Azkoitiko Hodandakinen lan taldea martxan da. Atzo (asteazkena) izan zen aurreneko bilera, eta eragile eta herritarren artean, 30 lagun inguru bildu ziren bertan, tartean Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak, PSEkoa izan ezik. Azkoitiko udaleko ingurumen teknikariak eta Mankomunikateko teknikariek herriko eta eskualdeko datuak eman zituzten; herrian zenbat bereizten den, azken urteetako eboluzioa, zenbat diru kostatzen den... Datuok argi erakutsi zuten Azkoitian bereizte tasa oso eskasa dela, eta urteak aurrera egin arren, herritarrek ez dutela gehiago bereizten. Egoera horren inguruan kezka agertu zuten bertaratutakoek eta horri nola buelta eman hausnartu zuten; besteak beste, gaikako bilketak zergatik ez duen aurrera egiten, nola hobetu daitekeen, bosgarren edukiontzia zergaitik dagoen estankatuta edo herritarrak kontzientziatzeko zer egin daitekeen aztertu zuten. Saio horretan emandako datu guztiak eta ateratako ondorioak laster jarriko ditu sarean Udalak, herritarrek eskura izan ditzaten, eta euren ekarpenak egiteko modua izan dezaten.

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta elkarretaratzea deitu du Azkoitiko Emakumeen mahaiak martxoaren 8rako. 19:30ean egingo da kontzentrazioa, eliz atarian, eta Udalak ere bat egiten du deialdiarekin. Aldarrikapenera batu eta parte hartzera deitzein ditu, gainera, herritarrak, emakumeen eskubideen alde. Honako lema izango du elkarretaratzeak: ""Martxoak 8, gure eskubideen alde".

 

Bertan eta Herrixen merkatari elkarteek eta Merkataritza Federazioak Social Media Marketing ikastaroa abian jarri dute. Ikastaro honen helburua merkataritza txikia sare sozialetan indartzea dela agertu dute arduradunek. Otsailaren 25an hasi zen eta martxoaren 22ra arte iraungo du, guztira, 40 ordu izanik.

Familia giroan programaren barruan, beste ekintza bat antolatu du Abarketatxo ludoketak martxoaren 17rako. 0 eta 12 urte aretko haur eta haien gurasoentzat "Gu ere pilotari!!" ekintza antolatu du, guraso, haur eta beste familien arteko harremanak errazteko, dibertsio, jolas eta irteeren bidez. Plaza mugatuak dira, eta izena martxoaren 13a baino lehen eman behar da, Abarketatxo Ludotekan bertan.

 

Urola Erdiko Mankomunitateak 2012ko hondakinen kudeaketa datuak eman ditu eta ondorio aipagarriak erakutsi dituzte datu horiek: 13.323.767,01 kilo hondakin sortu ziren eskualdean iaz. Lapatxen gertutasuna kontuan harturik, oraindik, gaur, eta zabortegiek sortzen dituzten arazoen eta ongizatean sortzen duen kaltearen jakitun, 9.000 tona hondakin botatzen jarraitzen da eskualdean, bereizi gabe eta batez beste, pertsonako 300 kilo errefusatik gora sortu dituzte urtean bailarako herritarrek. Bereizte eta berziklatze datuak hobetzen ari dira urtetik urtera, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu du Leire Etxaniz mankomunitateko lehendakariak, eta bide horretan lanean segituko dutela adierazi du.

 

Iazkoak izandako arrakasta ikusita aurten ere II. MINTZALAGUN PINTXO LEHIAKETA egin da. Otsailaren 22an egin zen, Elkargunean, eta zortzi taldek hartu zuten parte. Mikel Alkorta, Javier Camon eta Agurtzane Epelde epaimahaikideen hitzetan, egindako pintxoek goxoak, landuak, imajinazioz aurkeztuak eta maila oso altukoak izan ziren. Azkenean, Juan Karlos Merino, Pili Jimenez, Delia Santamaria, Jose Mari Darias eta Lurdes Albonigak osatutako taldearen pintxoa izendatu zuten onena, Karakola eta barea izeneko mokadutxoa hain justu. Irabazleek Koxka tabernan afaria irabazi zuten.

 

Luiziaren eta azken egunetako elurtearen ondorioz. Martitteko festak bertan behera uztea erabaki dute auzotarrek. Beraz, martxoaren 1etik 3rako astebururako iragarrita zeuden ekitaldiak ez dira egingo.

Iraurgi Lantzenek eta Oinarri SGR berme elkarteak akordioa sinatu dute Urolako enpresen finantziazioaren inguruan. Hitzarmen horren arabera, Oinarri SGRk ohikoak baino finantziazio baldintza hobeak -epeei zein kostuei dagokienez- eskainiko dizkie Azkoitiko eta Azpeitiko enpresa txiki eta ertainei.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
6
7
8
9
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra