Auzokonposta pixkanaka-pixkana zabaltzen ari da Azkoitian. Gero eta herritar gehiagok eskatu dute parte hartzea, eta horri erantzunez, egun liburutegi ondoan dagoen gunea handitu eta liburutegi atzean beste eremu bat martxan jartzea erabaki dute Udalak eta Urola Erdiko mankomunitateak. Horri esker, auzo konposta egiteko hirugarren talde bat jarriko da martxan. Datorren asteartean (uztailak 9) egingo da hori kudeatzeko bilera, 18:30ean, Elkargunean, eta bertan jasoko dituzte azalpenak eta beharrezko materiala herritarrek. Bilera horretan autokonposta egiteko ikastaroa ere emango zaie, interesatuei. Eta herritarren ahalegina ari da aurreneko emaitzak ematen: aste honetan bertan bildu da dagoeneko martxan dagoen auzokonpostaguneko konpostaren lehen uzta, eta oso kalitate onekoa dela esan du mankomunitateak.

Bihar botako dute txupina Iruñean, baina Azkoitian egun bat aurreratu eta gaur bertan egin dute festa. Uztaila Jolasean udaleku irekietan dabiltzan umeek 12:00etan puntuan bota dute suziria udaletxeko balkoitik, eta ordutik dantza eta jolas dabiltza plazan. Hemen dituzue festako argazki batzuk eta baita txupinazoaren uneko bideoa ere.

2013ko Andramaixetan herritarren parte hartzea indartzeko beste ahalegin bat egin nahi du Udalak. Horretarako, atal berezi bat jarri du udal webgunean, eta herriko leku esanguratsuenetan ere galdetegi bat jarri du, herritarren iritzia biltzeko. Horrez gain, datorren asteazkenean (uztailak 10), herriko talde, eragile eta norbanakoekin bilera ireki bat egingo du, gaia jorratzeko. Bilera Elkargunean izango da 18:30eam, eta bertaratu eta parte hartzera animatu nahi ditu herritar guztiak Udalak.

Aizkibel Udal liburutegiak zerbitzu berri bat jarri du martxan: e-book bat eta ordenagailu portatil bat jarri dut erabiltzaileen eskura. E-book-a etxera maileguan eramateko izango da eta portatila berriz bertan, liburutegian erabiltzeko. Bi aparailuak erabiltzeko arautegia ere onartu dute: e-bookaren arautegia eta portatilarena. Dagoeneko erabili daitezke bai e-book-a eta baita protatila ere. Bestalde, gogoratu jada udako ordutegia duela udal liburutegiak

 

Pello Bastarrika alkatea Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailean izan berri da Azkoitiko alokairu sozialeko etxebizitzen proiektuen inguruan hango arduradunekin hitz egitera; Covadonga Solaguren Etxebizitza sailburuordearekin eta Ignacio Basañez Etxebizitza zuendariarekin bildu da, besteak beste. Zehazki, Floreagako edo 'Tekla'ko etxeen ingurukoak argitzera joan da. Izan ere, 2007an gune horretan alokairu sozialeko 33 etxebizitzak egiteko proiektua onartu zuen Jaurlaritzak, baina ekainaren 20an gune horren eraikitze lizentziari uko egiten ziola jakinarazi zioten Lakuatik Azkoitiko Udalari eta hori argi argitzera joan da Bastarrika Gasteizera.

 

Arbolape bat zaborrez beteta agertu da asteburuan Aittolan. Hara joandako hainbat herritarrek sortutako hondakinak bertan uztea erabaki dute, nonbait. Jarrera hori salatu eta hondakinak Otarre pareko edukiontzietara eramateko eskatu nahi die Udalak herritarrei. Ingurumena zaintzea guztion ardura eta erantzukizuna da eta gizalegez jokatzea ezinbestekoa da gure parajeak behar bezala mantentzeko.

Bailarako merkatariei zuzendutako jardunaldi berezia antolatu dute Iraurgi Lantzen, Loiola Berrikuntza, Herrixen, Bertan eta Elkarmedia eta Eusko Jaurlaritzaren merkataritza dinamizatzeko bulegoak. Ikusmer merkataritza behatokiak emango du jardunaldia, eta bertan merkataritzaren azken tendentziak aztertuko dituzte, halanola: qr kodigoak, merkataritza bidimensional eta adimensionala edo sakeleko bidezko salerosketa. Horren ondoren, Elkarmediak merkatari txikientzat erabilgarria izan daitekeen aplikazio erreal bat ere aurkeztuko du. Jardunaldia uztailaren 10ean izango da, eta Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, 14:30etik 16:30era. Parte hartu nahi dutenek aurretik eman behar dute izena, Iraurgi Lantzen (943 85 11 00), Herrixen (608 31 30 24), edo Bertanen 943 02 56 73. Ezinbestekoa da izena aurretik ematea.

Lan munduan euskara sustatzen segitzeko beste pausu bat eman du Udalak: Azkoitiko enpresetan euskara planak bultzatzeko diru-laguntzak emango ditu. Iaz Serbitzu Elkartea eta Biharko Gipuzkoa enpreseekin hitzarmenak sinatu zituen Udalak enpresa horiek martxan jarri zituzten euskara planak laguntzeko, eta laguntza hori orain ofizialki zabaltzea onartu du. Izan ere, Udalak argi du lan mundua euskalduntzeko ahalegin berezia egin behar dela: egun Azkoitiko enpresetan euskara da nagusi ahozko komunikazio eta harreman informaletan, baina idatzizkoan eta komunikazio formalean gaztelera erabiltzen da gehien. Horri buelta emateko eta hezkuntzan emandako pausuek lan munduan ere isla izan dezaten euskara planak erreminta eraginkorrak direla uste du Udalak eta horregatik egin du ahalegina.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
6
7
8
9