Odol Emaileen Elkarteak 43 odol emaile omendu zituen, atzo arratsaldean Elkargunean izandako ekitaldian. Aitortza eta eskertza hitzak izan ziren nagusi, bizitzak salbatzen dituztelako erakusten duten altruismoari eta elkartasunari esker. Ekitaldian hartu zuen parte Javier Zubizarreta alkateak.
Azkoitiko herriak eta azkoitiarrek egiten duten ekarpena eredugarria izaten jarraitzen du urtez urte, alkateak gogora ekarri bezala. Javier Zubizarretak eskertza hitzak izan zituen bai odol emaileentzat, bai elkarteko boluntarioentzat, "harro" dagoelako. "Gaur -esan zuen atzoko egunagatik- San Martin eguna da, eta kanpai hotsa ez da eten egun osoan.

San Martin eguna izanik, hainbat eta hainbat ikasle eta herritar igo dira gaur ermitara, usadio zaharrak agindu bezala, kanpaia jotzera. Javier Zubizarreta alkateak ere leial eutsi dio urteroko bisitari, eta Ana Azkoitia alkateordearekin gerturatu da San Martinera.
Eguraldia lagun, jendetza bildu da goiz partean, mezatara joateko, eta baita Munibe Arkeologia Taldeak San Martin Ondaregunean eskainitako bisita gidatuaz gozatzera ere. Arratsaldeko 17:00etan, izango da berriro bisita gidatuan parte hartzeko aukera.
Espero dezagun kanpai hotsek ekaitzak uxatuko dituztela.

Tags: ,

Ahobizi eta Belarriprest txapak datorren astean banatuko dira, hilaren 14tik 17ra

Badator Euskaraldia! Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Zazpi egun falta dira, eta oraindik izena eman ez dutenak oraindik garaiz dabiltza. Herritarrek www.euskaraldia.eus atarian dute izena emateko aukera. Aurreko edizioren batean izena eman zutenek, gainera, ez dituzte datu guztiak berriro eman beharko, parte-hartzea berrestearekin nahikoa da. Edonola ere, udaletxeko eta Elkarguneko harreran izen-emate orriekin batera kutxak jarri dira, herritarrei izen-ematea errazteko.

Tags:

Familientzat edota haur eta gaztetxoentzat ekoiztutako "Munduari itzulia 80 egunetan" antzezlana aurkeztuko du larunbatean Glu Gluk Azkoitian. Hitzordua, hilaren 12an, 18:00etan izango da Baztartxo Antzokian. Sarrerak aurrez eros daitezke www.azkoitia.eus/agenda edo www.entradium.com atarien bidez lau eurotan.
Antzezlanaren egilea Galder Perez da eta Ugaitz Alegriak zuzendua. Andrea Covadongak, Jon Casamayorrek, Sara Barroetak eta Leire Ormazabalek osatzen dute aktore taldea.

Udalak elkarretaratze isilarekin eta lore eskaintzarekin ospatu du gaur Oroimenaren Eguna. Eguerdian, Javier Zubizarreta alkatea buru dela, alderdietako hainbat ordezkari elkartu dira Intsausti aurreko lorategian herriko biktimak oroitzeko. Bost minutuko isilunearen ostean, "Oroimenean" eskultura aurrean lore eskaintza egin dute biktimen omenez.

Azkoitiko Udalak zabalik du etxebizitzaren alokairua ordaintzeko hainbat kolektibori zuzendutako dirulaguntzen eskaera egiteko epea. Laguntza eskatzeko azken eguna azaroaren 29a da.

Alokairua ordaintzeko laguntza eska dezakete 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun urria edota ezgaitasun absolutua duten pertsonek, bananduta edo dibortziatuta daudenek, 65 urtetik gorakoek eta alargunek. Eskatzaileek bizi diren etxea alokairuan izan behar dute, edota abenduaren 29a baino lehen alokairu kontratua sinatzeko konpromisoa hartu.

Tags:

Usadioari jarraituz, kanpai hotsa izango da nagusi herrian ostiralean, hilaren 11n, San Martin egunean. Herritarrek aukera izango dute ermitara igo eta kanpaia dantzan jartzeko. Ohitura zahar horrek jatorria XVI. mendean du. Nonbait 1555ean ekaitzak sekulako kalteak eragin zituen eta handik aurrera, konjuru gisa, laino beltzak ikusi orduko, badaezpada, kanpaia jotzen omen zuten.
Ermitara igotzen direnek, halaber, San Martin ondaregunea bisitatzeko aukera izango dute Munibe Arkeologia Taldearen eskutik. Museoa zabalik egongo da goizez 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara. Bisita gidatuak eskainiko dira 12:00etan eta 17:00etan.

Tags:

Udalak Oroimenaren Eguna ospatuko du ostegunean, azaroaren 10ean herriko biktima guztien memorian. Goizeko 12:00etan, Intsausti Jauregi aurreko zelaian, bost minutuko isilunea egingo da eta lore eskaintza egingo da 2007an biktimak ahanzturan eror ez daitezen jarritako "Oroimenean" eskulturaren aurrean.
Udalak herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egiten die.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
11
12
13
14
18
19
20
21
25
26
27
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra