Giro onean ospatu da San Andresetako danborrada. Azkenekoz atera zirenean ez bezala, gaur eguraldia lagun izan dute danbor-joleek, urte sasoi honetarako nahikoa epel eta ateri egin baitu. Umorea eta festa-gosea nagusitu dira kaleetan. 400 lagun inguruk hartu dute parte hamar taldetan. Iaz ez zen danborradarik egiterik izan eta orduko hutsunea betetzeko ere balio izan du aurtengoak. Horra gauak eman duena iruditan:

 Danborradak ohiko ibilbidea izango du bihar. Gurea Pilotalekutik 22:00etan abiatuko dira danbor-jolak eta Aingeru Kaletik Kale Nagusira sartuko dira. Herriko plazan, Udal Musika Bandak lagunduta, lau pieza joko ditute. Handik Balda plazara abiatuko dira eta Balda plazan beste hiru abesti jo ostean, Julio Urkixo kalerantz joango dira taldeak. Julio Urkixon aurten ez da geldialdirik egingo eta handik, Plazaberri zeharkatu, Kale Nagusian sartu eta Herriko plaza iristen direnean beste hainbat pieza joko dituzte, bueltan pilotalekura iritsi bitartean.

Tags:

Lanbide Enplegu Zerbitzuak eskualdeko ekintzaileei zuzendutako laguntzak eskatzeko epea ireki du. Ekintzaileek eskaerak azaroaren 19tik abenduaren 13ra bitartean aurkeztu beharko dituzte.
Bailarako eskaera guztiak Azpeitiko Udalak kudeatzen ditu eta bertan aurkeztu beharko da eskaera aipatu epean.

Udaleko Berdintasun arloak hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzeko. Aurten Emakundek adin jakin batetik aurrerako emakumeek jasaten duten eskutuko indarkerian jarri ditu begiak eta kanpaina bat abiarazi du indarkeria hori ikusarazteko “Entzunez gero, ikusiko duzu. Solik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena” lemapean. Egunerokoan ematen diren indarkeria egoerak, kasu askotan normalizatu direnak, salatzea da xedea.

GI-631 errepidean, Azkoitia eta Urretxu artean, egiten ari diren lanak tarteko, leherketak egin beharra dauzkate eta puntualki horretarako errepidea mozten dute. Atzo eguerdiko leherketez geroztik, errepidea itxita dago. Gunea oso bertikala izanik, harri handiak erori ziren errepidera eta bideko garbitze lanak burutu bitartean itxita egongo da. Edonola ere, aurreikusten da goizean zehar zabalduko dutela.
Leherketen eta errepide mozketen inguruko informazioa jaso nahi baduzu whatsapp bidez, idatzi ondorengo telefono zenbakira taldera atxikitzeko eskatuz: 672690564

Tags:

Azaroaren 25ean izango da lehenengo irteera

Udalak uda aurretik eta esperientzia pilotu gisa Ttipi Ttapa proiektua jarri zuen martxan. Egitasmoaren helburua da pertsonak, bereziki adinekoak direnak, jarduera fisikoa praktikatzera animatzea eta bide batez, sozializatzen laguntzea une atsegin bat partekatuz. Laburbilduz, begiraleek lagunduta, taldean paseatzera ateratzea da egiten den proposamena. Izandako harrera ikusita, Udalak, Kirol Orientazio Zerbitzuaren bidez, proiektua berrartzeari ekin dio Izarraitz Lanbide Heziketarekin, Plaza Ondo Jubilatuen Elkartearekin, Azkoitia Lagunkoiarekin, Caritasekin eta Gurutze Gorriarekin lankidetzan.

Covidaren zabalkundea saihesteko atzo Osasun sailburu Gotzone Sagarduik emandako jarraibideen harira, Udalak Bozeramaile Batzordea deitzea erabaki zuen larunbateko danborradarekin eta San Andres jaiekin aurrera jarraitu ala ez adosteko. Udalean ordezkaritza duten lau alderdien bozeramaileek hartu dute parte Javier Zubizarreta alkatearekin batera eta danborrada egitea adostu dute. Hori bai, partaide guztiei eta herritarrei maskararen erabilerarekin zorrotz jokatzeko eskatu diete, gainerako neurriak betetzearekin batera.

Tags: ,

Udalak uda aurretik jarri zuen martxan Herrilab+700 parte-hartze prozesua herritarrekin, elkarteekin eta eragileekin herriaren egungo eta etorkizunaren inguruko hausnarketa partekatua egiteko. Ordutik, arloka 16 lan saio egin dira guztira, udal ordezkariekin eta udal langileekin hasi, eta eremu ezberdinetako taldeekin, eragileekin eta gizabanakoekin jarraituz. Diagnostiko fasea ixteko larunbatean, azaroaren 20an, azken lan saioa egingo da Elkargunean eta Udalak parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak, elkarteak eta eragileak. Lan saioa goizeko 10:00etan izango da. 10:30ean egitea aurreikusita zegoen, baina azkenean, ordu erdi aurreratu da.

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra