Elurra egiten duenean baserri bideak auzolanean garbitzen parte hartu nahi duten herritarrek dagoeneko eman dezakete izena: otsailaren 11ra bitartean udaletxean apuntatu beharko dute. Auzolan hori egiteko baldintzak hemen kontsultatu daitezke.

Azkenaldian, herriguneko belardi eta beste beste hainbat gunetan hondakin ugari aurkitu ditu Udalak: Trino Uria inguruan esaterako, arbusto artean, dutxarako telefono bat eta txiza pote bat jaso zituen iragan ostiralean. Jarrera hori salatu eta gizalegez jokatzeko eskatu nahi die Udalak herritarrei: hondakinak botatzeko edukiontziak badaude, eta hondakin bakoitza dagokion edukiontzian bereizita uztea guztion ardura da, herria behar bezain txukun edukitzeko.

Lanbideren bidez bailaran beste 20 lanpostu sortzeko tramitetan ari da Azkoitiko Udala, eskualdeko beste lau udalerrirekin batera. 20 lanpostu horietatik 15 Enplegu Planaren baitan eta Lanbideren bidez kudeatuko dira, eta gainontzeko 5ak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzei esker. Lanpostuen eskaera Urola Ekiten proiektua bezala aurkeztu dute Urola Erdiko udalek eta ondorengo 5 proiektu hauetan banatzen da: EkoBailara II, FrabrikaTU, FormaTEU II, FormaTEU II-Inter, UrolEkinn. Lanpostuak abiatzeko eskaria eginda dute udalek Lanbiden, eta onartu bezain pronto jarriko jarriko dira martxan.

 

Azkeneko datuek argi erakusten dute: langabezia da gure bailaran egun dagoen arazo larrienetakoa. Iraurgi Berritzenek egindako abenduko sozioekonomia datuek erakutsi dutenez, pixkanaka-pixkanaka langabetu kopurua jaisten ari da, baina halere, bailarako langabezia tasa %14,85ean dago, Gipuzkoako batez besteoaren puntu bat gainetik. Legegintzaldia hasi zenetik, horri aurre egiteko lanean ari da Azkoitiko Udala Iraurgi Berritzenen bidez, eta orain beste pausu bat eman du: Enplegurako Orientazio Zentroak zabaldu du Bizenta Mogel kalean, Lanbiderekin elkarlanean. Langabezian dauden herritarrei edo enplegua hobetu nahi dutenei lagundu eta aholkularitza emateko zerbitzua izango da eta honako ordutegia izango du: astelehenetik ostegunera, goizez 09:00etatik 13:00era, eta astearte eta ostegunetan arratsaldez ere bai, 15:30etik 18:30era. Ordutegi horretan, ordenagailuak, interneterako sarrera eta bestelako baliabideak erabiltzeko aukera izango dute herritarrek, eta enplegua bilatu edo hobetzeko zerbitzu pertsonalizatua ere emango dio, orientatzaile aditu batek. Telefonoa: 943 08 34 69.

 

Azkoitiko Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko merkatarientzat euskarako materiala sortzen jarraitzen du, eta oraingoan masajistentzat, arropa eta oinetako dendentzat orokorrean, umeentzako arropa eta produktuak saltzen dituztenentzat eta kirol dendentzat gidaliburuak atera ditu. Gidaliburu horietan, eguneroko lanerako balio duten hainbat kontu jasotzen dira: hiztegia eta ohiko hitzen zerrenda, ohar eta kartelen ereduak, izen komertziala... Gainera, CD-an norberak bere establezimenduaren beharretara egokitzeko moduan ditu eredu horiek guztiak, eta horrela behar direnean, ordenagailuan moldatu, inprimatu eta klinikan jartzea baino ez dute egin beharko merkatariek.

 

Urola Erdiko enplegu planaren barruan, Iraurgi Berritzenek hileko egiten duen sozioekonomia txostenak datu positiboak erakusten jarraitzen du. Abenduan, 29 lagunek aurkitu dute lana Azkoitian, eta horren ondorioz, langabezia tasa %14,6era jaitsi da hilabete horretan. Hemen duzue bailara osoko sozioekonomia txostena, herriz herriko datuekin eta langabetuen inguruko informazioarekin.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
3
4
9
10
16
17