Pol Alvarez (Tarrasa, 1999) organista kataluniar gaztea izango da igande honetan Azkoitiko Hiri Gutunaren 700. urteurrenaren harira, eskainiko den kontzertuaren protagonista. Kontzertista bertutetsua Cavaillé-Coll organo handiaren teklatuaren aurrean jarriko da, Jürgen Essl konpositore alemaniarraren “Azkoitiana” obraren bigarren zatiaren estreinaldian, "Azkoitiana II: Intermezzo", hain zuzen. Konposizioaren lehen zatia martxoan estreinatu zen, eta igandeko errezitaldian obra osoa interpretatuko du. Kontzertua igandean, hilaren 7an, 18:00etan izango da Parrokian.

Udalak bukatu ditu Urrategi auzoko bide konponketa lanak. Zehazki, 600 metro inguru luzerako bide tartea hobetu da, Urrategi eta Zabaletaberri baserrien arteko bidea, hain zuzen. Lanen aurrekontua 86.299 eurokoa da.
Besteak beste, bide-zorua garbitu eta aratu da, asfaltatu, euri-ureei irteera emateko hoditeria jarri da, eta arketak ere eraiki dira.

Tags:

Karga emozional eta sinboliko handiarekin. Horrela eman die hasiera Azkoitiak bere Hiri Gutunaren 700. urteurrena ospatzeko ekitaldiei. 1324ko urtarrilaren 4an, Alfontso XI.a erregeak Hiri Gutuna eman zion Azkoitiko herribilduari. Gaur arratsaldean egun hura gogoratu nahi izan da, urtean zehar ospatuko diren ekitaldiak ofizialki inauguratuz.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak bihar zaldiz iritsiko dira Azkoitira goxokiak eta opariak banatzeko. 160 lagun inguruk hartuko dute parte kabalkadan, antortxero, armatu, Musika Bandako kide edota antolakuntzako boluntarioen artean, besteak beste.
Udalak Errege Magoen magiari eta kabalkadaren tradizioari eusten laguntzen duten partaide guztiei bere esker ona adierazi nahi die. Sustatuz elkartea arduratzen da Errege Magoen desfilea eta Aste Santuko prozesioak antolatzeaz, betiere Udalarekin elkarlanean.

Artxamendi Topalekuak urte sasoi honetan antolatu ohi duen Gazte Astearen baitan, patata tortilla lehiaketa egin da gaur goizean Kontzejupean, eta zein baino zein hobeto aritu dira. 17 taldek hartu dute parte, berrogeitaka lagunek, alegia.
Inge Larrañagak, Araitz Blancok eta Jare Azkoitiak irabazi dute aurtengo tortilla lehiaketa. Zorionak!

1324ko urtarrilaren 4an, Alfontso XI.a erregeak Hiri Gutuna eman zion Azkoitiko hiribilduari. Urteurreneko ospakizun ekitaldiak prestatzen ari den batzordea buru-belarri aritu da lanean merezi duen hasiera emateko, eta hilaren 4an inauguratuko da ofizialki Azkoitia 700. Urte osora zabalduko dira ekitaldiak.
Urteurrenaren ospakizun irekierak karga sinbolikoa izango du. San Martin argiztatuko da, eta herriko elizetako eta Parrokiko kanpaien errepika solemneak emango diete hasiera ospakizunei.

Goizeko hamaika t’erdiak inguruan iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Azkoitira. San Martin aldetik jaitsi dira eta Ludotekako haurrekin elkartu ostean, kalez kale ibili da bikotea. Eliz atarian jarria zuten hitzordua haurrekin, eta bertan jaso dituzte Olentzerok eta Mari Dominginek azken gutunak.

Udalak eskertza egin dio herriko merkataritza txikiari, eguerdian udaletxean egindako ekitaldian. Herrixen elkartearekin batera, Udalak aitortza egin die Gabonetako erakusleiho erakusketan parte hartu duten establezimenduei.
Ekitaldian, Ana Azkoitia alkateak herriko merkataritza goraipatu nahi izan du. Badakigu bizi dugun hau ez dela urrezko aroa denda txikientzat, gauzak zaildu egin zaizkizuela. Guk, ordea, herriak eta herritarrok, behar zaituztegu. Behar zaituztegu. Saltokiak baino gehiago zarete. Topalekuak ere badira zuenak, solasaldirako guneak. Kontsolatzeko, eta konfesatzeko, beharbada. Eguraldiaz eta eguneroko komeriez hitz egiteko. Hartu-eman digitalek izango dituzte abantailak, baina aurrez aurreko konpainiak ez du konparaziorik. Zuek hori eta gehiago ematen duzue. Erakusleihoak oparitu dizkiguzue, eta guk, gaur irribarre bat atera nahi dizuegu”.

Tags: