Azkoitiko Udalak ingurumenarekin lotutako jarduerak edo programak gauzatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik du. Eskaera egiteko azken eguna maiatzaren 7a da.
Onuradunak izan daitezke irabazi asmorik ez duten eta euren jarduera-eremua Azkoitian duten entitate, elkarte, klub, erakunde edota sozietateak. Baita ingurumenaren alde lan egiteko eskuarki Azkoitian elkartzen diren gizabanako eta taldeak ere.

Tags:

Udala garatzen ari den aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan, hirugarren bilera datorren astelehenean izango da, martxoaren 25ean 18:00etan, Elkargunean (Altzibar gelan).
Hirugarren lan saioan proposamenak aztertuko dira, aukeraketa bat egin eta ondoren, parte-hartze prozesua zabaldu eta herritarrei galdetzeko.
Prozesua zazpi lan fasetan dago banatua, eta ekainean itxiko da.

Usadioari eutsiz, Azkoitian ohiko prozesioak egingo dira Aste Santuan, tradizioa, erlijiotasuna eta interes turistikoa uztartzen dituen ospakizunei bide emanez.
Aste Santuko egitaraua Iraurgi Abesbatzak irekiko du larunbat honetan, hilaren 23an, 20:00etan Parrokian emango duen kontzertu sakratuarekin. Hurrengo egunean, Erramu Egunean, erremu bedeinkatzea egingo da Herriko plazan.

Tags:

Datorren igandean Emakumeen Eskuz Binakako Txapelketaren kanporaketa jokatuko da Gurea pilotalekuan, Ados Pilota, emakume profesionalen elkartearen eskutik.
Bi partidu jokatuko dira. Barrokal eta Agirre, Etxekolonea eta Mendibururen aurka arituko dira; eta Zabaleta eta Zabala, berriz, Arrieta eta R.L. Mujikaren aurka lehiatuko dira.
Partiduak, hilaren 24an, 11:30ean hasiko dira Azkoitiko frontoian.
Ados Pilota 2022an sortu zen emakume pilotariei ikusgarritasuna eman eta frontoiak emakumeenak ere badirela erakusteko, berdintasunean eta duintasunez jokatu ahal izateko testuingurua sortzeko xedez. Ordutik, ibilbide polita egin du, eta igandean herritarrek aukera izango dute emakume pilotariek kantxan ematen duten kirol ikuskizunaz gozatzeko.

Apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako mahaikideen zozketa martxoaren 21ean, ostegunean egingo da, goizeko 9:00etan. Behin zozketa eginda, herritarrek jakin ahalko dute Azkoitiko Udalaren webgunean sartuta, hauteskunde mahaian egotea tokatu zaien edo ez. Kontsulta eguerdi partetik aurrera ahalbidetuko da.

Gaur hasi eta hilaren 22ra, ostiralera arte, San Jose Egoitzan bertako jaiak ospatuko dituzte. Ikastetxeetako ikasleen bisitak izango dituzte eta bestelako hainbat jarduera.

Urtero legez, astean zehar Floreaga Ikastetxeko, Bizilore Eskola Aktiboko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleak joango dira bisitan, eta baita Bizkargi Musika eta Dantza Eskolakoak ere. Gazteek entretenimendua eskainiko diete euren kantu, dantza edo bertso emanaldiekin.

Badator 23. Korrika” Irundik Baionarako bidean, asteazken goizean igaroko da Azkoititik, goizean goiz, 05:31n aurreikusitako ordutegiaren arabera.
Harro Herri lelopean, Udalak 1464 kilometroan eramango du lekukoa. Txerloian, Txikigolf parean, hartuko du lekukoa Ana Azkoitia alkateak, eta alderdi guztietako ordezkariek txandaka eramango dute GI-2634 errepidetik barrena. Julio Urkixo hiribidetik sartuko dira korrikalariak herrigunera, eta Kale Nagusia zeharkatuko dute, Altzibarrera iritsi, eta Zumarragako bideari heltzeko. Ondoren, AEKren eskutik, txokolatada egingo da plazan.

Tags:

Azkoitiazpeitia Maratoi Erdiak kultura, festa eta kirola uztartuko ditu 31. edizioan. Datorren larunbatean, hilaren 23an, ospatuko den lasterketa indarrean dator, eta ikuskizuna eta gozamena izango dira nagusi. Hain justu, antolakuntzak, Agustin Jimenezen eskutik, aurtengo lasterketaren nondik-norakoak aurkeztu ditu. Jimenezek bidelagun izan ditu bi herrietako udal ordezkariak, Iraurgi Berritzeneko eta Gipuzkoako Atletismo Federaziokoak, Marea Urdina, eta enpresa babesleetako arduradunak. Diego Garciaren arreba, Carmen Garcia, ere bertan izan da.

Tags:

Al Ar Az Og Or Lr Ig