Azkoitiko Udaleko Ingurumen sailak, Azkoitiko basoen kudeaketa eredu berri bat sustatzeko asmoz, ikastaro bat antolatu du biharko (asteartea). Zehazki, zuhatizen laborantza produktiboa mikorrizazioaren bidez nola landu irakatsiko dute ikastaro horretan. Santiago Liareña alor horretan adituak emango du ikastaroa, 18:30ean Jauregi Baserrian. Ikastaroa irekia izango da, eta nahi duen orok hartu ahal izango du parte.

 

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak 2011an Azkoitiko Udaleko 2010eko kontuak eta hauekin batera Azkoitia Lantzenen aurreko agintaldietan egindako hirigintza jarduera ikertu zituen. Ikerketa prozedura hartan, bai Azkoitiko Udalak baita Asier Aranbarrik (garai hartako Azkoitiko Alkatea eta Azkoitia Lantzeneko presidentea) alegazioak egin zituzten, azken honek interesdun moduan, bere kudeaketa eta bere erabakiak justifikatu eta defendatzeko asmoz. Informazio hori guztia kontutan hartuta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak, 2010eko Fiskalizazio Txostena atera zuen iaz (2013) eta bertan Azkoitia Lantzenen inguruan hainbat irregulartasun antzeman zituen. Hori dela eta, egindako urraketak argitzeko eta erantzuleak aurkitzeko, ofizioz, bi ikerketa zabaldu dira bi epaitegi desberdinetan:

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesuaren bigarren fasea hasi du, eta herriz herri bilerak ari da eskaintzen. Azkoitian gaur izango da bilera, eta bertan azalduko dute proposamena. Hasiera batean 19:00etarako jarria zuten hitzordua, baina 18:30ean izango da azkenean, Elkargunean. Herritarrek beraien ekarpenak egin ahal izango dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat eskualdetan autobus garraio zerbitzua berria jarri behar zuen (emakidak iraungita daudelako), eta hori aprobetxatu du ohiko eran egin beharrean herritarren parte hartzearekin egiteko. Horregatik, 2013ko urrian zerbitzua berritzeko prozesua martxan jarri zuen, eta orain prozesu horretako bigarren parte hartze prozesua hastera doa, inoiz Gipuzkoan egin den parte hartze prozesu zabalenetako batean.

 

Mintzalaguneko kideek patata tortilla txapelketa egingo dute ostiral arratsaldean (hilak 11) Kontzejupean. Mintzakide den edonork hartu dezake parte, taldeka (2-6 laguneko taldeak), eta osagaiak antolatzaileek jarriko dituzte: patata kilo bat taldeko, dozena arrautza taldeko, tipula bat taldeko, olio boteila bat bi talderen artean partekatzeko eta gatza. Tortillak Kontzejupean egin beharko dira, bertan hasi eta amaitu eta talde bakoitzak zartagina, ontzia, mahai-tresnak eta beharko lituzkeen platerak ekarri beharko ditu. Sua bertan egongo da.Txapelketaren ondoren, afari-merienda egingo dute prestatutako tortillekin. Lehiaketarako izen emateko deitu AEKra: 943 15 10 89 / 607 612 697 ala idatzi mezua oihanae@ aek.org e-postara. (Hemen dituzue oinarriak)

Ehunka herritarrek hartu zuten parte atzo Udalak hondakinen sistema berriaren ingurukoak azaltzeko egindako bi bileretan. Bertan, sistema berriaren ingurukoak azaldu zituen Udalak aurrena: batetik, sistema hori aukeratzeko egindako partaidetza prozesua azaldu zuten, eta bestetik, sistemaren beraren alde teknikoa azaldu zuten. Ondoren, herritarrek zituzten galdera eta zalantza erantzun zituzten udal ordezkariek. Sistema berriaren inguruko aurreneko bilera izan zen atzokoa eta herritarrak behar bezala informatzeko eta sistema aldaketa ahalik eta errazen egiteko informazio eta sentsibilizazio kanpainak jarriko ditu laster Udalak.

'Herritarrekin herrira' ekimenaren barruan, azkoitiarren kezkak eta proiektuak gertutik ezagutzera etorriko da ostegunean Martin Garitano, zenbait foru ordezkariekin batera. Ahaldun nagusia 11:00etan iritsiko da udaletxera, eta hortik aurrera, herriko talde eta eragile ezberdinekin bilduko da egun osoan zehar: besteak beste, San Jose Egoitzan, Urrategi auzoan edo Matadeixen izango da bertako azkoitiarrekin hitz egin eta euren berri jakiten. Arratsaldean, berriz, herritarrekin bilera irekia egingo du, 19:00etan, Elkargunean. Azkoitiar guztiak gonbidatzen ditu Garitanok bilera horretara, euren kezka, galdera eta proiektuak entzun eta erantzuteko egongo baita bertan.

Udalaren euskara zerbitzuek ematen dituzten diru-laguntzak eskatu daitezke jada. Zehazki, honako diru-laguntzak eskaintzen ditu Udalak: ohiko euskara jarduerak bideratzeko; euskara ikasteko; ida ikastaroetarako; errotulua euskaraz jartzeko; irudi korporatiboa euskaratzeko; web orria euskaraz sortzeko; programa informatikoak euskaraz jartzeko eta euskara jarduera puntualetarako. Diru-laguntza horietako bakoitzak eskatzeko epe ezberdinak dituzte, eta hemen dituzue kontsultagai.

Maiatzaren 25eko Europako Batasunerako hauteskundeetan parte hartu dezaketen herritarren hautesle zerrenda jada kontsultagai dago udaletxean. Gaurtik apirilaren 14ra bitartean egongo da ikusgai, herritarren arreta zerbitzuan, eta herritarrek epe hori izango dute euren datuak behar bezala jasota daudela baieztatzeko.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
11
12
13
14
18
19
20
21
25
26
27