Udalak eta Azkoitia Lagunkoiak hitzaldi informatiboa antolatu dute aldez aurreko borondateei edo bizi testamentuari, eta heriotzaren ondorengo tramiteei buruz. Saioa azaroaren 8an, asteartean, izango da 19:00etan Elkargunean.
Bizi testamentua agiri bat da, eta bertan pertsona batek adierazten du zer osasun laguntza edo tratamendu jaso nahi dituen bere borondatea adierazteko gauza ez denean edo bere borondatea askatasunez azaldu ezin duenean, eta baita esaterako, hildakoan zer nahi duen egitea bere organoekin. Pertsona batek bere bizitzako azken fasean edo hil ondoren, zer nolako tratua jaso nahi duen jasotzen du agiriak.

Azkoitiko Udalak landa-lurzoruko sailak mugatzeko lanekin jarraitzen du. 10 eta 11 poligonoetan mugarritze lanak burutu ostean, udalerriko 12, 15, 16 eta 17 eremuetako lurzoruetan jarraituko da lanketa.

Iaz bezala, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurune sailak diruz lagunduta, landa-lurzoruko 883 hektarea osatzen dituzten 550 partzeletako mugatze lanak hasiak ditu, Geograma enpresaren eskutik. Proiektu handia da eremu oso zabala delako. Horregatik, lanketa faseka burutuko da eta geratzen diren lur eremuak datozen urteetan mugatuko dira.

Tags:

Txalok abuztuan estreinatutako "Sagastitarrak" antzezlana aurkeztuko du larunbatean, hilaren 5ean, Azkoitian. Baztartxon izango da emanaldia 19:00etan eta sarrerak aurrez eskuragarri daude www.azkoitia.eus/agenda edota www.entradium.com atarietan zortzi eurotan.

"Sagastitarrak" komediaren egilea Ramon Madaula da eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean arituko dira oholtza gaineko hiru aktoreak: Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria.

Azaroaren 13an izango da 57. Behobiako lasterketa eta hara joateko Udalak autobusa jarriko du. Autobusa joateko bakarrik izango da eta norberak moldatu beharko du gero bueltatzeko.

Autobusean joan nahi duenak Elkargunean eman beharko du izena eta bost euro ordaindu. Autobusa goizeko 7.30ean aterako da Udal Liburutegi aurretik.

55 plazako autobusa hartuko du Udalak eta izen-emate ordena jarraituko da eserleku guztiak bete arte.

Tags:

Javier Zubizarreta alkateak eskatuta, atzo bilera informatiboa egin zuten Udalak eta Capital Energy enpresak. Udaleko zinegotzi guztiak deitu ziren topagunera ahalik eta informazio zehatzena jaso ahal izateko, konpainiak eraiki nahi duen Buruzai parke eolikoaren inguruan. Parkeak Azkoitiko, Zumarragako, Ezkio Itsasoko eta Azpeitiko herriei eragiten die.
Capital Energy "energia-iturri berriztagarrietara" soilik dedikatzen den enpresa gisa aurkezten da, eta lau aerosorgailuko parkea eraikitzeko proiektuan lanean ari da. Parkerako sarrera Zumarraga aldetik, Pagoetxetik, izango da. Edonola ere, aurreproiektua ixten ari da enpresa, ingurumen inpaktuaren txostenarekin batera, beranduenez azaroaren 9an aurkeztu beharko baitu Eusko Jaurlaritzan.

Tags:

Joan-etorrietarako erraztasunak emate aldera, Udalak garraio zerbitzu berria jarri du martxan San Jose Egoitzako egoiliarrentzat.
Zerbitzua ezintasun fisikoengatik, herri barruko garraio zerbitzu publikoa, Urbanue, erabili ezin dutenei zuzenduta dago, alegia, egokitutako ibilgailua behar duten egoiliarrei. Modu horretara, esaterako, familia-ospakizunengatik edo beste arrazoi bategatik herrigunetik joan-etorria burutzeko arazorik ez lukete izango.
Zerbitzua taxi batek ematen duen oso antzerakoa da, eta egoiliarrak erosotasunez mugitzeko pentsatuta dago.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol sailaren aginduz, asteburu honetarako iragarrita zegoen 3x3 Futbol Festa bertan behera geratu da.
Aldundiak Azpeitia Cupeko antolakuntzari jakinarazi dio egitasmoak ez dituela bete beharreko arauak betetzen.
Jakinarazpenaren arabera, Azpeitia Cupek ez dio inongo baimenik eskatu Aldundiari ekitaldia burutzeko, eta bestetik, araudiaren arabera, futboleko ekintza, partida edo topaketak antola daitezke, beti ere, 8 urtetik aurrerakoentzat.

Azkoitiko Udalak bi lanpostu atera ditu, Lanbidek emandako dirulaguntzarekin. Balio anitzeko bi peoi kontratatuko ditu sei hilabeterako eta lanaldi osoan. Langileak arduratuko dira mendietako sasiak garbitzeaz, pistak egokitzeaz, ateak eta hesiak konpontzeaz, bidegurutzeetako seinaleak jartzeaz edota iturriak konpontzeaz, besteak beste.
Lanpostura aurkeztu nahi duten hautagaiek eskaera egin dezakete, gaurtik, urriaren 26tik azaroaren 8ra bitartean.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
3
4
9
10
16
17
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra