egiten.

Gaur, urtarrilaren 25ean, egingo den Udal Osoaren Ohiko Bilkuraren gai zerrenda:

1.-Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

2.- Behin betiko onespenen berri ematea.

3.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

4.- Galde-erreguak.

Gaur zabaldu da apirilaren 1eko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izen-ematea eta antolatzaileek gaurko eguna aprobetxatu dute aurtengo irudia aurkezteko ere. Bertan, Diego Garcia agertzen da helmugara iristen, “Auténtico como Diego bezain handia” leloarekin batera.

Agustin Jimenez antolatzaileak egin du aurkezpena, Azpeitiko eta Azkoitiko udal ordezkariak bidelagun hartuta, Estitxu Elduaien eta Sonia Vázquez, hurrenez hurren.

Jimenezek probaren handitasuna azpimarratu du. “Gure proba benetakoa da. Izan ere, maratoi erdia, distantzia ofizial bat da eta beste proba batzuk ez dute ibilbidea homologatzen eta ez dute epailerik, beraz, ezin dira maratoi erditzat hartu. Bestalde, “handia” hitza goraipatu nahi dut. Diego handia zenik ez dago inongo zalantzarik baina Diego bezain handia da proba hau. Handia da duen palmaresagatik, handia, bi herri txiki elkartuta, Europako maratoi erdi onenetarikoa dugulako”.

Buenosairestar abeslari Fernando Valsega eta Exilio New Tango orkestrak “Luna del Sur” ikuskizuna aurkeztuko dute, musika, dantza, poesia eta Argentinako espiritua uztartzen dituen showa. Emanaldia urtarrilaren 28an izango da Baztartxo Antzokian, gaueko 22:00etan. Sarrerak leihatilan bertan egongo dira salgai sei eurotan ikuskizuna hasi aurretik. 

Sinopsia

“Azkoitia Lagunkoia” proiektua martxan da Azkoitian eta Udalak hurrengo bilera urtarrilaren 25erako, datorren asteazkenerako, deitu du. Hitzordua Elkargunean izango da arratsaldeko 18:00etan.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzak sustaturiko proiektua da eta herri ezberdinetan ari da garatzen, Osasunaren Mundu Erakundearen programa batean oinarrituta.

Egitasmoaren helburua da adineko pertsonentzat herri lagunkoi bat eratzea, zahartze aktiboa sustatuz. Horretarako, pertsona aktiboen parte hartzea beharrezkoa da eta talde bat osatzen ari da honen inguruan Azkoitian.Orain arte egindako bideari jarraipena emanez, taldea hilaren 25ean bilduko da berriro eta herritarrak gonbidatuta daude parte hartzera.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
22