Gaur, San Martin eguna izanik, asko izan dira San Martinera igo direnak kanpaia jotzera. Lainoen konjuruen erritoaren izenean, goizean zehar ederki astindu dituzte kanpaiak eta isiluneak esku bateko behatzekin kontatzekoak izan dira.
Eskoletatik aterata, umeek txangoa egin dute ermitara beste hainbat herritarrek bezala. Javier Zubizarreta alkateak ere usadioari eutsi nahi izan dio eta, Ana Azkoitia zinegotziak lagunduta, izan da San Martinen. “Egun polita izaten da gaurkoa”, alkatearen hitzetan.

Datorren astean, azaroaren 19an, ipuin kontaketa saioa eskainiko da Aizkibel Liburutegian. Hitzordua 17:30ean izango da.
Lupe Lekuona izango da ipuin kontalaria eta itsasoko ipuinekin etorriko da oraingoan Azkoitira.
Saioa HH5, LH1, LH2 eta LH3ko haurrei zuzenduta dago. Saioa doan da baina plaza mugatuak direnez, izena ematea eskatzen da liburutegian bertan edo 943 85 08 98 telefonora deituta.

Udal ordezkariek eta ekitaldira batu diren hainbat herritarrek bost minutuko isilunea egin dute gaur eguerdiko 12:00etan Memoriaren Eguna ospatzeko.
Intsausti Jauregi aurrean elkartu dira, “Oroimenean” eskulturaren ondoan, herriko biktima guztiak oroitzeko.
Isilunearen ostean, Javier Zubizarreta alkatearen eskutik, lore eskaintza egin dute biktimen omenez.

Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzua, Mugi Azkoitia, 2020ko urtarrilean jarri zen martxan, Udala Mugiment-era atxikitzearekin batera. Mugiment gizarte aktiboa lortzea xede duen elkarlanerako egitasmoa da, eta ehun erakundek hartzen dute parte. Ordutik, Mugi Azkoitia bere bidea egiten joan da, pandemiak gehiegi lagundu ez duen arren. Orain indarberrituta dator “inaktiboak diren pertsonei euren egunerokotasunean jarduera fisikoa txertatzen laguntzeko”, Sonia Vazquez zinegotziak azaldu duen moduan.

Gaur hasi eta datorren igandera bitartean, Adinduen Astea ospatuko dute San Jose Egoitzan. Egunerokotasuna apurtu eta egun hauetaz gozatzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte.
Aurreko urteetan egin ohi duten bezala, aurten ere Bizkargi Dantza eta Musika Eskolak eta herriko ikastetxeetako haur eta gaztetxoek hartuko dute parte, presentzialki ez bada ere.

Orain arte, Eskola Kirola 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta zegoen, Lehen Hezkuntzako umeei, alegia. Behin adin horretara iritsita, gaztetxoek kirol klub batean jarraitzen zuten kirola egiten edo hori izan da nagusiki joera. Orain, ordea, adin tarte hori zabaltzea lortu da. Eskola Kirola utzi behar izateak eragiten zuen hutsunea betetzea erabaki da.

Azaroak 10, 12:00etan Intsausti Jauregi aurrean

Bihar, azaroak 10, Udalak Oroimenaren Eguna ospatuko du. Bost minutuko isilunea eta lore eskaintza egingo ditu. Udalak herritarrei dei egin die ekitaldian parte hartzeko.
Ekitaldia Intsausti Jauregi aurreko lorategian izango da, “Oroimenean” eskulturaren ondoan, eguerdiko 12:00etan.
Bost minutuko isilunearen ostean, “Oroimenean” eskulturari lore eskaintza egingo zaio biktima guztien memorian. 
“Oroimenean” eskultura 2007an jarri zen, Azkoitiko biktima guztien oroitzapenean.

Munibe Arkeologia Taldeak bisita gidatuak egingo ditu Ondaregunean

San Martingo kanpaia jotzeko parada izango da datorren ostegunean, hilaren 11n, San Martin egunean. Herritarrek egun osoan zehar izango dute ermitara igo eta kanpaiak astintzeko aukera, usadioari eutsiz. Izan ere, ohitura horrek jatorria XVI. mendean du. 1555ean ekaitzak sekulako kalteak eragin omen zituen eta handik aurrera, konjuru gisa, laino beltzak ikusi orduko kanpaia jotzen omen zuten.

Tags: ,

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra