IMG 9066

 

 

 

 

 

 

 

 

Duela egun batzuk Izarraitz auzoan gertatu bezala, euriteen ondorioz, gaur goizean Santa Krutzen, 8:00ak aldera,  zuhaitz bat erori da errepidera, bidea guztiz itxiz. Brigadako langileak berehala bertaratu dira eta 11:00etarako bidea garbitzea eta zabaltzea lortu dute, trafikoa normaltasunera bueltatuz. Lan ona brigadakoena.

Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko udal ordezkariak Iraurgi Berritzenen koordinaziopean garatzen den Txertatu Merkatuan programan parte hartzen ari diren 16 gazteekin bildu dira gaur. Josetxo Mendizabalek, Agustin Lizarraldek eta Javier Zubizarretak proiektuaz eta bizitzen ari diren esperientziaz egiten duten balorazioa ezagutu nahi zuten. Guztiek oso modu positiboan baloratu dute proiektua. Izan ere, formakuntza jasotzeaz gain, askorentzat integrazio modu bat ere bada.

 

Xabier Munibe ikastolako DBH 2 eta 3ko ikasleak Udaletxean izan dira. Makilak eskuetan, jada usadio bihurtu da Santa Ageda egunaren bueltan alkateari koplak abestea eta horrela egin dute gaurkoan. Javier Zubizarretak berdin erantzun die: koplak abestuz.

Udal Gobernuak herritarren erantzunkizuna eskatzen jarraitzen du edukiontzi horia behar den bezala erabiltzeko. Horia ontzi arinak, plastikozko botilak edo bilgarriak, latak edota brickak botatzeko da. Aurrerapauso nabarmena eman den arren, udal arduradunek uste dute hondakinak bereizterakoan ahalegin handiagoa egin daitekeela eta egin beharrekoa dela.

Gainontzeko edukiontziekin ez dago arazorik. Orokorrean, modu egokian botatzen dira hondakinak. Edukiontzi horira botatzen den material desegokiaren kantitateak, ordea, aurreikusitakoa baino handiagoa izaten jarraitzen du.

Euskararen eta literaturaren festa izan zen atzo iluntzean Udaletxeko batzar aretoan egindako XXXV. Bizenta Mogel Lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Aurten 33 lan aurkeztu dira eta azken edizio honek baditu jada saridunak. Lehenengo saria Iraitz Legarra markinarrarentzat izan da, “Iraganaren orbela” ipuinarengatik. Bigarrena, herrian, Azkoitian geratu da. Lide Rekondok irabazi du “Inoiz ez da berandu” lanarengatik eta hirugarrena, Gernikara joan da Gotzon Plazaren eskutik, “Nicola, lagun zaharra” narrazioarengatik.

Pozik agertu ziren irabazleak. Lide Rekondo azkoitiarraren hitzetan, urtero hartzen du tarte bat ipuin bat idatzi eta lehiaketara aurkezteko eta jendea gauza bera egitera animatu zuen. Iraitz Legarra eta Gotzon Plazak ere esker oneko hitzak izan zituzten ekimenarekiko.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen Agentziaren Turismo sailak, alorreko enpresei zuzenduriko marketing digitalaren arloko formakuntza jardunaldiak antolatu ditu.

Eskualdeko Turismo alorreko enpresak Interneten duten ikusgarritasuna eta posizionamentua aztertu eta  hobetzeko hiru saio dira antolatu direnak.

Gaur egun sareak eskuragarri jartzen dituen tresna eta aplikazio esanguratsuenak erakutsi, aztertu  eta erabiltzen erakutsiko da.

 

“Laborategi genetiko batean euskaldun perfektua sortu nahi dugu eta Onintza Enbeita, Idoia Zenarruzabeitia, La Ochoa eta beste hainbaten DNAk (ADN-ak) txertatzen ditugu”. Horrela laburbildu dute larunbat honetan, otsailaren 4an, 22:00etan Baztartxo antzokian Glu Glu ekoiztetxeak taularatuko duen “Desoxirribonukleiko” antzezlanak. Azkoitian izan dira gaur lana aurkezten Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegria aktoreak eta ekoizle exekutiboa den Toño Pinto. Beraiekin izan da Kultura zinegotzi Sonia Vázquez.

Javier Zubizarreta alkateak eta Miguel Angel Bastida zinegotziak Duintasunaren Kolunbarioaren inaugurazio ekitaldian hartu dutte parte gaur. Bertan Gerra Zibilean desagertutako eta Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urteotan lurpetik atera dituen 27 pertsonen gorpuzkiak hilobiratu dituzte, besteak beste, Madariaga auzoan aurkitutakoak. 

Urkullu Lehendakariak inauguratu du Kolunbarioa senitartekoekin, historia eta memoria elkarteetako kideekin eta ordezkari politikoekin batera. Desagertutako 27 pertsonetatik 25, identifikatu gabekoak dira. Elkarteek eta gorpuzkiak aurkitutako herrietako udal ordezkariek hilobiratu dituzte gorpuak. Guztira 12 udalerritan aurkitu dituzte, besteak beste, Azkoitia, Andoain, Elgeta, Elgoibar, Mutriku edota Zaldibia.