Abenduaren 26an kalean agertu zen astoaren jabea azaldu da azkenean. Orain egun gutxi jarri zen astoaren jabea Udaltzaingoarekin harremanetan eta dagoeneko eraman du bere baserrira. Udaltzaingoak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, kontu honetan erakutsitako laguntzagatik.

Urte berria hasteko "bi albiste on" eman ditu Azkoitiko Udalak. Hala adierazi du Pello Bastarrika alkateak. Izan ere, batetik, Bernando Ecenarro enpresa herria etortzeko beharrezko azkeneko tramiteak egin ziren iragan astean, eta horren ondotik, astelehenean bertan (urtarrilak 7) hasiko dira eraikin berria egiteko zimentazio lanak. Bastarrikak azaldu duenez, azken hilabeteetan egindako ahalegin, gestio eta bilera ugariren emaitza izan da albistea, eta "oso gustura" daude ahalegin horren fruituarekin. Horrez gain, Santa Klara kaleko etxebizitza berrien inguruan zegoen korapiloa askatzea ere lortu du Udalak, eta horrekin ere gustura agertu da alkatea.

 

Iaz, 30 lagunek atera zuten gidabaimena euskaraz, eta ahalegin hori aitortu nahi izan die gaur Udalak lagun horiei: lorpen hori txalotzeko, diploma bana eman die, eta guztien artean bi afari zozkatu ditu, opari gisa.Gorka Zubizarreta eta Borja Zubizarretak irabazi dituzte bi afariok. Agurtzane Epelde Euskara zinegotziak banan bana zoriondu ditu gidabaimena euskaraz atera duten lagunak, eta Etxaniz Autoeskolari bereziki eskertu dio euskararen alde urteetan egiten ari den ahalegina.

 

Unai Usabiaga, Jon Joseba Aierdi eta Jon Gerrerok egin dute 2013ko Gazte Asteko tortila goxoena. Hala erabaki du, behintzat, Pello Bastarrika alkateak eta Iñaxio Gorosabel eta Ibon Arrieta zinegotziek osatutako epaimahaiak. Guztira 14 taldek hartu dute parte beste horrenbeste tortila eginda, eta txapelketa egin ostean, guztien artean jan dituzte prestatutako tortilak. Arratsaldean mus eta eskoba txapelketa egingo dituzte, Artxamendin.

Etzi (larunbata) egingo den Erregeen kabalgatan paje gisa ateratzeko boluntarioak behar dira. Horregatik, kabalgatan antortxekin ateratzeko prest daudenei 18:30ean Santa Klarara agertzeko dei egiten die Udalak, beharrezko jantziak jantzi, aurpegia margotu eta guztia antolatzeko. Kabalgata 19:30ean hasiko da.

Umeentzako zine emanaldi berezian antolatu ditu Kultura sailak gaur (asteazkena) eta ostiralean. Txikienei zuzendutako bi filma emango dira, biak euskaraz. Gaur, ' The wish fish" pelikula egongo da ikusgai, eta ostiralean, "Malutatxo". Bai gaurko eta bai ostiraleko emanaldiak 17:15ean izango dira.

Gaurtik (asteazkena) asteburura bitartean Gazte Astea izango da herrian, Udalaren Gazteria Sailak antolatuta. Goizean hasi dira ekintzak, Artxamendin, eta dagoeneko Scalestrixean, bideo jokoetan eta ping-pong-ean jolasten ari dira haur eta gazteak. Arratsaldean, berriz, taillerrak izango dira, eta  bihar patata tortila eta mus eta eskoba txapelketa. Etzi amaituko dute Gazte Astea, futbito txapelketa eta merendolarekin. Hemen duzue egitarau osoa.

Larunbatean itxi zituen ateak Gabonetako haur parkeak eta arrakasta itzela izan du irekita egon den hiru egunetan: 1.000 lagun baino gehiagok hartu dute parte da bertan antolatutako ekintzetan. Puzgarriak, margotzeko tailerrak... adin guztietako umeen neurrirako ekintzak egin dituzte aurtengoan ere, guztiak ere dinamizatzaileek gidatuta, eta ondo baino hobeto gozatu dute bertaratu diren ume zein gurasoek. Ostegun eta ostiralean ibili da lagun gehien, behin behineko datuen arabera.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra