Iazko Udaberriko Musikaldiak Donostiako Orfeoia ekarri zuen Santa Krutz komentura eta aurten taldearen harrobi nagusia denarekin gozatzeko aukera izango du publikoak. Larunbat honetan, maiatzaren 20an, izango da gaztetxoen emanaldia. Arratsaldeko 18:30ean, hain zuzen. Eta ez da talde bakarra izango. Cor Infantil del Orfeó Catalá ere gonbidatu da Azkoitira eta bigarren zatian kataluniarrek abestuko dute.

26. Udaberriko Musikaldiko hirugarren kontzertua izango da larunbatekoa. Eta aurrekoetan bezala, 18:00etan autobusa jarriko da komentura joateko. Consum-Eroskitik aterako da.

Munibe Group, Urola Erdiko mekanizazioko lau enpresa familiarren bateratzetik sortu zer, batasunak indartu egiten duela sinetsita. Gaur Udaleko eta Foru Aldundiko agintariak izan dira bisitan eta aukera izan dute orain arteko ibilbidea eta etorkizunerako finkatutako erronkak hurbiletik ezagutzeko.

Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia zinegotziak bidelagun izan dituzte Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatu Ainhoa Aizpuru eta sail bereko zuzendaria, Antton Tomasena. Bertan izan da Iraurgi Berritzenen zuzendari Begoña Beobide ere.

Chit chat bar hop edo aisialdiaz ingelesez gozatzeko aukera. Horixe da Gaztanenea Formakuntza Zentroaren proposamena. Hau da, hain pil-pilean dagoen pintxo-potea ingelesez. Hitzordua ostegun honetan, maiatzaren 18an da. Ingelesean trebatu nahi duen orok har dezake parte ekimenean lagunarteko giro erlaxatuan. Parte-hartzea irekia da eta hitzordua 19:00etan da. Gaztanenean elkartuko dira partaideak, handik taberna batera joan eta solasaldiari bide emateko. 

Floreaga Ikastetxeko LH3ko ikasleak izan dira gaur goizean bisitan udaletxean. Javier Zubizarreta alkatearekin bildu dira, aurrez eskolan ikasitakoa hurbiletik ikusteko. Udalbatza aretoan hasi dute ibilbidea eta sail guztietatik igaro dira bertako teknikariak eta zeuden zinegotziak ezagutuz. Alkateak udalaren osaketa nola egiten den, batzordeak nola dauden antolatuta, sail bakoitzak zer lan eta ardura dituen eta beste hainbat xehetasun azaldu dizkie. Unerik preziatuena haurrentzat alkatearen bulegoko mahaia goxokiz beteta ikusi dutenekoa izan da. Ahalegindu dira poltsikoak betetzen. Ainhoa izeneko neskatila baten zorionak zirela jakindakoan, Zorionak Zuri ere abestu diote bisitan zehar!

IKUSI ARGAZKI GEHIAGO

 

Gaztemaniaken eskutik, maiatzaren 19an, ostirala, pil-pilean dauden bi neska izango dira Elkarguneako eszenatokian musika maitaleen gozamenerako: ANE LEUX eta IZARO. Kontzertua gaueko 22:00etan izango da eta sarrera 7 euro kostako da.

Gaztemaniak Azkoitikoak eta beste hainbat udalek eta Foru Aldundiak sustatzen duten musika programa da, eskaintza komertzialaren interesgunetik kanpo geratzen diren korronte artistikoetako taldeen kontzertuak antolatzeko. 

Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleek bertso jaialdia eskainiko dute maiatzaren 18an, ostegunean. Arratsaldeko 18:00etan izango da Baztartxo Antzokian. Doinu, neurri eta errimekin nola moldatzen diren erakutsiko dute taula gainean, urte osoan “Gu ere bertsotan” programaren baitan bertsolaritza landu ostean.

LH5, LH6 eta DBH1eko gaztetxoak arituko dira bertsotan eta haien gurasoez gain, edonork du bertso saioaz gozatzeko aukera, ekitaldi irekia baita.

“Gu ere bertsotan” Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak elkarlanean daramaten proiektua da 2008-2009 ikasturtetik hona. Jokin Urangak zuzentzen ditu saioak eta ikuspegi pedagogiko batetik, nagusiki lau arlo lantzen dira: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak.

Udaberriko Musikaldiaren 26. edizioak proposamen interesgarria dakar larunbat honetarako, maiatzaren 13rako. Bay Trio  ganbera-musika taldearen kontzertua izango da Santa Krutz komentuan. Hirukotea Maria Joser Barandiaran irundarrak, Joanna Garwacka poloniarrak eta Catalin Bukataru errumaniarrak osatzen dute. Brahms eta Piazzollaren obrak interpretatuko dituzte.

Kontzertua 18:30ean izango da eta nahi duenarentzat autobus zerbitzua jarriko da. 18:00etan aterako da Julio Urkixo kaletik, Consum-Eroski aurreko geltokitik.

Lehenengo zatian Johannes Brahmsen lau mugimendutako “Trio op.40” eskainiko dute, tronpa, biolina eta pianorako idatzia. Bigarrenean, Astor Piazzollaren “Buenosairestar lau geltokiak” joko dute ikuslegoaren gozamenerako, 1965 eta 1970 bitartean idatzitako lau konposizio.

Nay Triok ibilbide eta eskarmentu luze eta aberatseko kideak batu ditu. Ganbera musika zabaltzea dute helburu.

Gaztanenea Formakuntza Zentroak aurrera darama jardueren egitaraua. Bereziki ingelesa ikasten ari direnei zuzendua. Ahozko adierazpenean trebatzeko aste honetako proposamena da solasaldia ingelesez “Controversial Topics” izenburupean. Bolo bolo dabiltzan gaiez hitz egingo da. Ostiral honetan izango da solasaldia Ellie de Carle irakasle natiboak zuzenduta. Maiatzaren 12an, 19:00etan, Gaztanenea Formakuntza Zentroan.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25