Azkoitiko Udalak gaitzespen irmoa adierazi nahi du Londresko eraso basatiaren aurrean. Halaber, bere dolumina eta elkartasuna helarazten dizkie biktimen senide eta gertukoei, Londresko hiriari eta britaniar herritarrei. Espero du zauritutako pertsona guztiak lehenbailehen sendatzea.

Oinarrizko gitarra ikastaroa antolatu dute Elkarguneak eta Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak. Ikastaroa martxoaren 27tik uztailaren 3ra eskainiko da.

Ikastaroa astelehenetan izango da 18:00etatik 19:30era bitartean. Guztira ordu t’erdiko 13 saio izango dira.

Izena Elkargunean bertan eman behar da. Plaza mugatuak daude eta gutxienez 12 laguneko taldea osatu beharko da ikastaroa martxan jartzeko.

Ikastaroa bazkideei 33,40€ kostako zaie eta ez-bazkideei 50,00€. 

Iaz garai honetan baino ehun lagun gehiagok  eman dute izena dagoeneko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako. 650 korrikalarik osatzen dute zerrenda momentuz. Beste 136 lagunek lasterketa motza egingo dute. Gaur egin dute antolatzaileek aurkezpen ofiziala azken xehetasunak ezagutzera emateko Agustin Jimenez buru dela. Mahaikide  izan ditu   Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako, Foru Aldundiko eta BBVA-ko ordezkariak, Diego García zenaren arreba Carmenekin batera.

Angel Martín kirol zinegotziak antolatzaile taldearen lana azpimarratu eta eskertu du. “Aparteko lana egiten du Agustin Jimenezek eta bere taldeak bai ibilbide egunean eta bai aurreko antolakuntzan”.

Euskara Plus programaren edizio berri bat aurkeztu dute gaur goizean Nekane Larrañaga zinegotziak, Banaiz Bagara elkarteko irakasle David Fernandezek, aurreko saioetan parte hartu izan duen Muhammad Waqas Anjum pakistandarrak eta atzerriko komunitateekin harremana duen Pello Larrañagak.

Programa euskara ez dakiten guztiei zuzenduta dago eta helburua da euskarara lehenengo hurbilketa egitera animatzea ikastaro trinko baten bidez, gure hizkuntza eta lan mundua uztartuz. “Laneratzeko euskara lagungarria izatea eta euskarara hurbiltzen laguntzea” da egitasmo honek bilatzen duena, Nekane Larrañagaren esanetan, “Azkoitian bizi eta lan egiteko euskara garrantzitsua delako”.

 

Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, urtarrilean jarri zen martxan Hazilan programaren bigarren edizioa 20 gazterekin. 15ek jarraitzen dute taldean, beste bostek lana topatu dutelako bitarte honetan. Gaur, Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzenen lehendakari eta alkatearekin batera, Azpeitiko Agustin Lizarralde zinegotzia eta Zestoako Josetxo Mendizabal alkatea gazteekin bildu dira egitasmoaren balorazioa egiteko eta haien esperientzia ezagutzeko.

Hazilan programa fase ezberdinetan garatzen da eta urtarriletik hona “Aktibatu” deritzana gauzatu dute eta orain enpresetan sei hilabeteko iraunaldia izango duten lan-praktikak egiten hastea tokatzen zaie. Iazkoa izan zen lehenengo deialdia eta Hazilan proiektuan parte hartu zuten 15 lagunetatik gaur egun 13 lanean daude.

Gaur, martxoaren  8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Udalak erabaki guneetan ordezkaritza orekatua eta berdintasunezko parte-hartzea aldarrikatu du.

Nekane Larrañaga Berdintasun zinegotziak otsaileko ohiko udal bilkuran aho batez onartutako adierazpen instituzionalaren irakurketa egin du aldarrikapena eta Udalaren konpromisoa ezagutarazteko.

“Erabakiak hartzeko guneetan emakume eta gizonen arteko parte-hartze orekatua edozein gizarte demokratikoren aurretiko baldintza da. Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunean horrelaxe baieztatzen da, eta tokiko gobernuei honakoa eskatzen zaie: beharrezko neurriak eta estrategiak hartzea, emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko erabakiak hartzen diren tokiko esparru guztietan”, esan du Larrañagak.

Gaztaneneak irailean zabaldu zituen berriro ateak Hizkuntza Eskola Ofizialaren gela desplazatuak martxan jartzeko. Udalaren asmoa, ordea, beti izan da proiektua zabaltzea Udalak berak zerbitzu propioak eskainiz bertan. Egitasmoari izena eta irudia eman zaizkio eta gaur aurkeztu dituzte. “Gaztanenea Formakuntza Zentroa” deituko da etxea eta logotipo propioa izango du. Halaber, ekainera arte luzatuko den jarduera egitaraua ere ezagutzera eman da.

Aurkezpenean parte hartu dute Javier Zubizarreta alkateak, Marijose Arregi zinegotziak, Gaztanenean arretan lan egiten duen Joseba Peñak eta Hizkuntza Eskolako irakaslea den Eli De Carlek, jarduera batzuetan berak ere parte hartuko baitu.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25