Aizkibel liburutegiak herritarrekin elkarlanean antolatutako ipuin kontaketen beste bi saio izango dira aste honetan. Bihar (asteartea), Ana Albizurik 3, 4 eta 5 urteko haurrentzat ipuinak kontatuko ditu, 18:00etan hasita. Ostegunean, berriz, Nerea Astigarraga izango da kontalari, "Cuentos para sentir" liburua oinarri hartuta, hori ere 18:00etan. Albizuri eta Astigarraga azkoitiarrak dira biak.

 

Andramaixetako kartela aukeratzeko bozketa asteburuan izango da, Torre Zurin. Bihartik aurrera, larunbatean eta igandean, azkoitiarrek gustukoen duten kartelari botoa emateko aukera izango dute, 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Herritarrez gain, adituen epaimahai batek ere baloratuko ditu lanak, eta balorazio guztiak kontuan hartuta, datorren astean aukeratuko da 2103ko Andramaixetako kartela. Guztira 14 lan aurkeztu dira aurtengo kartel lehiaketara, eta guztiak egongo dira ikusgai Torre Zurin.

2013ko Andramaixek parte hartzaileagoak nola egin. Horren inguruan hausnartu zuten atzo herriko hainbat talde eta elkarteetako 20 bat herritarrek. Bereziki, haur eta gazteen parte hartzea nola indartu eta 18ko herri bazkariaren osteko giroa nola indartu aztertu zuten. Taldeka jarrita, ideia ugari bota zituzten herritarrek, eta horietatik interesgarrienak aukeratu zituzten. Besteak beste, honako ideiak agertu ziren: haur eta gurasoen arteko bazkaria eta jolasak antolatzea, koadrillen kamixeta lehiaketa bat egitea, txaranga eta 'ure-ure' ekimena berreskuratzea...

 

Auzokonposta egiteko liburutegi inguruko gunea handitu egin du mankomunitateak, eta horri esker, hirugarren talde bat hasi da auzokonposta egiten. Hirugarren talde horretako herritarrek asteartean jaso zituzten beharrezko materialak eta ikastaroa, eta hasi dira egiten batzuk. Horrez gain, autokonpostagailu gehiago ere banatu ziren astearteko bilera horretan, euren lorategi edo zelaian autokonposta egitea erabaki duten azkoitiarrak ere gero eta gehiago direlako.

Udalak erabilera anitzeko makina berri bat erosi du, eta dagoeneko hasi da baserri bideak garbitzen. Brigada astelehenean hasi zen landa eremuko bideetan lanean, eta orduz geroztik, goiz eta arratsalde ari da bide bazterrak txukuntzen. Egunotan Madariaga aldean ari dira, eta pixkanaka pixkanaka auzo eta eremu guztiak pasatzea da helburua, ahalik eta azkarren. Udalak eskuratu duen makina erabilera anitzekoa da, eta bide bazterretako belarrak garbitzeko ez ezik, bestelako lanak egiteko balio du. Horregatik, baserri bideak garbitu ostean, landa eremuko zein herri guneko lanak egiteko erabiliko da.

 

Izarraitz. Goietara ibilaldia gida publikatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen, Iraurgi Lantzenen eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren laguntzariekin. Mendizaletasuna eta turismoa uztartu nahi izan dituzte proiektu horrekin, Izarraitz eta bereziki Xoxote hemendik kanpo ezagutarazi, eta horregatik 10.000 ale argitaratu dituzte, inguruko turismo guneetan banatzeko. Hemen duzue gida eskuragai.

 

Ipuin kontalari bila ibili da Aizkibel Udal liburutegia, eta bilaketa horrek eman ditu bere emaitzak: bost herritar apuntatu dira uda honetan herriko ume zein helduei ipuinak kontatzeko. Eta bihar bertan (asteartea) hasiko dituzte emanaldiak: 18:00etan, Gurutz Garmendia arituko da eta ostegunean, ordu berean, Yamelli Prieto. Hortik aurrera, asteartero eta ostegunero izango dira emanaldiak udal liburutegian, eta herritarrak arituko dira ipuin kontalari. Horrez gain, aipatu beharra dago liburutegiko irisgarritasun arazoak konpontzeko, eraikineko atea aldatu duela Udalak.

Auzokonposta pixkanaka-pixkana zabaltzen ari da Azkoitian. Gero eta herritar gehiagok eskatu dute parte hartzea, eta horri erantzunez, egun liburutegi ondoan dagoen gunea handitu eta liburutegi atzean beste eremu bat martxan jartzea erabaki dute Udalak eta Urola Erdiko mankomunitateak. Horri esker, auzo konposta egiteko hirugarren talde bat jarriko da martxan. Datorren asteartean (uztailak 9) egingo da hori kudeatzeko bilera, 18:30ean, Elkargunean, eta bertan jasoko dituzte azalpenak eta beharrezko materiala herritarrek. Bilera horretan autokonposta egiteko ikastaroa ere emango zaie, interesatuei. Eta herritarren ahalegina ari da aurreneko emaitzak ematen: aste honetan bertan bildu da dagoeneko martxan dagoen auzokonpostaguneko konpostaren lehen uzta, eta oso kalitate onekoa dela esan du mankomunitateak.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
6
7
8
9