Familia giroan programaren barruan, beste ekintza bat antolatu du Abarketatxo ludoketak martxoaren 17rako. 0 eta 12 urte aretko haur eta haien gurasoentzat "Gu ere pilotari!!" ekintza antolatu du, guraso, haur eta beste familien arteko harremanak errazteko, dibertsio, jolas eta irteeren bidez. Plaza mugatuak dira, eta izena martxoaren 13a baino lehen eman behar da, Abarketatxo Ludotekan bertan.

 

Urola Erdiko Mankomunitateak 2012ko hondakinen kudeaketa datuak eman ditu eta ondorio aipagarriak erakutsi dituzte datu horiek: 13.323.767,01 kilo hondakin sortu ziren eskualdean iaz. Lapatxen gertutasuna kontuan harturik, oraindik, gaur, eta zabortegiek sortzen dituzten arazoen eta ongizatean sortzen duen kaltearen jakitun, 9.000 tona hondakin botatzen jarraitzen da eskualdean, bereizi gabe eta batez beste, pertsonako 300 kilo errefusatik gora sortu dituzte urtean bailarako herritarrek. Bereizte eta berziklatze datuak hobetzen ari dira urtetik urtera, baina oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu du Leire Etxaniz mankomunitateko lehendakariak, eta bide horretan lanean segituko dutela adierazi du.

 

Iazkoak izandako arrakasta ikusita aurten ere II. MINTZALAGUN PINTXO LEHIAKETA egin da. Otsailaren 22an egin zen, Elkargunean, eta zortzi taldek hartu zuten parte. Mikel Alkorta, Javier Camon eta Agurtzane Epelde epaimahaikideen hitzetan, egindako pintxoek goxoak, landuak, imajinazioz aurkeztuak eta maila oso altukoak izan ziren. Azkenean, Juan Karlos Merino, Pili Jimenez, Delia Santamaria, Jose Mari Darias eta Lurdes Albonigak osatutako taldearen pintxoa izendatu zuten onena, Karakola eta barea izeneko mokadutxoa hain justu. Irabazleek Koxka tabernan afaria irabazi zuten.

 

Luiziaren eta azken egunetako elurtearen ondorioz. Martitteko festak bertan behera uztea erabaki dute auzotarrek. Beraz, martxoaren 1etik 3rako astebururako iragarrita zeuden ekitaldiak ez dira egingo.

Iraurgi Lantzenek eta Oinarri SGR berme elkarteak akordioa sinatu dute Urolako enpresen finantziazioaren inguruan. Hitzarmen horren arabera, Oinarri SGRk ohikoak baino finantziazio baldintza hobeak -epeei zein kostuei dagokienez- eskainiko dizkie Azkoitiko eta Azpeitiko enpresa txiki eta ertainei.

 

Elurrak elur, Herrixen merkatarien elkarteak asteburuan antolatutako Outlet azoka arrakastatsua izan da. Hala baloratu dute antolatzaileek. Eguraldi txarra egin duela kontuan hartuta, eta egoera ekonomiko zaila aintzat hartuta, iaz adina jende ibili dela kalkulatu du Herrixenek, eta horregatik gustura daude emaitzekin. Umeentzat jarri zuten zaintza zerbitzuak ere arrakasta handia izan zuen eta haur asko ibili ziren zaintzaileekin.

Euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko, auzotarrak (euskaraz dakiten herritarrak) eta auzokideak (euskaratik urrun daudenak) elkartu eta harreman sare bat sortzeko eta herritarrak Azkoitiko hizkuntz aniztasunaz jabetzen laguntzeko helburuarekin, Auzoko programa martxan jarri du Azkoitiko Udalak. Aurrena, herria kartelez josi eta jakinmin kanpaina bat egin da, eta orain lehiaketa bat abiatu da: "Zenbat hizkuntza hitz egiten dira munduan?". Galdera horren erantzuna herriko karteletan dago, eta partehartzaileek hura topatu eta Elkargunean eta ikastetxeetan jarriko diren kutxetan sartu beharko dute. Horren ondotik, Auzoko lagun taldea sortuko da, programaren funtsa, astean behin elkartu eta auzotar eta auzokideen arteko harremanak sendotzeko. Tere Aldalur izango da programaren dinamizatzailea.

 

Larunbat eta igandean izango da Herrixen merkatarien elkarteak antolatzen duen outlet azoka. Elkargunean izango, da, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta aurten berrikuntzekin dator: 3 eta 10 urteko umeentzat zaintza zerbitzua egongo da, gurasoek erosketak lasai egiteko modua izan dezaten. Haurren zaintza zerbitzuaren ordutegia honakoa da: larunbatean 10:00etatik 13:00era eta eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandean 10:00etatik 13:00era.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig