Azkoittixen Bai Euskarari ziurtagiria duten saltokietan erosteak saria izango du irailean: erosleen artean 200 euroko hiru erosketa txartel zozketatuko dira, ziurtagiridun dendetan gastatzeko. Zozketaren helburua ziurtagiria bultzatzea da, herrian dauden ziurtagiridun 30 saltokiak ezagutaraztea eta denda horiek euskararen alde egiten duten ahalegina aitortzea.

Hitzordua irailaren 26an izango da, Baztartxo antzokian iluntzeko 20:00etan. Azkoitiko Iraurgi Abesbatzak Arrasateko Goikobalu  eta Bizkargi Musika Eskolako abesbatzekin batera “Carmina Burana” obra taularatuko du. Carl Orff konpositore alemaniarraren obrarik ezagunena da eta kantu profanoek osatzen dute lana. Azken entseguak egiten ari dira eta gaur aurkeztu dute udaletxean protagonistek proiektua.

Ttipi TTapa elkarteak antolatuta, irailaren 26an, Bularreko Minbiziaren aurkako I. Lasterketa egingo da. Ekimen sozial honen helburua Katxalin elkarteari laguntzea da, bildutako dirua Bularreko eta Ginekologiako Minbiziagatik Eragindako Gipuzkoako Emakumeen Elkartearentzat izango baita.

Deskargatu hemen izen-emate orria

Uda Girun egitarauaren baitan, udako oporraldiaren amaierak eragin ohi duen sentipen gazi-gozoa astintzeko, Naroa Gaintza abeslaria ekarriko dugu Azkoitira larunbat honetan, hilaren 12an. Gaueko 22:00etatik aurrera Plazaberrin emango du kontzertua. Atera berri duen "22m2" (Hogeita bi metro koadro) bere lehen bakarkako diskoko hainbat kanturekin gozatzeko parada izango dute bertaratzen direnek.

Aste honetan bertan zabaldu dira Elkarguneako saskibaloi eta futbito kantxako ateak premiazkoak ziren berrikuntzak egiteko itxita egon ostean.

Kantxako zoru guztia aldatu da eta hori izan da esku-hartze nagusia. Egurrezko zoladura ipini da. Tokiaren kalitatea hobetzeaz gain, lur horrek erabiltzaileei lesioak saihesten lagunduko die inpaktua arintzearekin batera.

Garbiketa eta mantenimendu lanak areagotzeaz gain, Udalak udalerriko parke sarea hobetzeko asmoa du kalitateari eta kantitateari begira zeren dagoeneko Azkotiko haurrek badute euren aisialdiaz gozatzeko beste gune bat. Dagoeneko askok estreinatu dute Trenbidearen Zumardian eraikitako parke berria.
Parkea 2 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendua dago. Jarritako jolasak erakargarriak, didaktikoak eta funtzionalak dira, eta nola ez, araudiak agindutako segurtasun irizpide guztiak betetzen ditu guneak. Parkeak 15,95x14,22metroko azalera du.
Parke berri honekin batera, Txalon Errekakoa eta Gaztaneneakoak ere egokitu dira, konponketak eginez edota hondatutako jolasak ordezkatuz.

Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorria itxita egongo da ostegun eta ostiral honetan, alegia, hilaren 3an eta 4an. Bidegorria goizeko zortzietatik arratsaldeko bost’erdiak arte egongo da moztuta bi egun horietan. Garbiketa eta sastraka kentze lanengatik itxiko da bidea.

Basterretxe industrialdea -Maxi Eroski paretik- eta Loiola lotzen dituen bidegorri zatia da itxiko dena.