Teknologia berrien inguruko ikastaroak ematen jarraitzen du KZ guneak, eta apirileko programa ere martxan du jada. Guztira sei ikastaro emango ditu hil honetan, denak ere doan: e-administrazioa, google apps, oinarrizko Internet, irudia eta soinua eta sare sozialak 2.0. Izena eman daiteke jada Elkargunean (han dago kokatuta KZ gunea) edo e-mail bidez, tHelbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean.

Auzoko lagun taldea ari da pixkanaka-pixkanaka potolotzen. Aurreneko asteko saioan 10 lagun bildu ziren, eta beste bost lagunek izena eman dute jada. Lagun talde hau astelehenero biltzen da, euskarara hurbildu eta elkar ezagutzeko. Berriketan egiteaz gain, aniztasun festarako performance bat prestatzen ari dira eta bertso eskolara eta xakeko taldera joatekoak ere badira, besteak beste. Saioak irekiak dira eta herritar guzti-guztiak daude gonbidatuta, bai euskaraz dakitenak bai ez dakitenak ere. Hurrengo hitzordua datorren astelehenean izango da, 18:00etan, Elkargunean.

 

Zubiak Errotzen programaren barruan, emakumeen euskara taldeak saio berezia izango du egunotan: apirilaren 2an haurrekin euskarazko jolasak ezagutzeko aukera izango da, nahi duen ororentzat. Elkargunean izango da ekimena, 09:30etatik 11:30era. Saioa irekia izango da eta herriko ama eta haur guztiak gonbidatuta daude.

Mendez mende Azkoitiko eta bailarako sutondoetan kontatu izan diren ipuinak entzuteko aukera eskainiko du, beste behin, Aizkibel liburutegiak. Izan ere, Gurutz Garmendia ipuin kontalariak Izarraitz magalean kontatu izan diren ipuin, kondaira, kontakizun eta pasadizoak kontatuko ditu, modu parte hartzailean. Kontakizun zahar horiek "Basoko Damaren ipuin sorta" liburuxkan daude bilduta, eta hori oinarri hartuta emango du ikuskizuna Garmendiak. Apirilaren 2an izango da kontakizuna, 09:30etik 11:30era.

Azkoitiko eta Bergarako udalek Elosu auzoan hainbat hobekuntzat egiteko akordioa sinatu dute. Zehazki esanda, honako lanak egingo dira auzo horretan: 39 aparkaleku, umeentzako jolas-eremu bat, eta erabilera anitzeko proba leku bat egingo dituzte. Azkoitiko partean 22 aparkaleku eta proba lekua egingo dira eta Bergarako eremuan beste 17 aparkaleku eta umeentzako jolas eremua. Aulkiak jarri eta zuhaitzak ere landatuko dira. Gaur sinatu dute lanak egiteko akordioa eta urriaren 12ko Pilariketako feriarako eginda izatea espero dute.

 

Aste Santuko oporrak direla Aizkibel liburutegiak ordutegi berezia izango du:

- Martxoaren 28tik apirilaren 2ra arte liburutegia itxita izango da.
- Apirilaren 2tik 7ra betiko ordutegian irekiko du:
Goizez 9.30 - 13.30
Arratsaldez 16.00 - 20.00

Taxi geltokia Julio Urkixotik Ibai Ondora aldatzea erabaki du Udalak. Izan ere, taxilariek eurek eskatu zuten aldaketa egitea, orain arteko geltokian ez zeudelako eroso: bateriako aparkalekuak oso gertu zituzten, autobus geltokia ere aurrean, eta horrek maniobrak egitea eragozten zieten askotan. Taxilarien proposamenari jarriki eta bideragarritasuna aztertu ostean, geltokia Ibai Ondora pasatzea erabaki du Udalak.

Azkoitian bizi diren etorkinen inguruan zurrumurru eta iritzi oker ugari dago eta horrek hainbat errezelo sortzen ditu herrian. Horri buelta eman asmoz, azterketa bat egitea erabaki du Aniztasun Kontseiluak: hala, iritzi horiek bildu, aztertu, eta egiazkoak diren ala ez konprobatu ondoren, benetako informazioa kaleratuko du.

Eta horretarako herritarren laguntza eskatzen du. Inkesta bat prestatu du eta galdetegi horri ahalik eta azkoitiar gehienek erantzutea nahiko luke. Horri honetan bertan duzue galdetegia, eta bete ostean, Elkargunean, udal liburutegian eta udaletxeko harreran jarriko diren kutxa batzuetan utzi beharko duzue.

Herritar guztion iritzia da garrantzitsua eta horregatik eskatzen zaizue parte hartzeko. Azkoitiko elkarbizitza hobetzea da helburua. Beraz, animatu, bete inkesta eta utzi kutxetan.

Al Ar Az Og Or Lr Ig