Juan Carlos Pikabea margolari lesakarraren margolanen erakusketa egongo da ikusgai Portaleburu Erakustokian, urriaren 20tik 29ra.
Eraskusketa astelehenetik larunbatera bisitatu ahalko da 18:00etatik 20:00etara. Larunbat eta igande goizetan ere zabalik egongo da 12:00etatik 14:00etara. Urriaren 22an, goiz eta arratsaldez irekiko da, aipatutako ordutegian.
“Anbotoko Mari” antzezlan multimedia aurkeztuko dute larunbatean, hilaren 21ean, Baztartxo Antzokian. Emanaldia 18:00etan izango da, eta salgai daude lau eurotan. www.azkoitia.eus/agenda edo www.entradium.com atarien bidez eros daitezke, eta baita lehiatilan ere egunean bertan.
“Anbotoko Mari” Logela Multimediaren ekoizpena da eta 3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika biltzen ditu antzezlanak. Euskaraz izango da.
Azkoitiko Udalak, 2024rako egindako aurreikuspenaren arabera, 10.206.851 euro jasoko ditu Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF). Aurtengo aurrekontuarekiko 643.921 euroko igoera suposatzen du.
UFFFa udalen finantzaketarako diru-iturri nagusia da.
Ana Azkoitia alkatearentzat, “berri oso ona da diru-kopuru hori izango dugula jakitea. Oraintxe hastear gaude datorren urteko aurrekontuen zirriborroa lantzen, eta horrek ariketa bat egitea eskatzen du. Herritarren beharrak eta finantziazio beharrak parekatzearen ariketa, alegia”. Halaber, alkateak gaineratu du 2023-2027 Agintaldi Plana lantzen ari dela Udala.
Azkoitiko herriak hiri-gutuna jaso zuela 700 urte beteko dira 2024an, Alfonso XI.aren garaian eman baizitzaion. Urteurrenaren harira, Udalak batzorde bat sortu nahi du ospakizunak prestatzeko eta gertaera historiko hura gogora ekarriko duten ekitaldi edota jarduerak diseinatzeko.
Gaia jorratzeko, Udalak bilera irekia deitu du astelehenerako, urriaren 16rako. 19:30ean izango da Elkargunean (Oteiza aretoan).
Olivier Latry organista frantziar ospetsuak Parisko Notre-Dame katedraleko Cavaille-Coll organo handiaren ordez Azkoitikoa joko du larunbat honetan. 23 urte besterik ez zituela, munduko katedral bisitatuenetariko organo-jotzaile titularra izendatu zuten, eta 2012tik Montrealgo Orkestra Nazionaleko organista emeritua da.
Urtero legez, merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko dirulaguntzak emango ditu Udalak, Euskara sailaren eskutik. Dirulaguntzez gain, laguntza teknikoa ere eskaintzen da, lanerako diren testu laburrak itzuliz edo zuzenduz.
Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 izango da, eta eskaerak ondorengo loturaren bidez egin daitezke: https://azkoitia.eus/udala/tramiteak eta baita aurrez aurre udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan ere.
Gaur hasi da COVID-19aren eta gripearen aurkako txertaketa Elkargunean. Herritarrei gauzak erraztearren, anbulategiko arduradunek Elkargunea erabiltzea proposatu zien Udalari, eta ondorioz, gaurtik azaroaren 10era bitartean, 10:00etatik 17:00etara bertan jarriko dituzte txertoak.
COVID-19aren edota gripearen aurkako txertoa hartu nahi dutenek anbulatoriora deitu beharko dute hitzordua hartzeko, 943 00 76 10 telefonora, hain zuzen.
Domusa Teknik ISB eta Juaristi ISB taldeak indartsu eta gogotsu agertu dira denboraldi berriaren ateetan. Loiolan aurkeztu dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen lehen bi taldeak eta argazki ofiziala atera dute arduradunekin eta entrenatzaileekin batera. Bertan izan dira Ana Azkoitia alkatea eta Igor Isusquiza Kirol zinegotzia taldeei babesa erakusteko asmoz, Azpeitiko udal ordezkariekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatuarekin batera.
Seguru, ohi bezala, kirol ikuskizun apartak eskainiko dizkigutela kantxan. Benetan harro Iraurgi Saskibaloi Taldeaz!
Al | Ar | Az | Og | Or | Lr | Ig |
---|---|---|---|---|---|---|
3
|
4
| |||||
9
|
10
| |||||
16
|
17
| |||||