Andramaixen zai. Hala agertzen da 2013ko festetako kartelean agertzen den azkoitiarra. Beñat Alkortak egin du eta San Martindik hartutako irudi bat du oinarri. Originala, Andramaixetako erreferentziaz betetakoa eta kalitatezkoa delako aukeratu du epaimahaiak 14 lanen artean. Arte ederretan aditu batek, diseinatzaile batek eta kultura teknikari batek egin ditu epaimahai lanak. Gustura agertu da Alkorta sariarekin, "sorpresa" handia izan dela aitortu du eta ez zuela inondik ere irabazterik espero, "azken unean egindakoa izan delako". Andramari bezperan jasoko du saria, udal pleno aretoan.

 

Baztartxo zine-antzokia kudeatzeko lehiaketa publikatu berri du Azkoitiko Udalak. Atzo publikatu zen Gipuzkoako Aldizkari ofizialean eta udalaren webgunean, eta lehiaketara aurkeztu nahi dutenek hamabost egun naturaleko epea dute euren proiektuak aurkezteko. Iragarkia eta plegu administratibo eta teknikoak, hementxe.

Andramai parte hartzaileagoak nola egin aztertzen ari dira zenbait herritar, eragile eta udala eta gaur bigarren bilera bat egingo dute. 19:00etan izango da, Elkargunean. Bertaratu eta parte hartzera deitzen ditu herritarrak Udalak.

Aurten ere hasi dira Munoaundiko Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten. Astelehenean hasi ziren, eta abuztuaren 3ra arte arituko dira lanean bertan Aranzadi elkarteko arduradunak eta 20 bat boluntario. Arduradunek agertu dutenez, indusketen aurtengo helburua etxebizitza eta eguneroko bizimoduaren arrastoak bilatzea izango da. Herritarrek Munoaundi gertutik ezagutzeko aukera ere izango dute, uztailaren 27an hain zuzen ere. Egun horretan aztarnategira joan nahi dutenek Kukuherri aterpetxeko aparkamendura agertu beharko dute 11:00etarako. Bisita gidatua izango da eta ezinduentzat autoa ere egongo da. Hemen dituzue atzo arduradun politiko eta komunikabideetako ordezkariekin egindako bisitako irudiak.

Martirietako bidea zabalik dago jada. Urte hasieran luiziak emandako errepidea berreraikitzeko lana handienak amaitu ditu Foru Aldundiak, eta gaurtik erabiltzeko moduan da bidea. Halere, lanak ez dira guztiz amaitu: errepidea egokituta dago, baina azkeneko asfaltu geruza botatzea falta da eta lurrak egonkortzeko lanak ez dira guztiz bukatu. Horregati, behin behinekoz irekitzea erabaki da, betiere dagokion segurtasun neurri guztiak hartuta: eusteko elementu batzuk jarri dira eta abiadura mugatu egingo da obrek hartzen duten zatian.

Lan orientatzaileak kontratatzeko deialdia atera du Iraurgi Berritzenek: bi lanpostu izango dira, irailetik aurrera lanean hastekoak. Bi pertsona horiek lan orientazio zerbitzuan eta enplegu zentroan enplegu eskatzaileei harrera egiteko dira. Bete beharreko ezinbesteko baldintzak, berriz, honakoak dira: bukatutako goi-maila edo erdi-mailako unibetsitateko ikasketak izatea, humanitate arloarekin lotutakoak. Lan-orientatzaile bezala gutxienik urtebeteko esperientzia izatea eta ofimatika, internet eta lan-merkatuaren ezagutzea. Interesatuek datorren astean eman beharko dute izena, Lanbiden. Hemen duzue erreferentzia.

Iraurgi Lantzen, Ezagutza Gunea eta Loiola Berrikuntza Azkoitia eta Azpeitiako Udalek bailarako garapen sozioekonomikoa lantzeko dituen hiru erakunde dira. Orain arte, bakoitza garapenaren arlo batzuk lantzen aritu da, norbera bere aldetik. "Horrek duplizidadeak sortzen zituela ikusi dugu; horrez gain, hainbeste eragilerekin herritarren artean nahasmen apur bat bazegoela ere somatu dugu, eta udalok geuk garapen arloan egiten ditugun beste kontuekin talka batzuk ere sortzen direla ere bai", hala adierazi du Pello Bastarrika alkateak. Horri buelta eman eta baliabideak optimizatu, koordinazioa hobetu eta indarrak norabide berean hobeto kontzentratzeko, hiru eragileak erakunde bakar batean batzea erabaki dute. Horrela sortu da Iraurgi Berritzen, Urola Erdiaren garapenerako erakunde bateratua.

 

Azkoitiko Udalak berriz ekin dio erakusleiho lehiaketari."Kale Nagusia: merkatal bizitzara begira dagoen leihoa" lemapean, Kale Nagusian dauden lokaletako erakusleihoak modu erakargarrian apaintzea du helburu eta Azkoitiko alde historikoari duintasuna eta bizitasuna ematea. Lehiaketa honek 2.000 euroko saria izango du, eta parte hartzaileek honakoa aurkeztu beharko dute: dagoeneko zehaztuta dauden bost eskaparate apaintzeko proiektu bat. Oinarrietan daude zehaztuta aurkeztu beharreko lanen nondik norakoak. Lanak aurkezteko epea gaur (uztailak 15) zabaldu da eta irailaren 13ra bitartean egongo da zabalik. Lanak Torre Zurin jarriko dira ikusgai, herritarren ere euren gogokoenari botoa emateko modua izateko. Informazio gehiagorako deitu honako telefonora: 943 85 71 70.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
6
7
8
9