Urolab taldeak (Urolan ekintzailetasunaren kultura bultzatu nahi duen talde irekia)  eta Azpeitiko Gaztetxeak, elkarlanean, ekitaldi berri bat prestatu dute datorren ostiralerako (martxoak 28rako): Pintxo ta Mintzo. Ekintza hau, Urolab taldeak urtarrilean jarri zuen "12 hilabete, 12  ekintza" helburuaren barnean kokatzen da, eta ekintzailetasuna sustatzen jarraitzeko asmoa du. Martxoko azken ostiralean, ekintzailetasunaren inguruan eztabaidatzeko mahai  inguru bat antolatu da Azpeitiko Gaztetxean. Bertan, ekintzaile ezberdinen kasuak ezagutzeaz gain, gai horren inguruko hainbat alor landuko dira mahai inguruan. Besteak beste, ekintzailetasunak bailaran duen egoera, ekintzailetasunak  lanpostuen sorreran duen eragina, ekintzailetasunaren kultura bultzatzea, e.a. Mahai ingurua girotzen laguntzeko, parte hartzaileek jan-edanean aritzeko aukera izango dute. Horretarako, aurrez, 3 € ordaindu beharko dira. 19:30ean hasiko da ekimena.

Urola Erdiko Mankomunitateak ikastaroa emango du ostegunean (martxoak 27), bosgarren edukiontziaren erabileraren nondik norakoak azaltzeko. Beraz, etxeko hondakin organikoa jasotzeko erabiltzen den edukiontzi hori erabiltzen hasi nahi dutenek ordutegi honetan izango dute ikastaroa egiteko aukera; goizez 11:00tatik 12:00etara bitartean eta arratsaldez 18:00etatik 19:00etara, Elkargunean. Ikastaroaren iraupena 15 minutukoa izango da gutxi gorabehera. Ikastaroan parte hartuko dutenei bosgarren edukiontzia erabiltzeko argibideak, etxerako edukiontzi txikia, poltsa biodegradagarriak eta kaleko edukiontzi marroiko giltza emango zaizkie.

Gipuzkoako gainerako udalerriek bezala, Azkoitiko udalak ere SEPA sistema jarriko du martxan kontuhartzailetzan, eta horrek aldatu egingo da herritarrek udal ordainagirien inguruan jasotzen duten banku-informazioa. Hala, banketxeak bidaltzen duen ordainagirian oinarrizko datuak agertuko dira eta horrekin batera, beharrezko erreferentzia eta klabea ere bai, ondorengo web-orri honetan ordainagiriaren xehetasunak ikusi ahal izateko:

http://dokumentuak.gipuzkoa.net

Egutegi fiskalaren arabera, Ibilgailuen gaineko Zerga martxoaren 25ean kobratzekoa zen Udala zerga hori helbideratuta zuten herritarrei. Arazo teknikoak medio, ordainketa hori atzeratu egin da eta apirilaren 2an kobratuko dute azkenean.

Apirilaren 26an egingo da umeen danborrada, aurten ere Pazko Asteko larunbat arratsaldean. Iaz erabaki zute egunez aldatzea antolatzaileek, eta izandako arrakastaren ondorioz aurten ere data hori mantentzea erabaki dute. Eta aurten ere berrikuntzekin dator, batez ere berdintasunaren ikuspegitik. Hala, karrozan LH1eko neskak eta mutilak aterako dira, baserritar jantzita, eta zozketa bidez aukeratuko dituzte. Horrez gain, DBHko taldea mixtoa izango da, eta neskak eta mutilak elkarrekin aterako dira sukaldari jantzita, eta antolatzaileek gogorazi nahi dute bai banderadun eta bai kantinera/o ateratzeko aukera neska zein mutilek dutela. Hauek aukeratzeko ere zozketa egingo da. Danborra jaotzen ateratzeko gutxieneko adina, berriz, aldatu egin da eta LH2tik aurrerako umeek aterako dira. Entseguak martxoaren 31n hasiko dira, eta honako egunetan egingo dira: astelehen, asteazken eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara, Gurea frontoian.

 

Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Iraurgi Berritzenenn bidez eta Urola Erdia bailarako gainerako udalerriekin batera, eskualdeko mapa industriala osatzeko prozesua abian jarri dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Europar Batasunaren laguntzarekin egiten hasi diren proiektuaren helburua eskualdean kokatzen diren 327 enpresen jarduerari eta gaitasunen inguruko informazioa bildu eta elkarlanerako nahiz aukera industrial berriak detektatzea da. Arduradunek enpresak animatu nahi dituzte proiektuan kolaboratzera; "Dugun egoeraren jakitun gara, baina ezin dugu geldirik egon, jarrera pro-aktiboa behar dugu. Horregatik, ahalik eta informazio zabalena behar dugu, ez jarduera eta produktuei buruz bakarrik, gaitasunei, proiektu eta erronken ingurukoak ere. Horrekin ikusiko dugu zein harreman posible egon daitezkeen eskualdeko enpresen artean, eta noski, bailaraz kanpokoekin ere", esan du Iraurgi Berritzeneko arduradun Jesus Agirrek.

 

Herri historia berreskuratzeko Matadeiko bekarako proiektuak aurkezteko epea martxoaren 31n amaitzen da, beraz, interesatuek astebete dute lanak entregatzeko. Animatu eta parte hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Hemen duzue bekaren inguruko informazio osoa.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
11
12
13
14
18
19
20
21
25
26
27